Zer eskatuko zenioke hurrengo alkateari?
ROSARIO IBAETA UEMEko kidea
"Segurtasuna eskatuko nioke; lapurretak, puskaketak... izaten ditugulako dendetan. Herria sakabanatzen ari da, eta erdigunea pixka bat baztertuta dago. Biziberritzeko ekintzak poliki eta berandu iritsi dira, eta herriaren bihotza zaindu eta biziberritu egin behar dugu".
HAIZEA EGIGUREN Gazte Asanbladako kidea
"Gaztedia kolektibo bezala onartu behar da; hau da, arazo desberdinak dituen kolektibo bezala. Behin hori onartuta, gazteek Udaleko erabakiguneetan hitza izatea bermatu behar da. Era berean, Udalak gazteei tresnak eta gune propioak eskaintzeko konpromisoa hartu behar du".
ELI AGINAGALDE Misio Taldeko kidea
"Azpeitiko Udalak hirugarren munduan dauden herritar misiolariei laguntzen jarraitzea eskatzen dugu. Herrian bidezko merkataritzako denda finko bat jartzea ere nahiko genuke. Herriko aurrekontuen %0,7 herriko behartsuenei bideratzea gustatuko ere litzaiguke".
ALAITZ AIZPURU EHEko kidea
"Euskara ofizialtasun osoz erabiltzeko, Udalak neurriak hartu behar ditu: Udala UEMAko bazkide egin, erakunde publikoak euskaldundu, udal ordenantza betearazi eta, nola ez, euskararen normalizazio planen osaketa herritarren erabakietan oinarritzea".
GLORIA ODRIOZOLA Aitonenako batzordeko kidea
"Batzordeko txanda bi urtean behin gauzatzeko laguntza eskatzen diogu udal berriari. Bestalde, garraio publikoa sustatu behar da, Azpeitia ez dagoelako ondo komunikatuta. Azkenik, esku zabala izateko eskatzen diogu, sei urtean ez digutelako diru laguntza handitu".
ELI ARANGUREN Izarraitzpeko Sorginak-eko kidea
"Emakume arloak gizarte ongizatetik atera eta beste arloetan eragiteko ahalmena izan behar du. Horrela, plan feminista bat diseinatu eta martxan jarri behar da, formazioa duen emakume teknikari batek kudeatuta eta herriko emakumeen parte-hartze zuzenarekin".
IŅAKI ALTUNA Nuarbe Sokatira Taldeko kidea
"Aurten taldea osatzea lortu ez badugu ere, aurrera begira sokatirako instalazioak mantentzeko eskatzen diogu Udalari. Bestalde, ondo legoke sokatira herri kirol gisa sustatzea ikastetxeekin lankidetzan. Horrela lortuko dugu etorkizuneko harrobia".
|