Uztarria.com, Azpeitiko ataiye 2008ko irailek 7,  JAIYE

Hemen zaude: Azpeitiko ataiye »  Aldizkaria »  2007 »  Abuztua »  Lanaren minak

 ALDIZKARIA

 ORRI HAU...

 

Lanaren minak

Maider Zendoia

Azken hilabeteotan ere lan istripuak izan dituzte zenbait herritarrek. Asko dira ezbeharra gertutik bizi dutenak: enpresaburuak, medikuak, sindikatuak...

Jose Mari Ugarte medikua, Asepeyon.  
Aitor Goenaga. ELAko eskualdeko arduraduna.  

Azken hilabeteotan, lan istripu bat baino gehiagoren berri izan da Azpeitian. Maiatzean, esaterako, A-8 autobidean auto istripua izandako neska oriotarra anbulantzian ematen ari zen azpeitiarrak istripua izan zuen. Neska larri zauritu zen —hurrengo egunean hil zen— eta harekin zihoan azpeitiarrak ere zauri larriak izan zituen. Ekainean, berriz ere A-8 autobidean, bide sastrakak garbitzen ari zen azpeitiar langileak izan zuen istripua. Kamioi artikulatu bat bidetik atera eta langilearen furgoneta jo zuen; ondorioz, furgonetak langilea azpian harrapatu zuen eta zauri larriak eragin zizkion. Orain aste batzuk, berriz, Azpeitiko jatetxe bateko sukaldariari presio-eltzeak eztanda egin zion eta erredura handiak eragin zizkion gorputzeko hainbat ataletan. Beraz, ofizio, enpresa eta egoera desberdinetan gertatzen dira istripuak, inor ere ez dago lanean ari dela ezbeharra izatetik salbu.

Laneko istripuak noizean behin gertatzen badira ere, istripu berri bat izaten den bakoitzean areagotzen dira segurtasun neurrien, langilearen errutinaren, patronalaren erantzunaren edota zaurien inguruko eztabaidak. Adegi Gipuzkoako Enpresarien Elkarteak urte hasieran kaleratutako datuen arabera, heriotza eragin zuten lan istripuak %50 murriztu ziren 2006an, eta istripu larriak, berriz, %11. Urte horretan bi pertsona hil ziren lan istripuetan Azpeitian, LAB sindikatuak jakinarazitako datuen arabera: 2006ko uztailaren 19an, Altuna y Uria enpresan lanean ziharduen 40 urteko azkoitiarra hil zen Sistiaga Errekako harrobian, kamioia iraulita; urte bereko abuztuaren 23an, Manuel Almeida Pinto enpresarentzat lan egiten zuen 40 urteko laguna hil zen, leherketa baten ondorioz.

Segurtasun neurriak. Aitor Goenaga ELA sindikatuko eskualdeko arduradunak uste du enpresek ez dutela behar bezainbeste inbertitzen segurtasunean. “Askotan gehiago begiratzen diote produkzioa geratu ondoren berriz ere martxan jartzea kostatu denari, segurtasunari baino. Produktibitatea lehenesten dute segurtasunaren gainetik”. LAB sindikatua ere iritzi berekoa da. “Lan istripuak ez dira zerbait normala edo saihestezina, istripu guztiak saihestu daitezke, nahi izanez gero. Patronalak prekarietaterik gordinenera eta segurtasun faltara kondenatu nahi gaitu”. Adegik langileen “segurtasuna, osotasuna eta osasuna” kontuan hartzen dituen balioak direla dio.

ELAko eskualdeko ordezkariaren iritziz, lan istripuen atzean, ondorengo profila errepikatzen da: gaztea, aldi bateko langilea eta soldata kaskarra kobratzen duena. “Horri guztiari betiko istorioak gehitu behar zaizkio: presak eta lan erritmo handia. Egia da enpresaburuak baliabideak jartzen dizkiola langileari, baina neurri horiek betearazi egin behar dira”. Ildo horretan, Goenagak uste du enpresako arduradunek bermatu behar dutela segurtasun neurriak betetzea. “Langile bat egunero 8:00etan joan beharrean 08:30ean joaten bada lanera, horren aurrean neurriak hartuko ditu enpresak; eta zergatik ez segurtasun neurri bat urratzen duenean?”. Jose Mari Ugarte Asepeyo mutualitateak Azpeitiko egoitzan duen medikuaren iritziz, “enpresak neurriak hartu behar ditu arriskuak saihesteko, baina beti egoten da langileari dagokion zati bat”. Horren aurrean, enpresa eta langilea prebentzio mailan “ondo kontzientziatzeko” beharra ikusten du.

