Uztarria.com, Azpeitiko ataiye 2008ko irailek 8,  ASTELEHENA

Hemen zaude: Azpeitiko ataiye »  Aldizkaria »  2007 »  Uztaila »  Iritzia »  Arinkeriak

 ALDIZKARIA

 ORRI HAU...

 

Libre

Arinkeriak

Jon Larrañaga

Munduan zerbait errepikakorra, astuna eta hobera beharrean txarrera doana bada, hori udako abestia da. Gaixotasun edo birus bat bezalakoa da, urtero agertzen da eta, behin barruan sartuta, ezinezkoa da ateratzea.

Askok exageratzen ari naizela pentsatuko duzue, baina astindu burua: Gozategi, Sorotan Bele, Sonia eta Selena, El tiburon, El venao... Gure memoria historikoan dauden abestiak dira eta, zorionez edo zoritxarrez, behin baino gehiagotan abestu ditugunak. Saninazio gau beroetan zenbat aldiz dantzatu ditugun...

Udako abestien kontua, gainera, estrategia berezia eta aztertzeko modukoa dela iruditzen zait.

Nik uste abesti hauek musikariek baino gehiago hipnotizatzaileek sortu dituztela. Gure une ahulak aprobetxatu eta hipnosiaren bitartez, geure garunean abestia sartzea lortzen dute. Behin abestia barruan dela, gainerakoa irratiek eta tabernek egiten dute; izan ere, horiek guztiz ‘konpintxatuta’ daude udako abestien egileekin. Behin eta berriz jartzen dute abestia, eta gure belarriek entzun eta hipnosiaren bitartez sartu diguten abestiak bizitza propioa hartzen du gure buruan…

Ziur nago bat baino gehiagok pentsatzen duela: “Hori tontakeria pila esaten ari dena hau! Bizi ditugun garaiak bizita, arinkeria horietan aritzea ere!”. Aldaketa bat proposatzen dizuet. Kendu ‘udako abestia’ hitza eta jarri ‘euskal gatazka’ haren ordez. Ea zer iruditzen zaizuen.

Laino beltzak. Opor giroan bete-betean sartuta, Euskal Herriko zeru urdinak (tenporei kasu handirik ez diet egin) berriro laino beltzez bete dira. Agian, beti hor egon dira eta ni ez naiz ohartu. Amets batean egon naiz. Amets horretan, ordea, ostarte garbiak eta eguzkia ere ikusi ditut, eta orain berriro dena ilundu da. Batzuek eta besteek dena ilundu didate.

Arinkeria puntu batekin jarraituko dugu. Politikoak eta oro har politika, Georgie Dann eta bere La barbacoa baino astunago, aspergarriago eta errepikakorrago bihurtu zaizkit. Udako abestietan behin eta berriz entzuten ditugun betiko leloak, euskal gatazkaren inguruan entzuten ditugun ‘bakea’, ‘demokrazia’, ‘elkartasuna’, ‘gizartearen ahotsa’ eta horrelakoekin parekatzen ditut. Horiek ere hitz ederrak baina, zoritxarrez, gure inguruan topiko bihurtu direnak, edo dituztenak.

Politikoak. Politikoen hitzek, udako abestiak egiten dituzten kleenex abeslari horien adinako bizitza dute: zeharo laburra. Denbora pasatu ahala abestiak nahastu eta ahazten ditugun bezala, politikoen ideiak, mezuak eta leloak ere nahastu egiten ditugu... Edo okerragoa dena: sinesgaitzak egiten zaizkigu. Gizartearen hitza eta ahotsa izan behar luketenak, ezezagunak (edo, zoritxarrez, ezagunak) zaizkidan interesen morroi bihurtu dira.

Egoera horren aurrean jendeak jarrera ezberdinak hartzen ditu. Batzuek paso egiten dute. Beste batzuek, berriz, oraindik eta gehiago sutu eta euren bizitzako oinarri bihurtzen dute politika. Nik nire inguruan beste jarrera bat ikusi dut: umore beltza. De Juanaren gose greba, bahituta egon direnen istorioak, bizkartzainen beharra dutenen egoera... dena bihurtzen da esplikagai umore beltzaren bitartez.

“Errespeto falta”, “lotsagabekeria”, “arduragabekeria”... esango duzue. Nik defentsa mekanismoa deitzen diot eta horren azpian dagoena ere argi ikusten dut: nekea, aspermena, desilusioa eta orain, inoiz baino gehiago, mesfidantza...; denenganako mesfidantza.

Nire arinkeria ere mekanismo defentsa da. Euskal gatazka eta udako abestia nahastea arinkeria da, egia, baina beharrezko iruditzen zaidan mekanismoa da. Gure bizitza, herri sentimenduari dagokionez, *montaña rusa* bihurtu da; beti gaude etsipenean murgilduta edo ilusioz beteta, baina beti gabiltza gora eta behera. Horregatik, uda eder eta luzea opa dizuet. Bota krema eta hartu eguzkia, atseden hartu, jan izozki ederrak, eta bota milaka parranda. Penak eta tristurak alde batera utzi, uzten diguten heinean; eta garrantzitsuena: indarra hartzeko gomedioa egiten dizuet. Ea indarberrituta oporren bueltan denok kalea geure egin eta politikoak alde batera utzita, benetan zer nahi dugun ozen esaten dugun. Izan ere, guztiok gauza bera nahi dugu, ezta?

uztarria.com: Uztarria Komunikazio Taldea
Perez Arregi 1 behea 20730 Azpeitia
Harremanetarako: formularioa, e-posta: uztarria[a bildua]uztarria.com telefonoa: 943150358
Babesleak: Azpeitiko Udala, Gipuzkoako Foru Aldundia eta Eusko Jaurlaritza (Kultura)
Sareko Argia 2005 - Estatistikak

Uztarriak ez du bere gain hartzen webgunean adierazitako esanen eta iritzien erantzukizunik
Parte hartzeko arauak