|
|
|
Libre
Adopzioaren abentura
Olatz Prat
Joan den maiatzaren 1ean irakurri nuen Txinak legeak gogortu dituela adopzioari dagokionez. Horren arrazoia da herrialde horrek urtean bi mila eskaera baino gehiago jasotzen dituela eta lan erritmoak urtean 700 bat eskaera soilik kudeatzeko denbora ematen diola. Horregatik, filtro batzuk jartzea erabaki du. Irakurri nuenaren arabera, hango haur bat adoptatu ahal izateko gizon batek eta emakume batek osatutako bikotea izatea beharrezkoa da, gutxienez bi urtez ezkonduta egotea eta aurretik ezkonduta izanez gero bost urtez ezkonduta egotea. Biek 30 eta 50 urte arteko adina izatea ere eskatzen dute, batxilergoa edo maila bereko titulua edukitzea eta bai fisikoki bai mentalki osasuntsu egotea. Hori lehen filtro multzoa. Harrigarriena, ondorengoa: ezingo dute eskaririk egin homosexualek, bananduek, ezkonberriek, langabetuek, 50 urtetik gorakoek, ezkongabeek eta pertsona gizenek (bai, gizenek).
Beraz, orain 2005eko eskaerak kudeatzen badabiltza eta hortik aurrerakoek izugarrizko oztopoak izango dituzte.
PANORAMA BELTZA. Ezagutzen dudan neska bikote batek herrialde horretan adoptatzeko eskaera egina zeukan. Orain, zeuzkaten esperantza urriak agortzear dituzte, ez da harritzekoa. Jakitera eman zidatenez, ordea, begiak Txinan jarri aurretik Euskal Herriko haur bat adoptatu nahi izan zuten. Eta hemengo instituzioetan aurkitu zuten panorama ikusita aldatu zituzten planak. Imajinatu.
Nazioarteko adopzio baten prozesua bi edo hiru urte ingurukoa bada, gutxi gorabehera, adopzio nazional batek zortzi edo bederatzi urte iraun ditzake. Baina zergatik gertatzen da hau? Espainiako Estatuan haur bat adoptatzeko ez da nahikoa haur hori harrera zentro batean egotea. Beharrezkoa da gurasoek haurra abandonatua izatea, gurasoak zein diren jakitea, haien baimena izatea eta haurraren kustodiarik ez izatea edo galtzear edukitzea. Beraz, nahiz eta haur bat zentro batean egon, ezin da adoptatu, familia bat dutelako eta zentro horretan denbora batez soilik daudelako. Familiarik ez duten haurrak, bestalde, ezin dira adoptatu, aipatutako baldintza horiek betetzen ez direlako.
Estatuan erabiltzen ari den metodoa adopzioaz aurretiko harreraren metodoa da. Abentura horretan murgiltzera ausartzen direnek pauso batzuk jarraitu behar dituzte: lehenik eta behin, Gizarte Zerbitzuetara joan eta tramiteen argibideak argitu;
ondoren, galdeketa bati erantzun eta Gizarte Zerbitzuetara bueltatu; hori egindakoan, egokitasun balorazio bat egingo du instituzioak. Harrerarako egokia izanik ere, ez dizute adopzioa bermatuko.
PROZESU LUZEA. Dozenaka dokumentu, elkarrizketa eta inspekzioren ondoren, instituzio arduradunak epaia argitaratuko du. Eta hori idazteko unean ezin dut saihestu erromatarrak zirkoan imajinatzea, enperadoreak gerlaria zigortu edo bizitzeko baimena ematen dionean, eskua aurrera bota eta hatz lodia gora... ala behera eramaten duenean. Instituzioaren erabakia aldekoa ala kontrakoa izan daiteke. Kontrakoa bada, orain arte egindakoak ez du ezertarako balio izan, eta aldekoa bada, aukeraketa zerrenda batera pasatuko dira.
Zorte pixka batekin hilabete batzuetan haur bat hartu ahal izango da baina, adopzio bermaturik ez dagoenez, handik urte batzuetara hainbeste desio eta maite izan duzun haurra gal dezakezu.
Gauzek ez didate enkajatzen. Ongizate estatu batean azken helburua ongizatea da, herritarren ongizatea. Ezin da onartu haurrik gabeko gurasoak egotea eta, batik bat, gurasorik gabeko haurrak egotea. Ezin da onartu alboko herriko haur bat adoptatzeko prozesuak hamar urte irautea. Ezin da onartu gauzak oraindik horrela egotea. Ezin da onartu politikariek garrantzitsuak diruditen gauzei gehiegizko garrantzia emateagatik, berez askoz garrantzitsuagoak diren gaiak ezkutuan uztea.
INSTITUZIOEN JARRERA. Alde batetik, hemengoek kanpoko haurrak adoptatzeko zailtasunak dituzte. Bestetik, hemengoek hemengo haurrak adoptatzeko zailtasunak dituzte. Eta gauza bat argi dago, kanpitik ez dira etorriko hemengo haurrak adoptatzera. Hori al da ongizate estatu baten alde lan egitea? Instituzioen hatz lodiak gurasorik gabeko haurrak eta haurrik gabeko gurasoak gero eta okerrago daude.
|