Uztarria.com, Azpeitiko ataiye 2008ko abenduek 2,  ASTEARTIE

Hemen zaude: Azpeitiko ataiye »  Aldizkaria »  2007 »  Abuztua »  Iritzia »  Udaberri ondoren... zer?

 ALDIZKARIA

 ORRI HAU...

 

Libre

Udaberri ondoren... zer?

Olatz Prat

Gaur uztailak 11 omen. Kalean 18 gradu zentigradu. Euria. Udako ordutegia heltzeko irrikitan egon naiz hilabeteetan, baina hondartza ez dut oraindik zapaldu, ezta ikusi ere. Soinean barruko kamiseta, nikia, jertsea eta txaketa; hozbera izango naiz, baina... Uztaila omen da eta sinetsi beharko dugu: (1) egutegian hala jartzen duelako; (2) sanferminetako txupinazoa duela egun batzuk izan delako; (3) haurrak oporretan daudelako; (4) lantoki batera deitu eta inoiz ez duzulako lortuko nahi duzun pertsona horrekin hitz egitea —telefonoa hartzen badizute, zorionekoa zu—; eta (5) bateko eta besteko jaiak, kontzertuak eta jaialdiak ohi baino sarriago daudelako. Eta eskerrak!

EGURALDIA HIZPIDE. Azken egunetan ez dut besterik entzun bazter guztietan. Telebistako eguraldi saioak rating historikoetara heltzen ari dira eta meteorologoak zoratu beharrean dabiltza, inoiz baino presio handiagoarekin, eguzkiak bihar atera nahiko ote duen ala ez euren menpe egongo balitz bezala. “Igandera arte eguraldi ona”, eta ostiral gauean euria. “Gaur arratsalderako garbituko du”, eta nire leihoa tanta amorragarriz zikintzen ari den euriari so gelditzen naiz beste behin. Gauerako eguzkia seguru. Gaixoek —meteorologoek— ez dute errurik. Lasai Edorta Roman, goizero zure hitzen zain egoten jarraituko dut belarria irratiari itsatsita eta, goizero bezala, hitz egiten hasten zaren une berean distraitu egingo naiz eta zer eguraldi egingo duen jakin gabe geldituko naiz, tiranteduna ala manga motza jantzi jakin gabe, zapatak ala txankletak, galtzak ala gona... Ez, gonarik ez, hanka zuri hoiekin nora hoa! Potinje autobrontzeadoreen fabrikatzaileek egingo dute negozioa gure kontura.

Kezkatzekoa da; niri, behintzat, zer pentsaturik ematen dit. Beldur pixka bat ere bai. Zeharo gaizki egiten ariko gara gauzak, guztia hankaz gora jartzen denean, nire lehengusua —16 urte, sosak nahi— Enparangaineko tomateak oraindik berde daudelako haiek jaso ezinik dagoenean, eta Urretxun kaioak agertzen direnean. Kostaldeko herrietan —Zumaian edo Zarautzen, adibidez—, hilabete pasatzeko 1.800 euro ordaindu dituztenekin gogoratzen naiz; disgusto galanta. Iragarkian bezala, hondartzako txiringitoa muntatzera ausartu denarekin; saldu ez diren udako arropak eta datorren neguko moda geldiezin eta beti goiztiarra non sartu ez dakiten dendariekin...

Udako jaialdiak. Baina, tira, badago oraindik salbaziorik. Urtean zehar egin ohi ez ditugun gauzak egiteko paradarik badago, beste gauzen artean, herri jai, kontzertu eta jaialdiez gozatzea, hain zuzen ere. Zerbeza eder batekin Zurriolako petrilean eseri eta itsas kresal atseginak aurpegia laztantzen dizun bitartean jazz doinu erromantikoak entzuten egotea, dantza egitea, abestea, amestea... Bi ordu eta erdiz BECen autobusaren zain egotea, pazientziaz, momentuaz gozatuz eta gora iristea, Kobetamendira, eta zu bezala urduri, alai eta zain dauden 50.000 burutxo ikustea, lehen kitarra kolpearekin oilo larrua jarri zaizula sentitzea, hegan egitea, ilargi bete biribil eta laranja handi haren pareraino.

Eta gero, ilargi horren bestaldeari begiratzen diozu. Uztailak 6 ostirala, San Fermin bezpera. Kontzertuak antolatu dituzte Gaztetxean, Urrestillako taldeak dira Konjuntun Nights zikloaren barruan. Ekipo guztia eraman, muntatu, talde gonbidatua ekarri... hitz gutxitan, egundoko lana hartu, eta 20 ikusle gerturatu dira. Bai, sanferminen errua izan daiteke, baina dauden aukerak aprobetxatzen ez dakien jendea ere bai. Gero ez esan Azpeitian ezer ez dagoenik. Pixka bat berotu naiz, barkatu. Baina amorrua ematen dit. Mutilak, kontziertoa mundiala.

Saninazioak. Eta, horrela, eguraldiaz eta uda kaskar honi buruz hitz egiten helduko zaizkigu saninazioak ere. Familia bazkariak, barrakak, txosnak, zezenak, prozesioak...; batzuetan lasaitzen nau gauzak, azken finean, hain gaizki ez doazela ikusteak, batzuk txosnez kexatuko direla eta besteak zezenketez; dultzaineroak tinpanoak urratuko dizkigutela beste behin eta, beste behin, berdin izango zaigula; eta aurten, zinez, ez dudala poltsarik aterako parrandara. Ona omen dator biharko.

uztarria.com: Uztarria Komunikazio Taldea
Perez Arregi 1 behea 20730 Azpeitia
Harremanetarako: formularioa, e-posta: uztarria[a bildua]uztarria.com telefonoa: 943150358
Babesleak: Azpeitiko Udala, Gipuzkoako Foru Aldundia eta Eusko Jaurlaritza (Kultura)
Sareko Argia 2005 - Estatistikak

Uztarriak ez du bere gain hartzen webgunean adierazitako esanen eta iritzien erantzukizunik
Parte hartzeko arauak