Uztarria.com, Azpeitiko ataiye 2008ko urriyek 6,  ASTELEHENA

Hemen zaude: Azpeitiko ataiye »  Aldizkaria »  2007 »  Abuztua »  Etxetik lana Internetez

 ALDIZKARIA

 ORRI HAU...

 

Etxetik lana Internetez

Enekoitz Esnaola

Mikel Uribetxeberriak publizitate eta komunikazio enpresa dauka, Mikel Aguadorekin batera, biak dira bazkide eta langileak, eta lana, etxetik egiten dute, Internetari esker

Mikel Uribetxebarria eta Mikel Aguado, Fammilia enpresako bi kideak, bakoitza bere etxean, lanean Internet bidez.  
Fammilia enpresakoek pasatutako irudiak dira goikoak, beraiek egindakoak lehiaketetarako eta lanerako. 1. Greenpeace. 2. Altzariak. 3. Altzariak. 4. Bastida sukaldeak. 5. Lila. 6. Belharra (mendi denda). 7. DeBolex film ekoiztetxea. 8. Ikusimakusi optika. 

Gure inguruan, behintzat, gutxik egiten dute lan etxetik, gutxik dute etxean enpresa. Mikel Uribetxeberriak (1975) bai, badauka, Mikel Aguadorekin: Fammilia, publizitate eta komunikaziokoa (bi Mikelen ‘m’-ak jasotzen ditu izenak).

Aguado tolosarra da, Iruran bizi den arren. Uribetxeberria, berriz, azpeitiarra da, Azkoitian bizi den arren. Etxean dute bulegoa, eta ordenadorako soinu programa baten bidez komunikatzen dute elkar; kamera txiki baten bidez ere bai, nahi dutenean. Zergatik lan egiteko modu hori? “Eta zergatik eduki enpresaren bulego ohiko horietako bat? Guk nahiago dugu etxetik lan egitea”, dio Uribetxeberriak. “Izan ere, alde on asko ditu: enpresaren bulegoa erosi edo alokatu beharrik ez daukazu eta dirua aurrezten duzu, bertara kotxez joan beharrik ez daukazu... Gastu horien ordez, teknologian inbertitzea erabaki genuen, programa onak izateko, konexio onak lortzeko eta abar. Enpresa bat sortzen duzunean, lehenengo erronka aurreneko urteetan irautea da, gero hazteko. Guk, ordea, ez ditugu lehen aipatutako gastuak, enpresaren bulegora joan behar izatearen denbora ere ez dugu galtzen, eta horrek malgutasuna eta lasaitasuna ematen dizkigu”.

Ameriketako Estatu Batuetan, Ingalaterran eta beste leku batzuetan gero eta ohikoagoa da etxetik lan egitea zeregin zehatz batzuetan —publizitatean, esaterako—, eta bi Mikelek ere horren aldeko apustua egin dute. “Elkarren arteko informazio trukaketa etengabea da; ez bakarrik soinuz esandakoa, artxiboak ere jasotzen eta bidaltzen gabiltzalako geratu gabe, eta dena ordenadoraz egiten dugu, Internetez. Lankidea ondoan banu bezala da; gainera, ez dut jaiki beharrik haren lanak-eta ikusteko”.

Ondo doakie horrela. Aurten sortu zuten enpresa eta maiatzean, esaterako, Greenpeaceren lehiaketa bat irabazi zuten.

Aurretik ere ezagutzen zuten elkar Uribetxeberriak eta Aguadok. “Ni Dimensión publizitate agentzian hasi nintzenean, Donostian, bertan ari zen lanean orduan Mikel [Aguado]. Segituan biok talde batean jarri gintuzten, hura sormen lana eginez eta ni grafikoa, arte zuzendari bezala. Halaxe, hiru urte inguruan han”.

