Uztarria.com, Azpeitiko ataiye 2008ko uztailek 7,  ASTELEHENA

Hemen zaude: Azpeitiko ataiye »  Aldizkaria »  2007 »  Uztaila »  Tantoz tanto lanean

 ALDIZKARIA

 ORRI HAU...

 

Tantoz tanto lanean

Maider Zendoia

Ilunpe Pilota Elkarteak 25 urte daramatza esku pilota sustatzen Azpeitian. Gipuzkoako Herriarteko Txapelketako bigarren postuarekin ospatu du

Pilotariak Benantxio Karrera (goian ezkerrean) eta Jesus Ruiz Argandoņa (goian eskuinean) entrenatzaileekin, ekainaren 21ean.  
Andoni Egiguren pilota txapelketako finalerako sarrerak saltzen herrian. 
Pilotariak autobusera sartzen plazan, goizez.  
Atano III. frontoiko aldageletan takoak jartzen.  
Azpeitiar zaletuak giro ona jartzen saiatu ziren finalean. 
Mikel Ieregi atzelaria -ezkerrekoa- gazteen partidan. 
Errazkin eta Esnaola -erdian- udal ordezkariak. 
Azpeitiar bat bozgorailuarekin herrikoak animatzen. 
Ilunpe elkarteko kideak urduri nagusien partidan. 
Tanto erabakigarria; 21-21 eta txapela jokoan... 
Azkenean, Arrasate txapeldun! 

Azpeitiko Ilunpe Pilota Elkarteak 1982. urte hasieran eman zituen lehen pausoak. "Lagunartean gastronomia-elkartea zabaltzea pentsatu genuen; eta, horretarako, elkartearen jarduera zehazteko eskatzen zuen legeak", dio Jesus Ruiz Argandoņa elkarteko kideak. "Taldean eztabaidatu ondoren, esku pilota aukeratzea adostu genuen". Beraz, horrelaxe abiatu zen Azpeitian esku pilota sustatzea helburu izan duen elkartearen ibilbidea. Aurten 25 urte bete ditu, eta Gipuzkoako Herriarteko Txapelketan lortutako bigarren postuarekin ospatu dute urteurrena.

1981eko abenduaren 26an eratu zuten gastronomia-elkartea, eta hilabete gutxiren buruan ekin zioten pilota munduko egitasmoak antolatzeari. "Garai hartan Frontoi Txiki botata zegoen eta, ondorioz, Betharramdarretako pilotalekuan antolatu genituen lehen txapelketak", dio Ruiz Argandoņak.

"Herri mailan esku pilota sustatzeko, lagunartean jokatzen hastea bururatu zitzaigun. Horrela, beteranoen arteko txapelketa antolatu genuen, eta arrakasta lortu zuen; 20 bikotek hartu zuten parte". Jendearen erantzuna ikusita, beste bi txapelketa antolatu zituzten Errezilen. "Jende askok hartu zuen parte horietan, oso giro ona sortzen baitzen parte-hartzaileen artean".

ZALETASUNA. Beraz, lagunarteko zaletasuna gorpuztutako egitasmo bihurtu zen denbora gutxian. Ilunpeko kideak eskola sortu eta herriko gazteen artean hasi ziren esku pilota sustatzen. "Behin zerbaitetan hasita, gauzak serio egitea nahi izaten dut", esaten du Ruiz Argandoņak. Ordura arte, Cesar Valverde eta Patxi Azkargorta ziren esku pilota munduan ziharduten lagunak herrian.

Haien lekukoa ondorengoek hartu zuten Ilunpen: Benantxio Karrera, Andoni Egiguren, Juan Mari Egiguren, Javier Otaegi, Antton Martinez, Miguel Zendoia eta Jesus Ruiz Argandoņak. Azkargortak haiekin lanean jarraitzea erabaki zuen. Valverde 1986ko maiatzaren 2an hil zen; Ilunpekoek urtero antolatzen dute honen oroimeneko txapelketa, pilota munduan lan ugari egindako gizona zelako.

Valverde hil eta denbora gutxira eraiki zuten Frontoi Txiki berria; 1986ko uztailaren 25ean. "Silvestre Otamendi alkate zela (1972-1977), Frontoi Txiki botatzeko erabakia hartu zuten eta bederatzi urte egon ginen frontoirik gabe", dio Antton Martinez Ilunpeko kideak. "Frontoi Txikiko harriak zenbatuta kendu zituzten Enparan Dorretxe azpian jartzeko". Patxi Azkargortak gogoratzen duenez, "hala egiteko asmoa zuten, baina azkenean harri haiek ez zuten balio izan. Etxe eraikitzaile batek esan zuen kanpoan egondako harriak zirela eta ez zeudela baldintza onean".

Ilunperen ibilbideari estu lotutako pilotalekua da Frontoi Txiki. "Oso pilotaleku berezia da", uste du Azkargortak, nostalgia puntu batekin. "Lehengo frontoiko ezker pareta etxebizitza zen eta, horregatik, jokalariek pilota atzera bidaltzen dutenean kalera! esaten dute ikusle azpeitiarrek; gainerako herrietako frontoietan, berriz, ‘atzera!’ esaten dute".

PASADIZOAK. Askorako ematen dute 25 urtek, eta Ilunpekoek ere pasadizo ugari bizi izan dute urteotan. 1984ko Gipuzkoako Herriarteko Txapelketan Eskoriatzaren kontra jokatu zuten. Azpeitiak galdu egin zuen. Eskoriatzarrek profesional izandako jokalaria zuten taldean eta, arauen arabera, hark urtebete pasa egon behar zuen profesional mailan jokatu gabe. Hala ez zela ohartu ziren azpeitiarrak; beraz, partida bukatzean parte sartu zuten Ilunpekoek. Salaketa egia zela frogatu zuen epaileak eta garaipena azpeitiarrentzat izan zen.