Administrazioak ere zeregina baduela iritzi diote sindikatuek. “Patronala eta gor-mutu jokatzen duten administrazioak dira lan istripuetako langileen heriotzen arduradunak”, LAB sindikatuaren ustez. Horren harira, Goenaga ELAko eskualdeko arduradunak uste du administrazioa ez dela langilearen egoeraz eta segurtasunaz arduratzen. “Bitxia da: taberna bat zabaldu behar duenari gauza asko exijitzen dizkiote taberna ireki aurretik —intsonorizazioa, baimenak, agiriak—, baina behin taberna irekitakoan berdin die hango langileek zer egoeratan egiten duten lana —kontratua, atseden orduak, soldata—”. Ildo horretan, inspekzioak ez duela behar bezala funtzionatzen uste du. “Inspektore gutxi dago, eta daudenek beste alde batera begiratzen dute”.

Eraikuntza. Oro har, eraikuntza da lan istripu gehien izaten den sektorea. Dena dela, Adegik kaleratutako datuen arabera, %33,3 istripu gutxiago izan ziren sektore horretan 2006an; guztira, 130 ezbehar gutxiago gertatu ziren joan den urtean eraikuntzan. Jose Mari Ugarte Asepeyoko medikuari etortzen zaizkion zauritutako gehienak ere eraikuntzako langileak dira.

Sektore bakoitzean burutzen duten aktibitatearen araberakoak izaten dira langileen zauriak. “Eraikuntzan hausturak gertatzen dira batik bat, metalean hausturak eta tendoi mozketak, egurrean mugimendu errepikakorrek eragindako zauriak, eta zerbitzuetan arazo muskularrak”, dio Ugartek.

Aurrera begira, Adegik 2007-2012an ezbehar kopurua %25ean jaisteko lankidetza eskatu die sindikatuei. Denek batera lan egitea beharrezkoa izango dela diote. Izan ere, Goenaga ELAko kideak dioen bezala, “lan egiteko eskubidea dugun bezala, lanetik etxera itzultzeko eskubidea ere badugu”.

Medikuaren ikuspuntua

Jose Mari Ugartek (Zarautz, 1959) bost urte daramatza Asepeyo mutualitateak Azpeitian duen egoitzan lanean. Gainera, 1988. urteaz geroztik peritu mediku edo gorputzeko minaren baloratzaile gisa parte hartu izan du zenbait epaiketetan. Lan istripuetan zauritutako pertsona ugari pasatu da dagoeneko haren kontsultatik, eta era guztietako zauriak ikusi ditu. “Asepeyora afiliatuta dagoen enpresako langilea niregana etortzen denean, hura artatu eta gertatu zaionaren inguruko egia jakitea da nire lana. Normalean, istripua izan duen langilea etortzen da Asepeyora, eta enpresak istripuaren partea egiten du. Orduan, nik zaurien diagnosia egin eta, horren arabera, baja den edo ez baloratzen dut”. Ugartek ez du erabakitzen zauritutakoari dagokion baliaezintasun maila. “Nik zauritua nola geratu den edo zer egiteko gai izan daitekeen esan dezaket. Hortik aurrera, Gizarte Segurantzako tribunalak erabakitzen du zer motako baliaezintasuna dagokion”.

Batzuetan zauritutakoak duenaren inguruan erabakitzea ez da erraza izaten. “Kasu batzuetan arazoak izaten ditut laneko istripua den edo ez erabakitzeko; bizkarreko edo sorbaldako zauriekin ez da hain erraza izaten arazoa nondik datorren erabakitzea”. Ildo horretan, kontsultan iruzurgileak ere tokatu izan zaizkiola aitortzen du. “Iruzur egiten saiatzen direnek benetako gaixoekiko errespetu falta dute. Antza segituan ematen zaio, baina gero hori frogatzea zailagoa izaten da”. Beste kasu batzuen atzean, berriz, drama pertsonalak ezkutatzen dira. “Guztizko baliaezintasuna zuen pertsona batek gradua errebisatzeko eskatu zuen istripua pasatu eta hamar urtera. Medikoki ez zegoen nobedaderik; ebakuntza gehiago ez zizkioten egin eta istripua izan ondoren utzi zuen lana. Gerora jakin nuen pertsonalki egoera asko aldatu zitzaiola eta kontuak ez zitzaizkiola ateratzen”.

