Eta beste
Zubi eraikitzaileak
Kepa Susperregi
Aurreko aldizkarian, Lider izan nahi duenak... zubia izan behar du Galesko atsotitza oinarri hartuta, hauteskunde ondoren herri erakundeetako ardura bere gain hartu dutenen eginkizuna aipatzen zuen Maria Jesus Aranburuk. Egia esan behar bada, irudi adierazgarria gertatu zitzaidan.
Irakurri bezain pronto gogoratu nuen duela urte batzuk irakurri nuen Constructores de puentes izeneko artikulua. Idazleak zioen hori zela munduan eskaintzen diren tituluen artean gehien gustatzen zitzaiona: zubi eraikitzailea (pontífice).
Borondate oneko edozein pertsona zubi eraikitzaile izan badaiteke ere, ez da, ez, erraza zubi eraikitzaile izatea. Eta zailagoa, berriz, zubi izatea. Gogorra da, sakrifizio handia eskatzen du...
Zubia, izan ere, bi hertzak baino gehiago izan arren, bi hertzetan sendo oinarritu behar da. Bi ertzekin lotuta bizi behar du. Zubi izan nahi duenak, beraz, bere askatasun pertsonala mugatua ezagutuko du. Uko egin beharko dio, neurri batean behintzat, bere buruari.
Zubiak, beste aldetik, bertatik igarotzen direnen karga jasan behar du. Sendoa behar du. Zubi ederra atsegina bada ere gure begietarako, zubiak sendoa behar du, erabilgarria, zerbitzu on bat eskaini, eta segurtasuna eta konfiantza ematen duena.
Eta hori, esker onik itxaron gabe. Zubiak, nagusiki, ertz batetik bestera igarotzeko erabiltzen dira. Zubi lana egiten duenak ere, bitartekaritza zerbitzua eskaini ondoren, amaitu du bere eginkizuna.
Eginkizun garrantzitsua da zubi izatea: pertsonen artean, iritzi eta belaunaldien arteko zubi izatea. Ezingo ginateke bizi munduan, izan ere, zanga sortzaileak zubi eraikitzaileak baino gehiago balira.
|