2006ko Herriartekoan, berriz, azpeitiarrek adinarengatik lortu zuten sailkatzea Bergararen aurka jokatutako lehian. Izan ere, berdinketa kasuetan, gazteenek irabazten dute.

Patxi Azkargorta Ilunpeko kide beteranoak gogoan du Paulino Uzkudun Errezilgo boxeolari ezaguna nola etorri ohi zen Frontoi Txikira partidak ikustera. "Udako txapelketako epaile izatea gustuko zuen", gogoratzen du Azkargortak. "Garai hartan hiru epaile izaten ziren partidetan eta Uzkudun atzeko epailea izaten zen. Nik banekien ez zuela ondo ikusten eta, horregatik, mutiko bat bilatzen nuen haren atzean jartzeko. Pasa zenean mutikoak altxatzen zuen eskua eta, ondoren, Uzkudunek".

PILOTA ESKOLA. Elkartetik pasatutako haurrak asko izan dira 25 urteotan. "Normalean, urtean ehunen bat haur izaten ditugu gure eskolan; urte batzuetan gehiago, besteetan gutxiago", dio Benantxio Karrera elkarteko entrenatzaileak. Arratsaldero entrenatzen dira Frontoi Txikin, eta larunbat goizetan ere hantxe aritzen dira. Benantxio Karrera bera, Ramon Beobide eta Jesus Ruiz Argandoņa ibiltzen dira entrenatzaile lanetan.

Ruiz Argandoņaren iritziz, "Ilunpeko harrobitik irten duten pilotari ezagunenak Kepa Peņagarikano eta Iban Otaegi Beixama dira". Kiroleko beste alor batean zeresana eman duten beste bi azpeitiar ere gogoan ditu: Mikel Aranburu eta Mikel Labaka futbolariak. "Oso pilotari politak ziren; Labakak indarreko eskubia zuen eta Aranburu guztiz teknikoa zen, artista". Futbolean ere onak ziren biak, ordea, eta azkenean futbolarekiko apustua egin zuten.

Etorkizunera begira, elkarteko ordezkarien lekukoa hartuko duen jendea topatzea gustatuko litzaieke. Izan ere, Ruiz Argandoņaren ustez, "25 urte, urte asko dira, eta atzetik datoztenek bultzada ematea beharrezkoa da". Azpeitiko pilotazaleek zabalik dituzte Ilunpe Pilota Elkarteko ateak.

PATXI AZKARGORTA. Ilunpe Pilota Elkarteko kidea

"Gustura hartu nuen Ilunperen lekukoa"

Patxi Azkargortak (Bergara, 1926) urteak daramatza pilota sustatzeko lanean Azpeitian. Hasiera batean, Cesar Valverde izan zuen bidelagun eta, gaur egun, Ilunpe elkartekoekin dihardu pilotari gazteekin.

Noiz murgildu zinen pilota munduan?

Ni izatez bergaratarra naiz, baina 1950eko gabonetan etorri nintzen Azpeitira bizitzera. Betidanik izan naiz pilotazalea eta, Azpeitira etorri nintzenean, Frontoi Txiki ondoan jarri nintzen bizitzen. Gainera, familiako tindategia ere bertan zabaldu genuen. Beraz, esku pilotari ezin izan diot ihes egin.

Azpeitian pilotarekiko zaletasuna aurkitu al zenuen?

Bai, jai goizetan meza nagusiaren ondoren jokatzen ziren partidek jende ugari bildu ohi zuten.

Herriarteko txapelketaren sorrera bizi al zenuen?

Ia berrogei urte dira txapelketa sortu zela, eta hasieratik bizi izan ditut txapelketaren nondik norakoak gertutik.

Cesar Valverdek eta biok ibiltzen al zineten erakusten?

Igande goizetan kuadrila arteko partidak jokatzera joaten ginen Errezilera eta Aratz-Errekara.

Pozik hartu al zenuen Ilunpe elkartearen lekukoa?

Gustura, jakina! Izan ere, orduan guk ezin genuen dena egin. Nire afizioa bizitza guztian horixe izan da: pilota. Gero, ‘golfo’ horiekin elkartu nintzen eta gaur arte!

Zenbat urte daramatzazu esku pilotari lotuta?

.60 urte pasa; orain 81 urte ditut eta 18 bat nituenetik nabil pilotan sartuta. Mutikoak ginela, sarri joaten ginen frontoira Bergaran. Igandeko partidako programak ere banatzen nituen herriko taberna eta dendetan.

Gainerako modalitateak atsegin al dituzu? Egia esan, betidanik esku pilotari lotuta egon naiz, baina Frontoi Txiki itxita egon zen bederatzi urteetan Gipuzkoako Pilota Federazioak Izarraitz pilotalekuko kontuetan laguntzeko eskatu zigun.

Zu beti pilotan, eta semeak futbolera...

Hala da. Dena den, Iņaki eta Xabier pilota munduan ibili ziren, baina futbolerako bidea hartu zuten azkenean.

uztarria.com: Uztarria Komunikazio Taldea
Perez Arregi 1 behea 20730 Azpeitia
Harremanetarako: formularioa, e-posta: uztarria[a bildua]uztarria.com telefonoa: 943150358
Babesleak: Azpeitiko Udala, Gipuzkoako Foru Aldundia eta Eusko Jaurlaritza (Kultura)
Sareko Argia 2005 - Estatistikak

Uztarriak ez du bere gain hartzen webgunean adierazitako esanen eta iritzien erantzukizunik
Parte hartzeko arauak