Uztarria.com, Azpeitiko ataiye 2008ko urriyek 13,  ASTELEHENA

Hemen zaude: Azpeitiko ataiye »  Aldizkaria »  2007 »  Maiatza »  Galdera asko hauteskundeetan »  Julia Tercero: "Zinegotzi ez banaiz ere, azpeitiarrak ez ditut utziko"

 ALDIZKARIA

 ORRI HAU...

 

Julia Tercero PPren alkategaia

Julia Tercero: "Zinegotzi ez banaiz ere, azpeitiarrak ez ditut utziko"

Segurtasun neurri askoz bizi da Julia Tercero, Azpeitian jende gutxirekin du harremana, eta badirudi atsegin duela kazetariek elkarrizketa egitea.

Donostiatik
Donostiatik.  Azpeititik kanpo bizi den alkategai bakarra da Julia Tercero; Donostian bizi da. Aurreko hauteskundeetan ez zegoen PPren zerrendan ere, baina ia urtebetera zinegotzia zen. Herria ezagutu nahi zuela zioen; Donostiatik? 

Oraingoan, zerrendaburu. 2003an zerrendan ere ez zeunden.

Baina ni 2004ko urtarriletik naiz zinegotzi. Orain azpeitiarrek behar bezainbeste boto ematen badizkidate, berriro izango naiz zinegotzi.

Zer helburu dituzue?

Gutxienez, bikoitzea; zinegotzi batetik bira pasatzea.

Eta ez baduzu zinegotzi postua ateratzen, Azpeitiaren alde lanean segituko al duzu?

Donostian bizi zara, herrian ez daukazue egiturarik... Edozer egiteko prest nengoke. Azpeitiarrak ez ditut utziko, eta behar nauten bitartean hor izango naiz, politikoki ezin bada, sozialki. Hori bai, lortuko bagenu azpeitiar batek nik defenditzen ditudan ideiak defenditzea udaletxean, ni esanda nago orduan sobran nengokeela. Askatasunik ez dago, ordea. Bitartean, lanean segituko dut. Legealdi honetan lan egin dudala uste dut, Udalarekin kolaboratzen aritu naiz.

Zer erara?

Nire ideia politikoei eutsiz baina beste alderdiekin elkarlanean, herritarren onerako, bizi kalitate hobea izateko. Izan ere, Udaleko jarduna beste erabatekoa da.

"Elkarlana", zeinekin?

EAJ eta EA batera egon dira udal gobernuan, baina PPk EAk baino gehiago lagundu dio EAJri.

Eta hori?

EAJren ekimenak egokiak iruditzen zitzaizkidalako. Ideia politikoak gehienetan legebiltzarrean defenditzen dira eta udaletxean, aldiz, kudeaketa egiten da, herritarrentzat, hauentzat kudeaketarik gertukoena udalek egiten dutelako: etxebizitza arlokoa, ongizatekoa... Arau ordezkatzaileetan EAJren alde azaldu ziren, eta

Julian Eizmendi alkateak lan ona egin zuela zenioen.

Kontsekuentea izan da Eizmendi eta nik babestu egin dut, ideia alderdikoiak izan dituenean salbu.

Hauteskundeotan EA bakarrik aurkeztuko da. EAJk gehiengo osoa lortuko ez balu, zein litzateke PPren jokabidea zinegotzi postua eskuratuz gero?

Ez dakit. Legealdi honetan ikusi dena da EAJ eta EA aurrez aurre egon direla, eta hori ez da modurik egokiena Udala gobernatzeko. Herritarrentzat onerako lan egin behar da eta, udal gobernuan daudenek eztabaidatu arren, beste era batera egin behar dituzte gauzak.

Baina zer egingo zenukete?

PPn goian erabakitzen dena ikusi behar, Azpeitian modu librean ezin dugulako aritu. Alderdian irizpide batzuk ditugu, joko arau batzuk, eta horiek bete egin behar ditugu. Dena dela, nik uste pixka bat independentea izan naizela, herriko ekimen batzuk onak iruditzean aurrera egin dudalako, nahiz eta PPren irizpideekin oso bat ez etorri ekimen horiek. Beraz, zer? Ez lidake axolako EAJrekin kolaboratzea, ez horixe.

Azpeitian EAE-ANV hor izango da, AASri ez diote utziko...

Kontua da ezker abertzalea hor izango dela. Oso azkarrak dira. Baina daukagun [Espainiako] Gobernua dugu... Beste Gobernu batekin ez zen hau pasatuko.

