Uztarria.com, Azpeitiko ataiye 2008ko urriyek 13,  ASTELEHENA

Hemen zaude: Azpeitiko ataiye »  Aldizkaria »  2007 »  Maiatza »  Galdera asko hauteskundeetan »  Etorkizuna eraiki nahian

 ALDIZKARIA

 ORRI HAU...

 

Alderdien proposamen nagusiak

Etorkizuna eraiki nahian

Datorren legealdira begira, alderdiek proposamen ugari bildu dute programetan; etxebizitzaren arloak garrantzia handia du

ETXEBIZITZA

EAJ. "Zortzi urterako 1.250 etxebizitza planifikatu dira errekalifikaziorik gabe eta etorkizuna hipotekatu gabe (erdiak baino gehiago babestuak), urtebeteren barruan 330 bat etxe babestu zozketatuko ditugu eta alokairu soziala ere bultzatuko da".

EAE-ANV. "Etxe hutsen merkatua aktibatu, alokairu politika martxan jarri, etxebizitza berrietan babes ofizialekoak lehenetsi eta tasatuei babes ofizialekoen baldintzak ipini".

EA. "Gaurko etxe beharrari gaur erantzun, etzirako utzi gabe".

Aralar-EB. "Babes ofizialeko etxebizitzak eta alokairu soziala sustatu, parte zaharra berritu, etxe pribatuei moratoria ezarri eta Loiolako hiribidea berde mantendu".

PSE-EE. "Ahal dela, babes ofizialeko etxebizitza gehiago sustatu behar dira eta alokairu soziala ere bultzatu beharko lizateke".

PP. "Etxebizitzak alokatzeko kultura sustatu behar da, jabeei alokairua kobratzea eta etxebizitza baldintza onetan berreskuratzea bermatuko dizkien neurriak hartuta; oro har, babes ofizialeko etxebizitzen alokairua sustatu behar da".

HIRIGINTZA

EAJ. "Bidegorrien sarea burutu; parkeak egin edo anpliatu (Sanjuandegin, udaletxe atzean estalia, ikastetxe guneak...); parte zaharra eta auzoak eraberritzen joan eta akzesibilitate arazoak konpontzen jarraitu".

EAE-ANV. "Martxialgo labeen kokapen aldaketa azkartu, inguru horren erabilera eztabaidatu eta adostu. Garraio publikoaren bultzada nabarmena. Eta inguruko parke eta gune berdeak babestu eta bultzatu".

EA. "Arkitektura oztopoak kendu eta bat-batean jarri N-1erako irteera azkarra".

Aralar-EB. "Bidegorria hedatu ibaia ardatz gisa hartuta, saihesbideari alternatibak eman, erdigunea oinezkoentzat izan dadila, eta lurpeko aparkalekuak jarri behar dira Betharramdarretan eta epaitegian".

PSE-EE. "Obrak, ahal den neurrian, hitzartutako epeetan bukatu behar dira".

PP. "Komunikazioak garatu behar dira errepideen plan estrategiko baten bitartez, autobia berriak eta N-1erako lotura burututa, Foru Aldundiarekin lankidetzan".

INDUSTRIA

EAJ. "Industria poligono berriak egin —Larrin eta Larre industria lurretan—, eta Corrugadosen leku aldaketari behin betiko bultzada eman".

EAE-ANV. "Larreko industriagunea erabileran ipini behingoz, enpresen berrikuntza proiektuak enpresa berrien sorrerarekin batera lagundu, eta bultzatu enplegu duina sortzera bidean".

EA. "Lantegi batek baino gehiagok herritik alde egin ez dezan, lursail berriak eskura eta presta ditzagun".

Aralar-EB. "Lur industriala kudeatu inguruneari eta jasangarritasunari lehentasuna emanda, eta langileen baldintzak kontuan izanda".

PSE-EE. "Industriaguneak sustatu behar dira, enpresa gehiagok ez alde egiteko Azpeititik".

PP. "Enplegua sorraraziko duen lurzoru industriala eskuratzea beharrezkoa da, enpresa berriak garatu eta ezarrita eskualdea lehiakorragoa izango delako eta enpresak beste guneetara ihes egitea saihestuko delako".

