Uztarria.com, Azpeitiko ataiye 2008ko abuztuek 29,  OSTIRELA

Hemen zaude: Azpeitiko ataiye »  Aldizkaria »  2007 »  Abuztua »  Jose Luis Franzesena

 ALDIZKARIA

 ORRI HAU...

 

Jose Luis Franzesena

Ion Aranburu

Jose Luis Franzesena, musikaria: "Zuzendariaren lana gaizki egindakoa zuzentzea da"

 
Unai eta Jose Luis Franzesena. Aurrenak hartuko dio lekukoa. 
Eliz kaletik askotan pasatu da banda zuzentzen.  
1994an, bandako beste kideekin. 
Mozorrotuta kaleak girotzen ibili da karnabaletan. 

Saninazioak bukatzearekin b atera hartuko du erretiroa Jose Luis Franzesenak (Azpeitia, 1942) 22 urtez Azpeitiko Udal Musika Bandako zuzendari aritu ostean. 22 urte hauetan egindako lanaz aritu da Uztarriarekin hizketan.

22 urtez aritu zara Azpeitiko Banda zuzentzen. Prest al zaude erretiroa hartzeko?

Bai prest nago. Bukatu den etapa bat da, orain beste gauza batzuk egingo ditut musikarekin lotura dutenak. Probatzeko gogoa daukat ezer egin gabe egote hori zer den.

Baina egongo al zara ezer ere egin gabe?

Azkoitiko organoarekin jarraituko dut. Beste ideia batzuk ere baditut buruan, organoa jotzen ikasteko eskolanera, esaterako. Organo jole falta dago herrian , eta horretarako eskola bat jartzea ere pentsatzen ari naiz, musika eskolarekin elkarlanean. Ez dago organistarik eta ez da egongo eskolarik ez bada jartzen. Beste gauza batzuk egingo ditut orain, musika alde batera laga gabe.

Ordezkoa bilatu al duzue?

Bai, semea izango da, Unai. Momentuz bi urterako izendatu dute. ikusiko dugu berari eta bandari gustatzen zaion edo ez. Udal Musika Bandaren zuzendaritzak hartutako erabakia izan da. Laguntzarik behar badu ni laguntzeko prest egongo naiz, baina nahiago dut beharko ez balu kar, kar …

Prest al dago zure lekua betetzeko?

Oraingo gazteak gu baino hobeto prestatuta daude, teknika aldetik eta alderdi horretatik guztitik. Zuzentzen ikasi beharko du eta horretarako ikasketa batzuk egin beharko ditu, lehenaz gainerakoak.

Nolakoak izan dira zuzendari aritu zaren urte hauek guztiak?

Hasieran banda bera oso txikia zen, eta bi bandotan hautsita zegoen. Piska bat asentatu arte zaila izan zen. Orduan beste banda gazte bat osatu nuen, aparte. Hori integratutakoan, ondo joan zen guztia. Hala ere, hasierako lau urteak gogorrak izan ziren. Lan asko egin behar zen, eta ia hutsetik hasi behar izan nuen. Horrez gain, abesbatza ere eramaten nuen eta batera egiteko lan asko zen. Duela urte batzuk jendea gehiago integratzen zen bandan, izan ere, herrian aktibitate gutxiago zegoen orain dagoena baino. Orduan, behin bandan sartzen zirenak egunero-egunero ibiltzen ziren. Orain zailago da bandan gelditzea. Normalean onak gelditzen dira, eta hori ez dakit onerako edo txarrerako den. Jende asko hasi da baina gero utzi egin dute.

Nola hasi zinen Azpetiko Bandako zuzendari?

Lehenagotik komertzial lanetan, mekanikari eta beste hainbat lan pasa nituen musika bandako zuzendari hasi aurretik. Orduan ere musikarekin lotura zuen lanak ere egiten nituen. 45 urte nituela hasi nintzen Azpeitiko Bandako zuzendari, eta bandan sekula ibili gabe nengoen. Orduan, Jose Mari Bastida zen alkate eta Kepa Ibartzabal alkate ordea, eta haiek eskaini zidaten, Valentzako feria batetan nengoela. Eskaini zidatenean, postua betetzeko arazoak omen zituzten; eta onartzea erabaki nuen. Nik neuk beti izan nuen musikaria izateko gogoa eta zaletasuna. Aukera hori izan nuenean hasi nintzen benetan musikako ikasketak egiten, kontserbatorioan.

Zertan datza zuzendari lanak?

Zuzendari batek egiten duena da beste guztiak gaizki egiten dutena zuzentzea. Abiadurak kontrolatu eta hori guztia. Finean, armonizatu egin behar da guztia. Beste alde batetik entseguak eta gainerako guztia prestatu behar da. Gauzak nolakoak nahi dituzun garbi eduki behar da eta horren bila joan behar d. Hau horrela nahi dut, edo beste hau ikasi egin behar dela esan eta antzerakoak egin behar dira.

Ondo egitea zaila al da?

