Eta beste
Hurrengora arte!
Maria Jesus Aranburu
Garai hau iristen denean, denok oporren zain egoten gara eta sarritan desiratzen ditugu irakasleen oporrak. Andereņo izatea lanbide bat baino gehiago da; bokazioa behar-beharrezkoa da ikasleekin eta gurasoekin lan egiteko. Materia bat erakustea ez da nahikoa, pertsonak ezagutu behar dira eta, ahal den neurrian, bakoitzaren izaera, ahalmenak eta jarrerak kontuan izanda hezi behar dugu.
Sarritan buruko minarekin joaten naiz etxera, bati edo besteari gertatutakoa nola bideratu pentsatuz. Aurreratua den ikasleari nola erantzun? Atzera gelditzen ari denari nola lagundu? Lagunik gabe dagoenari autoestima nola altxatu? Gelara triste etortzen denak zer ote du?
Hori guztia eta gehiago kudeatu behar du irakasle batek, baina horrekin batera ahaztu ezineko une asko daude! Zenbat momentu zoragarri! Nolako poza ematen duen ikasleak lanean gustura daudela ikusi edota zenbait oztopo gainditu dituztela egiaztatzeak! Eta, batez ere, urteak pasatu ondoren zure ikasleak izan direnak kalean guraso bihurtuta topo egin eta aio, andereņo! esaten dizutenean...
Gaurko honetan andereņoei eta irakasleei eskerrak eman nahi dizkiet. Ondo merezitako oporrak hartu dituzte. Orain lasaitu, pilak kargatu eta datorren irailean berriro indartsu lanera! Irakaskuntza eta politika dira nire bi bokazioak. Etapa desberdinetan batean eta bestean egon izan naiz, eta orain, berriz ere, nire alderdiaren eskutik, Kultura eta Euskara Sailaren ardura izango dut Gipuzkoako Foru Aldundian.
Gaurkoa izango da nire azken idatzia Uztarrian eta denei, aukera hau eskaini zidatenei eta nire idatziak irakurri dituzuenei, eskerrak emanez agurtu nahi zaituztet. Nagoen tokian egonda ere, beti izango duzue azpeitiar bat zuen zerbitzura. Agur eta hurrengora arte!
|