GIZARTEA

EAJ. "Adin nagusiko pertsonentzako zentro integralaren eraikuntza sustatu; alkohola eta droga arazoez prebentzio eta kontrol politiketan pauso berriak eman, batik bat adin txikikoekin".

EAE-ANV. "Pobreziari aurre egiteko neurriak lehenetsi, eta hirugarren adinari begira San Martin egoitzaren bigarren handitzea burutu, eguneko zentro eta apartamentu tutelatuekin batera, gune berean proiektatuz".

EA. "Zerbitzu sozialek, antolamendu eta eraikuntza osatu batean soilik egon beharko lukete eta ez bitan, azpeitiarren artean desberdintasunik ez egoteko**.

Aralar-EB. "Herriko beharrei erantzungo dieten zerbitzuak hedatu, haur eskolak urte osora zabaldu malgutasun osoz, eta hirugarren adinekoentzako egoitza publikoa bultzatu".

PSE-EE. "Ahal den herritar guztiei zuzenduta egon beharko lukete gizarte zerbitzuek".

PP. "Eguneko zentroen plazak gehitu, eta emandako zerbitzuaren eta etxeko laguntzaren kalitatea bermatu behar da, erantzukizuna sustatuta".

KULTURA

EAJ. "Hasitako ekipamenduak burutu (Soreasu eta San Agustin); ondare artistikoa ikusgai jartzeko ahaleginetan jarraitu (Loiola eta parte zaharra lotu); Azpeitiaren 700. urtemugarako ekitaldiak antolatu".

EAE-ANV. "Kulturaren parte-hartze mahaia indartu Soreasuko proiektuan adostasunak lortuz, diru laguntza politika arautu, ekintza kultural txiki eta ertainen azpiegiturak lehenetsi, eta herrian dugun kultur aniztasunaren (jatorria...) erakusleihoak sortu".

EA. "Herriko taldeei indarra emanez sendotuko dugu kultura".

Aralar-EB. "Herriko patrimonioa erabili, Soreasu sendo bat egin, Sanjuandegin kulturgunea zabaldu, eta hizkuntzan hitanoa berreskuratu".

PSE-EE. "Ea eraikuntza berriak martxan jartzen diren eta herritarrek bizitza ematen dieten".

PP. "Soreasuko kulturgune berriak adierazpen kultural guztiei zabalik egon behar du, kalitateko antzezpen eta ekimen berriekin (zine foruma, hitzaldiak, kontzertuak...)".

BESTERIK

EAJ. "Errespetuan eta baloreetan oinarritutako elkarbizitza sustatu, herritarren partaidetza bultzatu, sakabanatutako herriguneetan batzordeak eratuz (Urrestilla, Nuarbe, Matxinbenta, Lasao, Loiola...)...".

EAE-ANV. "Arloz arlo parte-hartzea eta erabakiguneak herritarrei ireki, Udaleko baliabideak horretara bideratuz (teknikariak, aurrekontuak, komunikazio tresnak...)".

EA. "Gaztediari ‘zahar txaparik’ ez; gazte, zuk zeuk eraiki behar duzu zure etorkizuna; EA beti izango duzu lagun, alboan, ondoan".

Aralar-EB. "Herritarren kezka, iradokizun eta beharrak kudeatu ahal izateko bulego bat jarri beharko litzateke martxan eta, bestalde, diru publikoaren kudeaketa bermatu beharko luke Udalak".

PSE-EE. "Herriko guneak zaindu eta txukun mantentzeko joera hartu behar dugu herritarrok".

PP. "Eskualdean Zainketa Aringarrien Unitatea ezartzea proposatzen dugu".

uztarria.com: Uztarria Komunikazio Taldea
Perez Arregi 1 behea 20730 Azpeitia
Harremanetarako: formularioa, e-posta: uztarria[a bildua]uztarria.com telefonoa: 943150358
Babesleak: Azpeitiko Udala, Gipuzkoako Foru Aldundia eta Eusko Jaurlaritza (Kultura)
Sareko Argia 2005 - Estatistikak

Uztarriak ez du bere gain hartzen webgunean adierazitako esanen eta iritzien erantzukizunik
Parte hartzeko arauak