Uztarria.com, Azpeitiko ataiye 2008ko urriyek 12,  JAIYE

Hemen zaude: Azpeitiko ataiye »  Aldizkaria »  2007 »  Uztaila »  Iritzia »  Otsoa datorrela!

 ALDIZKARIA

 ORRI HAU...

 

Hau

Otsoa datorrela!

Miren Larrea

Duela bi hilabete ekonomia ondo doakigula oraingoan, aipatzen nuen. Izan ere, azken urteetan asko dira bizi maila mantentzeko aldaketa sakonak egin behar ditugula diotenak. Bizirauteko bidea, berrikuntza barneratu eta teknologia altuko sektoreak indartzea omen da. Uste dut ahots horiei ipuineko artzainarena gertatzen ari zaiela: behin eta berriz esan digute otsoa badatorrela, baina orain artekoetan etorri ez denez, gu lasai (lasaiegi, agian?). Dena den, begira dezagun gurera etorriko balitz zer aurkituko lukeen.

Berrikuntza gaitasuna neurtzeko, I+G (ikerketa eta garapena) egiten duten enpresa kopurua begiratzen da. Azpeitian enpresen %1,2ak omen ditu era horretako jarduerak. Datua gure inguruan puntakoak diren udalerri industrialena baino apalagoa da (Arrasaten, %2,4), baina Gipuzkoako batez besteko %0,7aren goitik gaude. Ahalegin horren emaitza, ordea, besteak beste, patente kopuruaren bidez neurtzen da. Urtean mila biztanleko 0,2 patenterekin bai Arrasateko 2,5etik eta bai Gipuzkoako 0,6tik urrun geratzen gara. Badirudi, beraz, ahalegintzen garela, baina emaitza gutxirekin.

Teknologia mailari dagokionez ere, berri onik ez. Azpeitiko enpresen %0,2 besterik ez daude teknologia maila altuko enpresa bezala sailkatzen diren sektoreetan. Gipuzkoan, batez beste, %0,4. Teknologia ertain eta altuko sektoreena ere izan zitekeen gure apustua, baina ezta hori ere, gure enpresen %11 besterik ez baitaude talde honetan, Elgoibarrek, adibidez, %39 eta Azkoitiak %21 dituztenean.

Artzainak bere lagunei adarra jotzeagatik iragartzen zuen otsoaren etorrera. Nahiago nuke guri ere adarra jotzen ariko balitzaizkigu, baina...

uztarria.com: Uztarria Komunikazio Taldea
Perez Arregi 1 behea 20730 Azpeitia
Harremanetarako: formularioa, e-posta: uztarria[a bildua]uztarria.com telefonoa: 943150358
Babesleak: Azpeitiko Udala, Gipuzkoako Foru Aldundia eta Eusko Jaurlaritza (Kultura)
Sareko Argia 2005 - Estatistikak

Uztarriak ez du bere gain hartzen webgunean adierazitako esanen eta iritzien erantzukizunik
Parte hartzeko arauak