Uztarria.com, Azpeitiko ataiye 2008ko abuztuek 29,  OSTIRELA

Hemen zaude: Azpeitiko ataiye »  Aldizkaria »  2007 »  Ekaina »  Iritzia »  Gure eguna

 ALDIZKARIA

 ORRI HAU...

 

Enbido

Gure eguna

Koldo Aldadur

Zin dagizuet artikulu hau idazten jarri baino lehen arnasa sakon hartu dudala eta saiatuko naizela gauzak gertatu ziren bezala kontatzen. Joan den hilaren bosta, goizeko hamarrak jo berriak. Abiatu naiz bizikletan Azkaraten gora, Elgoibartik Azkoitira. Derrepente, estreinako bihurgunean gazte kuadrila batek atera nau ahaleginak sortu ohi didan lo-kuluxkatik.

—Fenomeno —pentsatu dut—, aldapa errazago igoko dut hauen laguntzarekin. Rallysprintak eta festarako gogoak bildu ditu maldetan.

—Egintzazu kaballito bat!— dio batek.

—Derrapatu, mesedez!— besteak.

Irribarer batekin erantzun diet, baina oso gutxi iraun dit umoreak. Hurrengo bihurgunean kotxe bat bide erdi-erdian dago eta, parean pasatzean, sortzen duen arriskuaz ohartarazi diot. Txoferrak begiratu zorrotza du, erasokorra. Hitzik ez. Berrehun bat metro aurrerago, berriro erritmoa hartu nahian nabilela, auto zarata ikaragarria entzun dut nire atzealdean. Bide erdian zegoen hura nire gainera propio datorrela iruditu zait. Atodaletxe belarri ertzetik pasatu eta nire muturraren aurrean tronpo bat oparitu dit. Gainera, ez dakit kotxeak ez ote dion alde egin, eta ‘paratxokesa’ nigandik zentrimetro gutxira geratu da. Nork agintzen duen garbi dago: berak berrehun zaldi ditu; ni ez naiz ezer.

EZTABAIDA. Oraindik lau kilometro falta dira gailurrerako, eta emozio asko. Gaur goizean kotxeak erotuta dabiltza. Beno, kotxeak ez, barrukoak baizik. Ezin dut gehiago eta infernuko txikitoa txardango eta guzti ikusi balu bezala zetorrenari, nire bizia arriskuan ez jartzeko erregutuz, eskua altxatu diot. Akabokristo! Geratu du kotxea, munduko hauts denak harrotuz, jo du martxatrasa, eta hasi da eztabaida. Hitzez hitz:

—Zer ostia ari haiz eskua altxatuta?

—‘Zer ostia?’ Ba al dakik ze belozidadetan hatorrean?

—Ez hadi hasi potroak ikutzen! Kulpa hirea dek, horrelako egun batean bizikletarekin hemen ibiltzeagatik...

—Baina ez al dago ba bidea irekita guretzat ere? Karrera arratsaldeko hiruretan duk eta goizeko hamarrak pasatxo dituk...

—Bi ostiako merezi dituzue. Ez al dakizue gaur gure eguna dela?

ONDORIOAK. Beldurra, letxetxarra eta presak eraginda, inoiz ez ditut falta zaizkidan kilometroak azkarrago igo. Eta berriro arnasa sakon hartuta egokiak jotzen ditudan hainbat ondorio:

—(Umorerik galdu gabe) Urtean egun batean, rallysprint egunean, kotxeek, arau logiko guztiak apurtzeaz gain, txirrindulariak harrapatzeko eskubidea dute. Ondorioz, Aitaren Eguna edo Langilearen Eguna instituzionalizatu diren eran, beste egun batean kamioek kotxeak txikitu ahal izan ditzatela, beste batean bizikleta zaleek oinezkoak zanpatu, eta horrela egutegia osatu arte. Hori bai, dagokion egunean bakarrik, arauak errespetatuz!

—(Serioxeago) Seguru nago guztiz ezberdindu behar direla hainbat antolatzaile arduratsu eta horrelako rallyetan parte hartzen duten gidari gehienak batetik, eta zainak balbulinaz eta frustrazioz beteta dituzten hainbat astapotro, bestetik.

—(Erabat serio) Ez da onargarria Ikastola bezalako erakunde batek horrelako rallyak antolatzea eta babestea. Ikastolaren oinarrian dauden baloreen aurkako ekintzak direlako. Kirola, egiteko delako, eta ez bide bazterretik ikusteko; ingurumenari kalte egiten diotelako; sortzen den dirutza baino askoz garrantzitsuagoa delako gazte eta ez hain gazteen osasun mentala. Badakit antolatzaileen ahalegina ordaintzeko dirurik eta esker onik ez dagoela, baina zerbait pentsatu beharrean dira.

Yoga eta kontrol mentala beharko ditut, inork ez didalako kasurik egingo, baina ziur nago asko garela herrian erabat nazkatuta gaudenok Azpeitian denok rallyzaleak garela entzuteaz. Hori gezurra da.

uztarria.com: Uztarria Komunikazio Taldea
Perez Arregi 1 behea 20730 Azpeitia
Harremanetarako: formularioa, e-posta: uztarria[a bildua]uztarria.com telefonoa: 943150358
Babesleak: Azpeitiko Udala, Gipuzkoako Foru Aldundia eta Eusko Jaurlaritza (Kultura)
Sareko Argia 2005 - Estatistikak

Uztarriak ez du bere gain hartzen webgunean adierazitako esanen eta iritzien erantzukizunik
Parte hartzeko arauak