Sahararrak gogoan
Maider Zendoia
Uztailaren 21ean Sahararren Eguna ospatuko dute Azpeitian. Hangoek bizi duten egoera zailaren berri emango dute herrian
Zarauzko Saharautz taldeak urteak daramatza Oporrak bakean egitasmoaren barruan Saharako haurrak euskal udalerrietara ekartzen udan, eta uztailaren 21ean Sahararren Eguna ospatuko dute Azpeitian, Wadna Zestoako taldearekin batera.
Hain zuzen, biak dira eskualdean hango egoeraren inguruan lan egiten duten taldeak, eta bien ideia izan da 2007ko Sahararren Eguna Azpeitian antolatzea. Jon Aranguren azpeitiarra da Zestoako Wadna taldeko lehendakaria eta Sahararren Egunaren antolatzaileetakoa. “Azpeitian gertatzen denaren inguruan hausnartu genuen taldean; izan ere, Azpeitiak 14.000 biztanle ditu eta ez da ezer asko egiten Saharak bizi duen egoeraren aurrean”. Beraz, egun hori hemen antolatzea eta sentsibilizazio kanpaina abiatzea erabaki zuten.
Uztailaren 21erako egitarau zabala antolatu dute. Horrela, Oiartzungo Sahararen aldeko taldeak duen haima —desertuko toldoa— muntatuko dute plazan, hango bizimodua ezagutarazi asmoz. “Haima barruan, Zarautzen eta Aizarnazabalen bizi diren sahararrak egongo dira, tea prestatu eta herritarrekin solasean”. Arangurenen ustez, “Saharak bizi duen egoerarekiko interesa egon badago herrian, baina horren inguruan antolatzea falta da”.
Lau familiatan. Azpeitiko lau familiak 8 eta 12 urte arteko sahararrak etxean hartuko dituzte. “Oso garrantzitsua da umeak hona etortzea, hemen egiten zaielako lehen azterketa medikoa”, dio Wadnako lehendakariak. Arangurenek uste du sahararrek “oinarrizko bi behar” dituztela: “Oinarrizkoena, euren lurraldera bueltatzea da, baina gaur egun dauden iheslarien kanpanmenduetan behar-beharrezkoak dituzte medikamenduak”.
Jendea ekitaldira azaltzeko gonbitea egin dute antolatzaileek. “Norberak egin dezala barne hausnarketa eta gero bakoitzak atera ditzala ondorioak”.
Egitaraua
11:30. Haima plazan.
12:30. Mohamed El Mamun, Fronte Polisarioak Euskal Herrian duen ordezkariaren hitzaldia plazan.
14:00. Herria bazkaria azoka plazan.
16:30. Trikuharri taldearen ikuskizuna plazan.
|