Horren guztiaren aurrean, “enpresaren eta langilearen kontzientziazioa beharrezkoa” dela pentsatzen du. “Izan ere, betaurrekoak ibiltzeko agindua eman eta jantzi gabe zituelako begia zauritzen duen langilearen kasuan, ardura berea da; azkenean, begia berak galtzen du”.

Isaac Sudupe, lan istripua izandakoa

"Ohitura txarren ondorioz gertatu zen laneko istripua"

Ez da erraza lan istripua izan duen bati elkarrizketa egitea. Arrazoi desberdinak dira eragozpen. Iaac Sudupe, baina, prestatu da, argazkirik ateratzea nahi ez duen arren. 2002ko irailaren 12an izan zuen istripua, Azpeitiko Arcelor enpresan. Ondorioz, eskubiko besoa galdu zuen eta azal-mentuak egin zizkioten gorputzeko hainbat ataletan.

Bost urte dagoeneko istripua izan zenuela...

Bai, irailean bost urte. Mantenuko mekaniko egiten nuen lana, erreleboan, Arcelorren. Nire lana, laminazioko treneko kaxak prestatzea eta hautsita zeudenak ordezkatzea zen. Kontatu didatenez, egun hartan laminazioa geratuta eta trena martxan utzi zituzten aurreko erreleboek. Ni kaxa bat ematera joan nintzen eta laminazioko zilindro handiak harrapatu ninduen. Minutu bat aurreratzeagatik gertatu zen istripua.

Saihestu al zitekeen?

Esan bezala, minutua aurreratzeagatik gertatu zen lan istripua. Langileak ezin du makina geratzeko agindua eman, hori enkargatuen gain baitago. Berez, enkargatuak kaxa aldatzeko agindu zuenean, trena martxan zegoela ohartu eta hura gelditu behar zuen. Nik gerora mila amets egin ditut gertatu zena eraiki nahian eta, denetan, desberdin irudikatu dut gertatutakoa. Lehen zortzi hilabeteetan amesgaizto asko izan nituen.

Istripuaren ondorengo egunak nola gogoratzen dituzu?

Besoa hasieratik eman zuten galdutzat. Gorputzeko eskubialde guztia ere erreta nuen eta, ondorioz, azal-mentuak egin zizkidaten. Guztira, 28 egun pasatu nituen ospitalean.

Gogorra egin al zitzaizun eguneroko bizimoduari eustea?

Oraindik ere besoa izango banu bezala sentitzen dut, eta dagoeneko bost urte pasatu dira. Izan ere, besoa arrankatu egin zitzaidan istripuan eta gero moztu egin zidaten. Medikuek esan zidaten ez zekitela nolatan gelditu nintzen bizirik. Beraz, zauriak sendatu eta protesia jartzea bururatu ere ez egiteko esan zidaten medikuek, ez zekitelako nire zainak non zeuden.

Harrezkero izan da istripurik han.

Bai, nahiko gogorrak, gainera. Heriotzak, behatzak moztutakoak...

Lehenagotik arrisku egoerarik bizi izan al zenuen gertutik?

Horrelako zerbait edo okerragoak pasa zitezkeela pentsatu izan dut maiz. Istripu hori gertatu baino zortzi hilabete lehenago, burdin erroilu ikaragarria erori zitzaidan 50 metrora. Hark harrapatu izan banindu, orduan bai geratuko nintzela hantxe bertan seko. Horrelako gauzak gertatzea ez da normala izaten, baina batzuetan gertatzen dira.

Istripu ondorengo osatze lana gogorra izango zen.

Bai. Donostiara astean bi aldiz joaten nintzen lehen sei hilabetetan. Gero, bi urtean ibili nintzen herriko fisioterapeuta batekin. Besoko mina kentzeko eta eskubiko hanka mugiarazteko ariketak egiten nituen.

Gaur egun bizimodu normala egin al dezakezu?

Ezkerrez bai! Istripua pasatu ondoren ondo zaudela sinistu nahi duzu, baina goizetan dutxatu ondoren ispiluan begiratzea tristea da. Neroni janzten naiz, baina txuleta ebakitzeko laguntza behar dut...

Eguneroko bizitza egiteko zer gauza moldatu behar izan dituzu?

