Uztarria.com, Azpeitiko ataiye 2008ko urriyek 8,  ASTEAZKENA

Hemen zaude: Azpeitiko ataiye »  Aldizkaria »  2007 »  Uztaila »  Iritzia »  Barrabil kontua/Ezin hustu

 ALDIZKARIA

 ORRI HAU...

 

Postontzia

Barrabil kontuak/Ezin hustu

Kepa Urbieta eta Igor Aranbarri

Barrabil kontuak

Igor, maitea! Futbolean urte batzuk jokatu duenak bazakik zer sentitzen den baloiak ‘parteetan’ jotzean. Gizonezkoa izan edo emakumezkoa izan. Nik berandu jakin nian zein zen gizonezkoentzat min hura apaltzeko erremedioa: mutilentzako, lurrean etzan eta behatza bi barrabilen artean sartzea omen duk. Hil honetako gertakariek batzuei ederki estutuko zizkietean barrabilak, baina erremedio horrek balioko ote dik kasu hauetan:

.1. Realak maila galdu duenean. Paradoxikoa duk zentzu batean. Futbolean jokatu ez baina baloiak bete-betean jotzen dik barrabiletan. Pena handiagoa hartuko nuela imajinatu izan nian beti, baina ez. Reala bera jaisteak baino alferrik galdutako igande arratsalde guztiek min handiagoa ematen diatelakoan nagok. Denboraldi eskasa egin dik gure mikeleteen taldeak.

.2. Alkatetza galtzean. Reala Bigarren Mailan ezagutuko nuenik ez nian asko espero, baina Iñaki Errazkin alkate ikusiko nuenik ez zitzaidaan burutik pasatu ere egin. Julian Eizmendik ere oso-osorik jaso dik kolpea, edo “bonba”, beraiek deitu bezala. Behatza baino zerbait gehiago ere beharko dik hartutakoa baretzeko.

.3. Errazkin aipatu dudanez, horren barrabilak ederki hazita egongo dituk. Gogoratzen Azpeitiko poesia emanaldietan teknikari gisa jarduten zuen hartaz? Bai, berbera: Iñaki Errazkin. Orain alkate. Orduan bezala, gertuko eta umil jarraituko ahal dik hemendik aurrera ere. Horrek beste erremedioren bat beharko dik husteko…

.4. Eta politikaz ari naizela, ezin aipatu gabe utzi EAko bi zinegotziak. Horiei ez zakiat zer diagnostikatu. Edo handiak ditiztek egin dutena egiteko, edo zeharo kuzkurtuta ditiztek egin dutena ikusita. Gauza bat zagok garbi: EAJrekin barrabiletaraino egon behar zutela. Politika eta futbola ez zaudek horren urruti. Behar dena jartzea duk bietan egin beharrekoa. Gogoa, alegia.

Ezin hustu

Filosofo irteeran habil aspaldi honetan, moteil: politika, futbola eta barrabilak parez pare jarri eta konparatzea...; hori duk poesia, hori! Ez nian behatzaren teknika ezagutzen; agian, beharko.

Maila altuko lurrikara izan duk Azpeitia nahiz Gipuzkoako leku askotan... “Ez nian berehala pentsatuko!”, hori esango ditek askok! “Akabo, bukatu duk bizitzaren zentzua!”, beste zenbaitek.

Ni, noraezean nabilek, mozkortuta bezala. Terapia pertsonala galdu diat. Alde batetik, igande arratsaldeetako plan tristea, tristeagoa bihurtuko zaidak, akaso. Bai, aitortzen diat, ez nauk futbolzale porrokatua, baina igande arratsaldeetan buruak ez ziguk ideia onik ematen. Ondorioz, igandero sufrimendua Reala izan diagu. Buila batzuk atera, entrenatzaile irteerak eginez argudio landuekin partida aztertu, “zer egingo diagu ba...” esan, pintxo batekin barne tristura estali eta, “bihar astelehena!...” botata, etxera. Sufritu egiten genian, baina baita barrenak oihu bidez lasaitu ere.

Beste terapia modua ere galdu diagu, dirudienez. “Bonba” bat izan omen duk Azpeitiko Udalean gertatu dena, bonba demokratikoa. Menu politikoa aldatu duk Azpeitian. 30 urtean baina-patatak jaten egon eta orain, bainak eltzetik kanpo geratu eta porru-patatak zaudek pil-pilean azenario ukitu batekin. Hori bai, patata gutxiko uzta izan duk, eta, azenario kolorea emateko lain.

Baina, harira: kontzientzia dudan garaitik udaletxeko gestioa handik edo hemendik kritikatu eta gaitzesteko aukera izan diat... eta orain? Nirekin batera oihuka zeudenak udaletxean zeudek...; akabo kexak? Baditek nahiko lan Iñaki Errazkinek eta konpainiak. Gainera, gauzak ondo egingo ditiztek, akaso.

Beraz, Realik gabe, eta baina-patatarik gabe… nola hustuko ditiat nire egonezinak? Eskerrak barrabil usteko neu nahikoa naizen.

uztarria.com: Uztarria Komunikazio Taldea
Perez Arregi 1 behea 20730 Azpeitia
Harremanetarako: formularioa, e-posta: uztarria[a bildua]uztarria.com telefonoa: 943150358
Babesleak: Azpeitiko Udala, Gipuzkoako Foru Aldundia eta Eusko Jaurlaritza (Kultura)
Sareko Argia 2005 - Estatistikak

Uztarriak ez du bere gain hartzen webgunean adierazitako esanen eta iritzien erantzukizunik
Parte hartzeko arauak