Patxirena. Patxiiiiiiiiiiiiiiii! Euskaltelen kanpainako ideia haiena izan zen. Sona handiko kanpaina, duela dozena erdi bat urtekoa. “Hura izan zen arte zuzendari bezala nire aurreneko lana. Ideia lagunarena izan zen, ordea”. Athleticen kanpainak ere izan zuen oihartzunik —jokalari batzuk biluzik ageri ziren—; hura ere, biek sortutakoa. Lan horien, beste batzuen eta azken urteetako eskarmentuaren ondorioz, publizitate arloko “jende asko” ezagutzen dute, “harreman ugari” daukate, “soinu gela onak-eta” ere ezagutzen dituzte, eta horrek denak “lana erraztu” egiten diete. “Lan asko kanpotik etortzen zaigu”, dio Uribetxeberriak. “Biok ez dugu baliabide askorik, enpresa txikia da gurea baina, zorionez, deitu egiten digute. Geuk lortutako lanak ere baditugu”. Eroso eta gustura daude etxetik lana eginez, “sormenerako alde onak” dituelako. “Irudi bat lantzeko-edo fruta bat nahi baduzu, hartu egiten duzu. Edo etxean eduki ohi den gauza bat nahi duzula, berdin. Bestela, kalera jaisten zara zerbait erostera lanerako. Agentzia batean modu finkoan lan egitea tokatu izan zait, eta horrelakoetan ez zara mugitu ere egiten bulegotik, beti ordenadora aurrean zaude. Horrek sormena mugatzen duela uste dut”.

Zelulak. Dena dela, lan egiteko modu horrek “alde txarrik” ere baduela uste du Uribetxeberriak, gertatu izan zaielako bezeroek galdetzea nolatan egiten duten lana etxetik. “Nik uste, ordea, arlo batzuetan hau dela bidea. Pentsa, film bat egiteko badaude produktorak Ameriketako Estatu Batuetan, Indian eta ez dakit non dituztenak egoitzak, Internet bidez muntatzen dituzte filmak eta, haiek horrelako muntaia erraldoia egiten badute, zergatik ez gurea bezalako enpresa batek guztia Internetez egin?”.

Horretaz gain, Nike bezalako enpresa handiek-eta “komunikazio munduko zelulak” bilatzen dituztela dio. “Agentzia handietan lantaldea aldakorra izaten da, jendea batetik bestera ibiltzen baita. Norberak bere enpresa sortzen duenean, aldiz, langileak denbora gehiagoz egoten dira bertan, eta horrek komunikazio lanak bermatu egiten ditu, dena ez delako hasierako sormen lana egitea, baizik eta gero jarraipena egin behar duzu, produktuak egokitu, eta lan taldea bera bada, hobe”.

Euskaltelekin, Kutxarekin, Greenpeacerekin, Nueva Línearekin, Bainetekin eta beste enpresa handi batzuekin egin izan dute lan edo egiten dute, baina bezero txikiak ere jorratzen dituzte. “Garrantzia ematen diegu, gainera”. Azpeitian bertan badute bezerorik. “Hori bai, komunikazioan sinesteko eskatzen diegu, ezagutarazteko produktua. Oraindik entzuten dira, ordea, ‘ilobak egingo dit logotipoa’ eta halakoak”.

Baina nola ulertzen du Fammiliak komunikazioa? Integrala eta gertukoa. Integrala: ez dira mugatzen bezeroari iragarkiak komunikabideetan egin behar dituztela esatera. Gertukoa: “Etxetik egiten dugu lan baina bezeroekin astean behin biltzea gustatzen zaigu, zuzenean egoteko haiekin, agentzia handiak ez bezala bitartekaririk gabe. Haien informazio dena jasotzen dugu horrela”.

“Burua nekatzen” dute, batik bat, buruari bueltak eman eta eman jarduten dutelako. Sormen lana baita.

Etxetik egindakoa.

uztarria.com: Uztarria Komunikazio Taldea
Perez Arregi 1 behea 20730 Azpeitia
Harremanetarako: formularioa, e-posta: uztarria[a bildua]uztarria.com telefonoa: 943150358
Babesleak: Azpeitiko Udala, Gipuzkoako Foru Aldundia eta Eusko Jaurlaritza (Kultura)
Sareko Argia 2005 - Estatistikak

Uztarriak ez du bere gain hartzen webgunean adierazitako esanen eta iritzien erantzukizunik
Parte hartzeko arauak