Uztarria.com, Azpeitiko ataiye 2008ko abenduek 2,  ASTEARTIE

Hemen zaude: Azpeitiko ataiye »  Aldizkaria »  2007 »  Abuztua »  Iritzia »  Omen-aldiak/Azpeitia arrosa

 ALDIZKARIA

 ORRI HAU...

 

Postontzia

Omen-aldiak/Azpeitia arrosa

Kepa Urbieta eta Igor Aranbarri

Omen-aldiak

Aupa, gizon! Enteratu al haiz?! Joxeparen alaba haurdun omen zagok 17 urterekin! Jokinen aita homosexuala omen duk! Inaxitaren biloba ezkondu berri eta banandu egin omen duk! Azpeitiko alkateak zezen korridak kendu behar omen ditik! Frantxixko, hirugarren pisukoa, oso gaizki omen zagok! Margariren alaba drogetan sartuta omen zagok eta, gainera, lanik gabe! (normala). Aramenditarrak herentzia dela-eta haserretu omen dituk!...

Gaur, ‘omen’ hitza hiru esalditik lautan ibiltzen duen kontakatilua omendu nahi diat. Kafe orduan mahai bueltan protagonista bihurtzeko etxetik prestatuta ustezko albiste harrigarria ekartzen duen parasito sozial ezagun horri aipamena egin nahi zioat. Bere arrazoiak izango ditik horrela jokatzeko, ume garai gogorra akaso, maitasun falta... Asko dituk omen-zaleak; herri txikietan sortzen diren izakiak direla ziok zenbaitek. Egia duk, ezin diagu egun guztia geure buruaz hitz egiten jardun. Isilik egotea, beno, gutxiago hitz egitea, aukera bat izan arren inor gutxik hautatzen dik. Inguruko lagunak denok izaten ditiagu ahopean, baina hainbeste... Txertorik ez duten birus informatibo hauena haratago zoak, beti ditek besteen kontu zer edo zer esateko, eta gutxitan izaten duk ezer onik, besteen desgrazien bitartez elikatzen direla zirudik batzuetan. Sinestezina, baina egia! Omen-aldia, biblia baino zaharragoko gaitza dela bazakiat, hiru lagun nahikoa direla, baten faltan, beste biak kutsatzeko.

Gertu antzean pare bat istorio bizi izan ditiat eta erreta nagok, bazakiat ez duela erremediorik, Kepa, baina barrena hustu nahi nian. Horretarako zeudek lagunak, ezta?

Orain gutxi sanferminetan izan nauk; a zer festa! Milaka laguneko zirkoa, dena libre. Alkohola eta beste zenbait sustantzik ere izango zituan tarteko; hori ere ez duk bidea. Baina a zer sentsazio ederra lepo atzean sasi epailerik ez izatea.

Azpeitia arrosa

Igor, maitea! Gehientsuenok zakiagu zurrunbilo baten erdian egotea zer den. Eta kasu batzuetan garrantzirik gabeko kontuak izaten dituk, baina besteetan min ematen ditek. Asko, gainera. Izan ere bazirudik pertsona batzuek besteen bizitzetan sartzea beste lanik ez dutela.

Mundu bat duk Azpeitiko prentsa arrosarena, Igor (beste herrietakoa ezagutzen ez dugulako, seguruenik). Pentsa, zezenketen adibidea diagu berrienetakoa. Udalean alkate berria sartzearekin batera atera zuan Joxin Iriarte delako bat egunkari batean, zezenketak ken zitzaketela esanez. Ondorioa: herrian zezenketen gaia bolo-bolo. Sokamuturra kendu behar zutela ere entzun nian.

Pentsatzen ibili ninduan kazetari hark ibilitako irizpideak nolakoak izango ote ziren. Hau da, alkate aldaketaren berri ematen zuen albistean zergatik sartu zituen Azpeitiko talde bateko kide baten iritziak. Une hartan, albiste hartan. Zergatik ez hiri galdetu Literatuzta-ren itzulera posible baten inguruan? Edo Itsasiko kide bati? Edo musikariei? Interesak. Ondorio horretara iritsi ninduan. Eta halako kasuetan ematen dik min eta nazka zurrumurru batek. Izan litekek interes pertsonalengatik edo izan litekek pertsona frustratu bat haizelako, edo konformatu ezina, edo norbere erruak onartu ezina, edo gustura bizi ez eta besteena izorratu nahia. Hainbeste gauza entzuten dituk besteen inguruan... Baina, Igor, geu ere bekatu egindakoak izango gaituk.

Hala ere, pozten nauk aurreneko pausoa eman dugulako: halako jokaerek onik ez dutela egiten konturatzea. Kontu horretaz ari garela, badiat zalantza bat: Egaņaneko neskazaharren kontu hori egia ala mitoa da?

Igor, hik pasatu ondo saninaziyuek, ahaztu halako kontuak eta gutxi edan, orduan esaten omen dituk-eta egiarik biribilenak. Ondo ibili abuztuan, eta urrira arte!

uztarria.com: Uztarria Komunikazio Taldea
Perez Arregi 1 behea 20730 Azpeitia
Harremanetarako: formularioa, e-posta: uztarria[a bildua]uztarria.com telefonoa: 943150358
Babesleak: Azpeitiko Udala, Gipuzkoako Foru Aldundia eta Eusko Jaurlaritza (Kultura)
Sareko Argia 2005 - Estatistikak

Uztarriak ez du bere gain hartzen webgunean adierazitako esanen eta iritzien erantzukizunik
Parte hartzeko arauak