|
|
|
Enbido
Antton Carabina
Koldo Aldadur
Udaberriko zizekin gertatu ohi den legez, oso zaila da gure belaunaldikoen artean pertsona jatorren bat topatzea. Ez berez, genetikaz, okerrak garelako, psikologo ‘sasi-listoek’ dioten bezala uneak eta giroak okertu gintuztelako baizik.
Orain, europarrak garelako, bullying deitzen diogu orduan egunero eskolara joateari? Woody Allenek dio aitak behin baino ez zuela jo, 1968tik 1973ra; hori bai, etenik gabe. Guri ere antzekoa gertatu zitzaigun. Gerta zitekeen edozein astearte buruzuritan eskolara joan eta, isilik ez egoteagatik, edo, besterik gabe, egunero lo bakarrik egiteak derrigorrez gogorra behar duelako, fraidearen eskuaren epelak matrailean uzten dituen amorrua eta mendeku nahia dastatzea goizean. Eskolakide gazte baten mendiko botaren indarra atzealdean igartzea eguerdian, eta, “zerbait egingo zenuen!” entzun ondoren, ohera epel-epel eginda joatea gauean. Eta ez genuen pentsatuko aparteko eguna izan zenik. Hori, ‘vascos contra castellanos’ borrokarik ez bazen tartean. Gehienetan, lehen Agroman zen hartan biltzen ginen, nor zen bertakoa eta nor kanpotik etorritakoa garbi lagatzeko. Bestelako arazorik? Ideiarik ez baina, futbolarekin batera, kirol nazionala zen: bi blasta eman, lau belarrondoko hartu eta, kristorena egin bagenu bezala, etxera. Arrazismoa, hura bai zela arrazismoa!
Hartu eta eman. Beraz, gure belaunaldikoei ez diezagutela eska egunero gure bizitza aztoratzen duten arazoen aurrean egoera patxadan aztertzea, besteen iritziak entzutea edo kontsentsuko bideak hartzea. Gurea, hartzea eta ematea da.
Gerta zitekeen ere etxerako bidean eliz atarian neskatilak kantuan entzutea: “*Las niñas bonitas no pagan dinero*...” Beraz, politak ez zirenek beraiei zegokiena eta politei zegokiena ordaindu beharra zuten ibaia txalupan pasatzeagatik,
eta ez dut pentsatu ere egin nahi politak zirenek nola ordaintzen zioten txalupazaleari eginiko garraio lana. Auskalo!...
Abestien mezuak. Gerta zitekeen sehaska ertzean amaren bat haurrari, oharkabean gehienetan, mehatxuka entzutea: “Zakur handi bat etorriko da, laster ez baduzu egiten lo. Horregatikan, ene potxolo...”. Dardar batean hartzen zuen gaixoak lo. Eskerrak fardela soinean zeraman!
Eta hau? “*Yo soy la cantinerita, niña bonita del regimiento*...”. Ukitu militar nabaria duen abesti horretan neska polit batek erabat irtenda jartzen zituen kuarteleko soldaduak. “Se cuadran, me saludan, me dicen al pasar...”. Eta, jakina, neskatxa ederraren rolean sartu ziren gajo haiek ziren berbenatan dantzarik ematen ez zutenak.
Okerragoak, askoz abesti okerragoak ere baziren. Entzun: “*Anton Carabina mató a su mujer, la metió en un saco, la lleva [?] a moler*...”. Errotariak esan omen zuen hiltzaile matxista nardagarri hark poltsan zeramana ez zela irina, emaztearen hilotza baizik. Hura abesten zuten neskek ez zekiten zer zetorkien gainera! Mutilen kaskezurrean ere iltzekaturik geratu ziren, zoritxarrez, abestien letrak.
Baina beldurrik handiena era guztietako sotana eta uniforme artetik zetorren... “Bikotea, meriendatu eta gero, bekatuan hasi zen eta, hura ikusirik, zeru altuan zelatan zebilen putre batek mokoan zeraman ardiburua askatu eta mutila jo zuen, eta bertan hil. Hurrengo goizean, neska ohetik jaiki zenean gelako egurrezko zoruan mutilaren hankamarkak zeuden; hain zen handia infernuko txikitoa errege den leku beldurgarrian den beroa... Atera kontuak”. Hori errezildar zahar batek kontatu zidan, sermoilari ospetsu bati entzun ziola gaineratuz.
Eta horrelakoak, zenbat? Kontalari on asko omen dago zahar etxean. Liburu mardula betetzeko adina emango luke hara egindako bueltatxo batek. Ondorioz, abesti, istorio, sotana eta beste, nire belaunaldikoen artean jatorren bat topatzea ia ezinezkoa da: arrazistak, biolentzia zaleak, beldurtuak... Hori bai, erdi jatorrak direnek, ez didazue ukatuko, kristoren meritua daukate.
|