Beste lanak bezala da. Hasi nintzenean baxuak eta altuak bakarrik bereizten nituen. Orain ez dut ezer entzuten, notak beraiek etortzen dira. Hor gaizki egin du, zergatik egin du gaizki? Horrela da guztia. Azken batean prozesu bat da, akatsak zuzenduaz egiten den lana da.

Kontzertu batean, bateren bat zeharo gaizki ari bada egiten zer egiten duzu?

Isildu arazi egiten dut, disimuluarekin, jende aurrean horrelakoak egitea ez baitzait gustatzen. Baina normalean ez dira horrelakoak gertatzen, kalera ateratzerako guztiak ondo entseatuta joaten baitira. Kontuan hartu behar da ez garela profesionalak. Gaizki jotzeko urte osoan jo behar da, eta ondo jotzeko bizitza guztian jardun behar da.

Saninazioak-eta nola bizi dituzue bandakoek?

Guk ez dugu besteek izaten dituzten festa horiek. Kontuan hartu 9:00etarako hasten garela, eta zezenketak bukatzen direnean amaitzen dugula guk ere. Egun guztia horrela pasatzen dugu, abesti desberdinak jotzen. Nik neuk azkeneko egunean egiten dut parranda. Izan ere, behar bezala ez bagaude, notak ere horrela ateratzen dira. Egun horietan festa giroan ezin dugula ibili garbi daukagu, baina horretarako urteko beste egun batzuk hartzen ditugu.

Sansebastianetarako ere makina bat pieza egin dituzu.

Batzuk bai. Niregatik izan balitz danborradako talde guztientzat onez gero guztiak eginda nituen. Baina ez ditu inork aintzakotzat hartzen, eta badirudi adarra jotzen ari naizela. Herri guztietan ari dira danborradako pieza berriak egiten, danborrada bera herritartzeko. Hemen egin eta neure burua goresteko ari naizela diote. Nik neuk badut arro puntu bat baina horrekin ez naiz joango mila pertsonari adarra jotzera! Egindako lana hor dago, eta egindako pieza batzuk jotzen dituzte. Beste inork eskatuz gero egingo diot.

Azkena danborradan sartu zen piezak ere bazuen zer esana.

Jardun gabe ezin da ikasi. Eibarre,n adibidez, “Txokolo” nola jotzen zen erakusteko eskatu zidaten. Sanjuanetan jotzeko inauteri ondoren hasi ziren jotzen eta zoragarri jotzen zuten. Hemen berriz lau entsegu jarri eta izugarriadela iruditzen zaigu, eta haiek bakoitzak bere elkartean aparte ere jo egiten dute. Berria beti izaten da zaila, ikasi arte. Horrekin guztiarekin herriko danborrada izatea nahi dut, eta ez egotea beti Donostiari begira.

Abestiak egiterakoan zertan inspiratzen zara? Nola egiten dituzu?

Esaterako, Soreasuko Sebastian militarra zen, eta orduan militarren musika sartzea pentsatu nuen. Mandioko polka berriz aitarekin gogoratuta egin nuen. Gure aita soinu jolea zen. Garai hartan polka modan zegoen, eta bakoitzak beren erara jotzen zuen. Hark nola jotzen zuen gogoratuta egin nuen. Beste batzutan, berriz, gauean bururatzan zaizkit. Orduan apunteak hartzen ditut, bestela hurrengo goizean ez naiz ezerekin gogoratzen-eta. Baina ez galdetu nola egiten ditudan, ez dakit-eta.

Hortik al datorkizu Schubert ezizena?

Ez, gaztetatik datorkit. 15 urte nituela Zarauzko eskola profesionalean ibili nintzen ikasketak egiten . Behin Sinfonia de amor izeneko pelikula ikustera joan ginen. Orduan, orain baino argalagoa nintzen, betaurrekoak ere oraingok baino txikiagoak nituen eta hilea ere kizkurra nuen. Hortik hasi ziren Zarautzen Schubert deitzen, beraren antza hartzen zidatelako, eta gero Azpeitian hasi ziren ezizen horrekin deitzen. Azkenerako neu jabetu nintzen izenarekin, eta neuk erabiltzen dut. Kontserbatorioan hasi nintzenean, Elizondo izan nuen maisu, eta etxera deitu nion behin zerbaitetarako. Noren partez galdetu zidatenean, “Schubert” esan nuen eta bestaldekoa barrezka hasi zen. Elizondori deika hasi zen, telefonoan “Schubert” delako bat zuela esanez, adarra jotzen ari nintzelakoan.

uztarria.com: Uztarria Komunikazio Taldea
Perez Arregi 1 behea 20730 Azpeitia
Harremanetarako: formularioa, e-posta: uztarria[a bildua]uztarria.com telefonoa: 943150358
Babesleak: Azpeitiko Udala, Gipuzkoako Foru Aldundia eta Eusko Jaurlaritza (Kultura)
Sareko Argia 2005 - Estatistikak

Uztarriak ez du bere gain hartzen webgunean adierazitako esanen eta iritzien erantzukizunik
Parte hartzeko arauak