Zokomiran
Logika
Joxin Iturriotz
Futbola kirola da. Arrauna kirola da. Beraz, futbola eta arrauna gauza bera dira.
ETA euskararen alde dago. Gu euskararen alde gaude. Beraz, gu ETAkoak gara, helburu berberak ditugulako.
Logika horrekin Egunkaria-ren arduradun bakoitzari hamabi eta hamalau urteko espetxe zigorra ezarri nahi diote, Egunkaria aurrera ateratzeagatik, hori ETAri laguntzea baita.
Logika berbera ezarri dute Udalbiltzako aferan ere, eta gure herritar Miren Odriozolari hamar urteko kartzela zigorra eskatzen diote. Eutsi goiari, Miren!
Eta kartzela zigorrak eskatzen dituzten horiek berberak dira euskara ideologien gainetik dagoela esaten dutenak. Horiek dira euskara museoan gorde nahi dutenak, euren ideologiari men eginez.
Nik, eta nik bezala hainbat azpeitiar eta herritarrek, Egunkaria-ren akzioak eskuratu genituen. Eskuratu baino gehiago pagatu, akzio horiekin ez baitago etekin ekonomikorik. Euskaraz bizi ahal izatea, eguneroko prentsa euskaraz irakurri ahal izatea, hori da etekina, horri negozioa dei badakioke.
Baina dirua jaungoiko bakarra den gizarte honetan, eta egunkariak kontrol ideologikorako tresna baino ez direnean, nola ulertu ondar ale hori eman izana Egunkaria-ren hondartza sortzeko?
Ez, Madrilen ez dute sekula ulertuko dirua musutruk ematea euskaraz bizi ahal izateko.
Gaitzerdi hemengoek ulertuko balute!
|