|
|
|
Postontzia
Aurrera bolie?/Gauden bezala, ondo
Kepa Urbieta eta Igor Aranbarri
Aurrera bolie?
Kaixo, gizon! Azpeitiko mugetatik at, Ingalaterrako lurretan ibili nauk oraingoan, eta, beste behin, Azpeitiaren txikitasunaz jabetzeaz aparte, beste bizitzeko modu bat badela ikusi diat. Badakik nolakoak garen azpeitiarrok, gizakiaren sorleku gure auzotxo hau dela pentsatzen diagu sarri, baina han jendeak nongoa naizen galdetzean alferrik zuan gure herria aipatzea; Donostia ere ezezaguna izanik askotan, Bilbokoa naizela esateraino ere iritsi ninduan. Eta ondoren badakik, Espainia eta Frantziaren tartean kokatuta gaudela azaltzean, aurpegi arraroa ikustea baino ez zuan lortzen. Orduan, Xabi Alonso aipatu eta denek “aaahhh!” batekin erantzuten zitean. Zerbezak eta futbola, ez ditek beste balorerik goi alde horretan.
Gizarte gaixotu bat topatu diat, egunero jendea mozkortuta ikusten huen edozein ordutan; bakarrizketan, begirada galduz kalean noraezean pertsonaia gehiegi; gau hotzean ipurdia bistan neskak dardarka ingurukoen atentzioa erakarri ezinik. Benetan, alde ederrean, naturalago bizi gaituk hemen. Bizimodu horrek ondorio latzak dakartzalakoan nagok, gizarte aurreratua omen duk haiena baina, gure aurretik badoaz, atzean gelditzea hobe. Egun haietako batean autobusean nindoala, 30 urte inguruko neska bat ikusi nian lau haurrekin: umeak zein baino zein ozenago builaka, bi pisuko autobus hartan gora eta behera, baina ama, okerrago, garrasi betean, txikiei kolpeka...; nekez iraun nian nire geltokiraino. Zalapartaren osteko isilean, gizarte ero horri leporatu nioan famili horren zoramena.
Duela gutxi, Azpeitiko igerilekuan, nahiko igeri egin ostean, aldageletara joan ninduan bapo erlaxatuta. Bertan hamabost bat umerekin egin nian topo, han zeudean, etengabeko zalapartan, animali gosetien pare...; Ingalaterrako autobusa etorri zitzaidaan burura. Gu ere haiek bezain ‘aurreratuak’ ote gaude? Ez nikek nahi...
Gauden bezala, ondo
Igor, maitea! Hara kasualitatea zer den! Neu ere Ingalaterran izan nauk orain gutxi. Ederra hukek hemen ikusi ez eta han topatzea. Hemen kafe bat hartzeko betarik ez eta han pintak hartzea. Enfin!
Liverpoolera joan gintuan zazpi lagun futbol partida bat ikusteko aitzakian. Nik han ikusitakoa eta hire deskriba-PENAK bat zetozek. Hala ere, argi eta garbi kontra egingo diat aipatu duan kontu batean: neskak ipurdi-bistan eta atentzioa erakarri ezinik? (hire begiek bekatu egin zitean, behintzat). Hori baduk hire ondorioa,
Liverpoolen ez haizeala egon ondorioztatzen diat. Kontatuko banu! Parrandara atera ginenean, zazpi lagun horien berririk ez nian izan. Ez, ez. Ez ondoegi pentsatu. Alboan nitian, baina lerdeak hitz egiteko gaitasuna kentzen ziean.
Nik handik bueltan beste burutazio batzuk ibili ditiat buruan. Beste gizarte bat nian buruan. Gurea, alegia. Konparatu gure amama eta ni. Amama urrunen izan den tokia Donostia izango duk. Beste herrialde guztiak infinitua dituk harentzat. Eta ni asteburu batean Liverpoolen izan nauk, besterik gabe. Gogoa eman eta egin. Gogoratzen abioiak aireratzeko abiadura aldaketa egiten zuenean zer zirrara sortzen zuen? Nik ez. Ohitu egin nauk. Errespetua galdu zioat tramankulu horri ere, kotxeari bezala. Pentsa, azafatek bi aldiz isiltzeko eskatu zigutean larrialdi kasuetan jarraitu beharreko pausoak azaltzen ari zirenean. Hori ere ez diat askorik ulertzen. Adibidez, zertarako balio du uretako txaleko batek hegazkin batean? Erortzen baduk lehertu egingo ez duk ba! Tira.
Begira zein ongi bizi garen Azpeitian: batzuk Costa Ricara surfa egitera, beste batzuk India ezagutzera, Greziako irletara bigarren aldiz joan nahi duenik ere bazagok... Abuztuko planez ari nauk, Igor. Non ditugu gure mugak? Gauza batzuetan haiek bezain aurreratuak gaituk. To azpeitiarkeria bat: edo gehiago, akaso.
|