Uztarria.com, Azpeitiko ataiye 2008ko abenduek 2,  ASTEARTIE

Hemen zaude: Azpeitiko ataiye »  Aldizkaria »  2007 »  Abuztua »  Iritzia »  Inkomunikazioa

 ALDIZKARIA

 ORRI HAU...

 

Enbido

Inkomunikazioa

Koldo Aldadur

Komunikazio garaian gaudela diote baina, niri behintzat, gure gizartea inkomunikazioaren erreinua bihurtu dela iruditzen zait.

Ez dakit gure ingurukoei zerbait esan nahi diegun eta ezin dugun, ezer esateko premiarik ez dugun edo, besterik gabe, esateko ezer ez dugun.

Dakidana da komunikazio tresna orok, adierazi nahi den hori oztopatzen duela, hitza etsai bihur daitekeela, baina behar dugula. Agian, komunikazio garbia eskaerarik gabeko begiradan edo eskatu gabeko laztan batean bakarrik topa daiteke, baina hitzaren herriko biztanleak gara.

KOMUNIKAZIO EZINTASUNA. Gainerakoan, eguneroko ia edozein egoera dago komunikazio ezintasunean blai eginda. Etxekoandreak ez du bizimodu hau gustuko baina senarrarekin garbi hitz egiteko indarrik ezin du atera eta, urteak korrika doazela ohartzean, jendartean bakarrik ez ote dagoen pentsatzen jarri da. Bada zerbait.

Bitartean, milaka kilometrora, euren gelatan haurrak play station-aren barruan sartuta daude. Alferrik da haiei ezer esatea. Ez dute entzuten, ez dute ulertzen, nola norbaitek zerbait esan diezaiekeen Ronaldinhok baloia area barruan duenean edo, oraindik, zientoka bat martzianito falta direnean akabatzeko.

Inkomunikazio ikaragarria komunikabideetan. Albiste bera lau egunkaritan ikusi duen irakurleak ez daki gose greban dagoena beste irtenbiderik utzi ez diotelako dagoen oheari lotuta, edo aspertuta zegoelako erabaki zuen bere bizia arriskuan jartzea oraindik norbait dela erakusteko, edo egia den gauetan egundoko afariak egiten dituela eta gero, ezer gertatu ez balitz bezala, andregaiaren altzoan lo goxoan murgiltzen den. “Auskalo!”, pentsatu du egunkariak bere tokian uzten zituen bitartean. Zertarako saiatu egia bilatzen? Komunikazio arazoa egunero jasotzen dugu itzulitako informazio uholdean. Noren esku dago urrutitik, eta ez hain urrutitik, iristen zaigun informazioa sortu eta, kasuan, itzultzearen ardura?

Ulertu ezina sendagilea eta gaixoaren artean; ez minak dagoenak ez duelako ulertzen nola ez dioten ematen, behingoz, txandarik bere ustez hain beharrezko dituen probak egiteko, aurrean duen sendagileak zer daukan garbi esaten ez diolako baizik, eta duenak zer ondorio ekarriko dizkion. Badirudi arazoa sendagilearena dela eta ez gaixoarena. Duintasuna ere ukatzen badiote, behintzat, gaixotasunaren berri bere osotasunean eman diezaiotela.

Komunikazio eza ez haserretzeagatik, politikaz, ikastolaz, zezenketei buruz, kirolaz edo udal berriaz, esate baterako, hitz egiteari uko egin dioten aspaldiko lagunen artean. Bakardade itogarria zaharrenen artean sumatzen dena, umeak balira bezala hitz egiten diegunean gizartea bezain azkar mugitzeko ahalmena galdu dutelako, edo euren ahotik hitzak inor ez molestatzeko komeni bezain azkar ateratzen ez zaizkienean.

Agian, maitaleak dira elkarri adierazi nahi dioten hura zuzen adierazteko gauza diren bakarrak. Agian, baina horretan ere badut zalantzatxoa.

Eta bukatzeko, itxura aldaketak ekarriko dituen egoera berrian, eta inkomunikazioa hain krudela izan ez dadin, eskaera laburra. Udal berriak ez dezala huts egin komunikazio arloan. Herritarrak jakin dezala zergatik hartzen diren, hartzen dituzten erabakiak, zergatik ez diren beste batzuk hartzen, noraino iristen garen herri moduan, eta, zalantzaren bat badute, galde dezatela, herritarron bihotza, duintasuna edo poltsikoa urratzen dituzten gaiak badira, pozik erantzungo diegu-eta.

Zezenketak. Saninazioak gainean ditugunean ez ahaztu bakarren batzuk arratsaldetako aspermena inorekin haserretu gabe pasatzeko beste batzuk hondarra odoleztatu beharko dutela. Zezenena, haiena bai inkomunikazioa. Edo ikustera joaten direnena, agian?

uztarria.com: Uztarria Komunikazio Taldea
Perez Arregi 1 behea 20730 Azpeitia
Harremanetarako: formularioa, e-posta: uztarria[a bildua]uztarria.com telefonoa: 943150358
Babesleak: Azpeitiko Udala, Gipuzkoako Foru Aldundia eta Eusko Jaurlaritza (Kultura)
Sareko Argia 2005 - Estatistikak

Uztarriak ez du bere gain hartzen webgunean adierazitako esanen eta iritzien erantzukizunik
Parte hartzeko arauak