|
|
|
Hau
Gizon ala borrero?
Aitor Zinkunegi
Uda da, kalean zoaz lagunekin, eta ahotik botatzen duzun zerbeza kiratsak egin duzunaz salatzen zaitu. Baina hori baino okerragoa da pentsatzen duzuna emakumeengan: merkantzia ikusten hasi zara lagunekin batera eta, buru lausotuaren aitzakian, edozer egiteko eskubidea aitortu diozu zeure buruari. Jada ezin duzu ulertu ‘ez’, ‘ez’ dela. Animalikeria gehiegi, zuk eta zure lagunek, elkarrekiko konplizitatea agertzen duen irribarre iguingarri horrekin, lerdea darizuela...
Kalean, eskaparate baten aurrean, emakume bat ikusi duzu negarrez, 60ko gerria duen maniki bati begira; aldi berean, honek emakumeari negar egiten diola iruditu zaizu, preso balego bezala... Baina mozkor bat besterik ez da, pasatuko zaio tonta horri... Zuk aurrera jarraitu duzu, putetxe bat aurkitu arte. Barrura sartzean, merkantzia ona iruditu zaizu, eta egin beharrekoak lasai egitea erabaki ere bai. Ustezko merkantziari, hankartekoak agintzen dizun guztia esan diozu eta eginarazi ere bai... 50 euro ordaintzeak ematen al dizu eskubide hori? Ez, jakina!
Borrero batzuk besterik ez gara, merkantzia ikusten dugu ez dagoen lekuan, inoiz ez dugu ulertu emakume bat ez dela behin ere merkantzia izango, beti izango dela emakume bat... Emakume baldintza hori ez duela galduko, gainera, garai gogorrenetan galdu ez zuelako, inkisizio santuak ere lortu ez zuelako. Emakume batek erresistentziarako gaitasuna du, amatasuna zer den badakielako, baina guk ez dugu inoiz amatasun hori sentituko, ezta horren atzean dagoen guztia ikusiko eta baloratuko ere. Merkantzia ikusi eta sufrimendua sortzen duten borrero nazkagarri batzuk izaten jarraitzen dugu. Jendarte eredu honek hala hezi gaitu eta geuri dagokigu horri buelta ematea, borrero izan nahi ez
dugulako!
|