Uztarria.com, Azpeitiko ataiye 2008ko urriyek 13,  ASTELEHENA

Hemen zaude: Azpeitiko ataiye »  Aldizkaria »  2007 »  Abuztua »  Lankidetzaren beharra

 ALDIZKARIA

 ORRI HAU...

 

ueuskara : Lankidetzaren beharra

Lankidetzaren beharra

Ane Aranburu

Kontseiluak eta Uztarriak Azpeitiko Udalari euskararen normalizazio prozesuan elkarrekin lan egiteko dei egin diote berriz ere

Azpeitian Bai Euskarari Ziurtagiria duten eragile batzuk, uztailaren 5ean Enparan Dorretxean, banaketa ekitaldian.  

Azpeitiko Udalak eta Uztarria Kultur Koordinakundeak-Kontseiluak 2004ko martxoan euskararen normalizaziorako hitzarmena sinatu zuten, elkarrekin egiteko lana, baina akordio hura hautsi egin zen 2005 hasieran, desadostasunak medio. Harrezkero, Uztarria saiatu izan da hitzarmen berria egiten, beste proposamen bat eginez, Kontseiluak ere azpimarratu izan du elkarlanaren beharra, baina ez da posible izan.

Uztarriak eta Kontseiluak berriro atera dute gaia, uztailean Azpeitiko enpresa, denda eta entitateek Bai Euskarari Ziurtagiria jasotzeko banaketa ekitaldia egin zela-eta. Xabier Mendiguren Kontseiluaren idazkari nagusiak dio “Azpeitiko Udalarekin berriro elkarlana lortzea” izango dela aurrera begirako helburuetako bat. “Euskalduntasun handiko herria da Azpeitia. Euskalgintzak, oro har, oso ondo lan egiten du. Euskararen normalizazioaren aldeko lan hori herri osora zabaltzeko Udalarekin hartu-eman egokia beharko genuke”. Prozesua ahalik eta eraginkorrena izan dadin, “eragile guztien elkarlana beharrezkoa” dela uste du Mendigurenek, eta beste herrietan, “Udalean edozein dagoela ere, euskararen gaian prest dagoen edozein alderdirekin hitzarmenak” egiten dituztela nabarmendu du. “Instituzioek, euskalgintzak eta herri mugimenduak elkar hartuta lan egin behar dugu gai honetan”.

Nazionala. Iritzi berekoa da Uztarria. “Bada garaia Azpeitian euskararen normalizaziorako plan bateratua izateko”, diote Mikel Arregi Uztarriaren Euskara taldeko kideak. Horretarako beharrezkoa deritzo Udala, euskalgintza eta gizarte eragileak batera aritzea. Horrez gain, Uztarriak “ezinbestekoa” dela uste du normalizazio planetan hasten diren eragileei “ziurtagiri bakarra” eskaintzea: Bai Euskarari Ziurtagiria. “Izan ere, euskararen normalizazioa nazio mailako helburua da eta Bai Euskarari Ziurtagiria da nazio izaera duen ziurtagiri bakarra, euskalgintza eta Udala batera aritzea bermatzen duen nazio ziurtagiria”. Udalak bere agiri propioa dauka: Hebe.

Azpeitian Bai Euskarari Akordioari 2003an ekin zioten Uztarriak eta Kontseiluak, eta gaur egun herrian 38 eragilek daukate ziurtagiri hori.

Uztarriak jakin duenez, Udala orain Euskara Batzordean normalizazioaren gaia aztertzen ari bada ere, Bai Euskarari Ziurtagiriaren proiektuari heldu egingo dio. Hain zuzen, aurtengo banaketa ekitaldian izan zen Ińaki Errazkin alkatea.

uztarria.com: Uztarria Komunikazio Taldea
Perez Arregi 1 behea 20730 Azpeitia
Harremanetarako: formularioa, e-posta: uztarria[a bildua]uztarria.com telefonoa: 943150358
Babesleak: Azpeitiko Udala, Gipuzkoako Foru Aldundia eta Eusko Jaurlaritza (Kultura)
Sareko Argia 2005 - Estatistikak

Uztarriak ez du bere gain hartzen webgunean adierazitako esanen eta iritzien erantzukizunik
Parte hartzeko arauak