Uztarria.com, Azpeitiko ataiye 2008ko uztailek 6,  JAIYE

Hemen zaude: Azpeitiko ataiye »  Aldizkaria »  2007 »  Maiatza »  euskarari gorazarre

 ALDIZKARIA

 ORRI HAU...

 

Euskarari gorazarre

Maider Zendoia

Antton Eizagirrek urteak daramatza euskararen alde lanean Bastidan. Omenaldia egin diote aurten Korrikan

Antton Eizagirre Korrikako lekukoa eskuan hartuta bere etxe atarian, Bastidan (Araba).  

Jaiotzez azpeitiarra bada ere, Antton Eizagirrek urte asko daramatza herritik kanpo bizitzen. Azken urteotan Bastidan (Arabako Errioxa) bizi da eta euskalgintzarekin izandako konpromisoa dela-eta omendua izan zen martxoaren 23an, Korrikan. "Euskaldun izaera bihotzaren barruan daramat eta sentimendu hori ez dit ezta San Pedrok ere kenduko!", esanda laburbiltzen du Eizagirrek euskarak bere ibilbidean izandako garrantzia.

Azpeitian Lanberrondo baserrian jaio zen, 1921eko maiatzaren 28an, baina hamabost urterekin Debara Sasiola baserrira joan zen morroi. Mintzaeran nabari zaio herri desberdinetan bizitako gizona dela. "Jaiotzez azpeitiarra naizen arren, bederatzi bat urterekin Zestoa aldean igaro nituen bi negualdi, hamalau urterekin Debara Sasiola baserrira joan nintzen morroi, handik Eibarrera Cil enpresara lan egitera eta, azkenik, Gasteizera bizitzera. Azkeneko urteak Bastidan pasatu ditut". Beraz, bizipen ugari izandako gizona da.

GAZTELERAZ. Soldadutza garaiko pasadizoak ere gogoan dauzka. "Francok euskaldunak erabili gintuen Gipuzkoa eta Nafarroa arteko errepideak eraikitzeko", dio Eizagirrek. Aiako Harri (Oiartzun) inguruan egon zen soldadu, lehendabizi errepidea eraikitzen eta gero tunel bat egiten. Soldadu lanean aritu zen denboraldi hartan, euskaraz mintzatzeagatik behin baino gehiagotan zigortu zutela dio. "Gazteleraz hitz egiten ez nekien eta nirekin soldadutzan zeudenak ere, nire antzera, euskaraz hobeto moldatzen ziren". Haren ustez, "garai hartan gutxi batzuek baino ez zekiten gazteleraz hitz egiten Azpeitian".

Antton Eizagirre 25 urterekin joan zen Eibarrera Cil enpresara lanera, eta handik bi urtera, enpresak Gasteizen zuen lantokira bidali zuten. Erraz moldatu zen hiriko bizimodura; "Eibarren lanean geundenak joan ginelako hara eta, ondorioz, euskaraz ederki moldatzen ginen geure artean".

Azken urteotan Bastidan bizi da, eta bizilagunen artean denetik dagoela aitortzen badu ere, han "euskalgintzaren aurka dagoen jende asko" bizi dela uste du. Gaizkiulertu eta tirabirak ere izana da herrian. "Miguel Angel Blanco hil zutenean, adibidez, herritar batzuek gurekin zuten harremana moztu egin zuten".

Udara partean euskaldun ugari izaten da Bastidan, eta gero eta gehiagok erabaki dute herrian bizitzen geratzea. Ikastola berria inauguratzeak ere herriko giroa aldatu egin duela uste du. "Euskal ohiturak herrian errotzen joan dira pixkanaka, eta orain Olentzero, Santa Ageda eta inauteriak ospatzen ditugu Bastidan". Hala eta guztiz ere, eguneroko bizitza euskaraz soilik egitea zaila dela deritzo.

OMENALDIA4. Martxoaren 23an, Korrika Bastidatik pasatu zen egunean, omenaldi xumea egin zioten Antton Eizagirreri, lasterketaren edizio guztietan parte hartzeagatik. "Orain 27 urte hasi nintzen ospakizun honetan parte hartzen, eta bi urtetik behin, Bastida ingurutik pasatu izan den bakoitzean parte hartu izan dut".

Bestelako kontuetan ere aritu izan da euskararen alde lanean; makina bat aldiz ibilia da kalean kartelak jartzen, ekitaldiak antolatzen eta ekimenak sustatzeko kaleratutako produktuak erosten. Hala, martxoaren 23a egun berezia izan zen Eizagirrerentzat. Euri erauntsi eta elur artean pasatu zen Korrika Arabako Errioxatik, baina herritarrek egindako harrera beroak aise uxatu zituen eguraldiaren gorabeherak. "Une hunkigarri bat dut buruan: Urizaharra eta Bastida lotzen dituen mendatetik pasatzean, elurra errepidetik kentzeko herritarrek egindako ahalegina".

Oro har, Korrikako hura oso "egun sentibera" izan zen harentzat eta bere sendiarentzat. Goizean lasterketan hartu zuten parte eta gauean omendua izan zen. Ikastolako gurasoek antolatutako omenaldian 150 lagun izan ziren. "Bertsoak abestu, aurreskua dantzatu eta Korrikako lekukoaren erreplika oparitu zizkidaten". Aurrera begira, argi dauka jarraitu beharreko bidea. "Beti kolaboratu izan dut euskalgintzarekin eta halaxe egiten jarraituko dut, hil arte".

uztarria.com: Uztarria Komunikazio Taldea
Perez Arregi 1 behea 20730 Azpeitia
Harremanetarako: formularioa, e-posta: uztarria[a bildua]uztarria.com telefonoa: 943150358
Babesleak: Azpeitiko Udala, Gipuzkoako Foru Aldundia eta Eusko Jaurlaritza (Kultura)
Sareko Argia 2005 - Estatistikak

Uztarriak ez du bere gain hartzen webgunean adierazitako esanen eta iritzien erantzukizunik
Parte hartzeko arauak