Autoa egokitu behar izan dut; automatikoa eta pomuloduna da orain gidatzen dudana. Hala ere, egokitzeko gauzarik zailena norbere burua da. Beso bat gabe bizi behar duzula jabetzea zaila egiten da hasieran. Lehen egunean, ospitaleko ohetik altxatu nintzenean, nahi gabe eskubiko besoa –falta zaidana— apoiatu nuen horman eta lurrera erori nintzen.

Enpresa ondo portatu al zen istripuaren ondoren?

Enpresa ez zen hain gaizki portatu, baina tarteko batzuk ez hain ondo.

Juridikoki zer egoeratan zaude?

Istripua izan ondoren, urte eta erdi egon nintzen bajan. Aurrena, guztizko baliaezintasuna eman zidaten eta, helegitea sartu ondoren, absolutua. Abokatuak esan zidan epaiketan tokatu zitzaigun medikuak inori ez ziola absolutua ematen, horretarako lepoa moztuta azaldu beharko nuela. Helegitea prestatzen hasi eta sei hilabetera beste epaiketa bat izan genuen. Azkenean, absolutua lortu nuen.

Segurtasun neurriak betetzen al dira lantokietan?

Sarritan produkzioari begira egiten da lana. Segurtasuna bermatzeko, ‘perretxikoak’ deitzen diegun mandoak ditugu makinak gelditzeko baina, haiek manipulatuz gero, enkargatuak errieta egiten dizu. Beraz, azken batean langileak ez ditu erabiltzen. Bukaeran, ‘perretxiko’ horiek adornurako daude, Osalanekoak etortzen direnean tapadera gisa erabiltzeko.

Zeure istripua pasatu aurretik antzeko esperientziarik bizita al zeunden?

Bat baino gehiago! Bai lankideekin eta baita neronek pasatutako arriskuak ere. Enpresa horretan sustorik pasatu gabeko jende gutxi dago. Postuaren arabera, arriskua handia da.

Sindikatuetara jo al zenuen?

Sindikatuek ez dute ezer egiten horrelako kasuetan. Abokatu laboralista bat hartu genuen auzia aurrera eramateko. Sindikatuak pankartarekin agertzen dira tailer aurrera baina, gainerakoan, ez dute gehiegi egiten. Nire ustez, gaur egun sindikatuak langileez baino gehiago politikaz arduratzen dira.

Lankideek babestu al zintuzten istripua izandakoan?

Horrelako kasuetan beldurra ere izaten da, nire ustez. Neure kasuan, nire erreleboko hiru lagun eta beste erreleboko elektrikari bat azaldu ziren lekuko gisa hitz egiteko prest. Elektrikari hark gauzak asko argitu zizkidan. Hark azaldu zidan nola utzi zituzten laminazioa eta trena errelebo aldaketan.

Erretiratzear harrapatu zintuen istripuak, ezta?

Istripua izan nuenean, 56 urte nituen. Hemeretzi urte eta erdi neramatzan enpresan lanean. Lehenagotik beste enpresa batzuetan aritu nintzen lanean, baina hamabost urte nituenetik ibili naiz mekaniko gisa lanean.

Nolakoa da gaur egungo zure bizimodua?

Oraindik ere egunero egiten ditut ariketak etxean. Ahal dudan bizimodurik normalena egiten saiatzen naiz. Azaroan bukatu nuen medikuek eta psikologoak ezarritako tratamendua. Orain, Clinica del Dolor erietxera joaten naiz sei hilean behin.

Zauri psikologikoak fisikoak bezain gogorrak al dira?

Lau urtean ibili naiz psikologoarekin, eta mesede egin dit.

Gertatu zena gogoratuta, zer sentitzen duzu?

Zenbait pertsonen jokabideak amorrua ematen dit; beste zenbaitekin, aldiz, gustura egoten naiz. Nire ustez, ohitura txarren ondorioz gertatu zen lan istripua.

uztarria.com: Uztarria Komunikazio Taldea
Perez Arregi 1 behea 20730 Azpeitia
Harremanetarako: formularioa, e-posta: uztarria[a bildua]uztarria.com telefonoa: 943150358
Babesleak: Azpeitiko Udala, Gipuzkoako Foru Aldundia eta Eusko Jaurlaritza (Kultura)
Sareko Argia 2005 - Estatistikak

Uztarriak ez du bere gain hartzen webgunean adierazitako esanen eta iritzien erantzukizunik
Parte hartzeko arauak