Ia hiru urte eta erdian zaude Azpeitiko udaletxean, herrian. Nolako balantze pertsonala egiten duzu?

Etorri nintzenean, ez nuen Azpeitia ezagutzen. Pare bat aldiz baino ez nengoen egona, festetara-eta etorrita. Saiatu naiz herria ezagutzen, bere auzoak... Herritarrak ezagutzen ere saiatu naiz, baina denok dakigu askatasunik ez dagoela eta, zoritxarrez, ez dut lortu jendea nigana zuzenean etortzea proposamenak egitera.

Orduan, nola izan duzu herritarren berri?

Gutun bidez komunikatu izan dira nirekin, eta saiatu naiz laguntzen. Ez ditut dezepzionatu.

Haiekin harreman zuzena lortzeko zer egin duzu, ordea?

Gutxi. Jendeak ni ikustean, keinu txiki bidez-eta agurtu izan naute. Egia esan, neuk ere ez ditut konpromisoan jarri nahi. Gutun bat bidali nien herritarrei, neure burua eskainiz lanerako. Bestela, gerturatzen saiatu naiz, dendetan izanda, tabernetan... Behin ere ez naiz baztertuta sentitu, baina jendea nigana ez da etorri. Nahiko nuke bakoitzak geure ideiak defendituko bagenitu beldurrik gabe.

Zer hobetu beharko litzateke Azpeitian?

Gauza asko egin dira, baina beti dago zereginik. Esate baterako, babes ofizialeko etxeak egitea gazteentzat. Ezinbestekoa delako. Izan ere, lortu behar dugu gazteak ez joatea herritik. Azpeitiak ekonomikoki perspektiba onak ditu, eta saiatu behar dugu kanpoan trebatu diren azpeitiar gazte horiek ere hona bueltatzea, lanpostu onak eskainiz, soldata duinak... Gero, jakina, mailegu aldetik leporaino ez egoteko. Izan ere, horrek 30 urte bete arte familia sortzea eragozten die.

Politikariok ia gauza bera diozue etxebizitza arloaz...

Bai, baina egin? Eta egin, egin behar da. Nik esan dudan hori defenditzen dut, egokiena delako. Esperientziaz diot, gainera, hiru seme-alaba ditudalako eta badakit zer ari zaien pasatzen. Hala ere, Azpeitian etxebizitza politika egokia aurrera eramateko oinarriak jarri ditugu. Adibidez, orain babes ofizialeko etxe batzuk zozkatuko dira Loiolako bidean, baina ez denak, zergatik? 2006-an lanean hasi direnei aukera emateko hurrengo zozketan sartzeko.

Alokairuari buruz zer?

Sustatu egin behar da. Oso etxe gutxi alokatzen da, eskaintza ez delako handia. Gainera, zer gertatzen da Azpeitian? Etxea erostearen kultura oso indartsua dela.

Euskaraz zer, 2004an baino gehiago ba al dakizu?

Zerbait ulertzen dut, baina ez dakit. Hiru aldiz saiatu naiz ikasten, baina ez dut hizkuntzekiko erraztasun handirik izango... Nire seme-alabek badakite euskara.

Zeure aurkezpenean esan zenuen Azpeitian kontuan hartu behar direla herritarren artean euskaraz ez dakiten %7 horiek.

Hala da-eta! Ez dakit jendea konturatzen den. Gainera, beste gauza bat: euskaldunen artean jende asko dago euskara idatzia ulertzen ez duena, eta hemen idatziak euskaraz soilik izatea...

Zer esan nahi duzu horrekin?

Adibidez, Azpeitian zer? udal aldizkaria bi hizkuntzatan egin behar dela, ez euskaraz soilik, bertan jartzen dena ulertzeko denek.

Beraz, azken batean ari zara esaten Azpeitian anbulatorioak, epaitegiak... ere euskaraz funtzionatu behar dutela.

Hala da.

Oro har, ez da hala gertatzen.

Baina zer gertatzen da, esaterako, anbulatorioan? Azpeitian eskatu izan da pediatrek euskaraz jakin behar dutela, baina kasu horretan ezin da lehenetsi euskara, baizik eta pediatraren maila, azkenean pertsonen osasunarekin jokatzen ari direlako. Nik neure umeari medikuak zerbitzu ona ematea nahi dut, ez euskaraz hitz egitea. Medikuak euskaraz baldin badaki, ondo, euskara mantendu egin behar dugulako, baina profesional onak behar dira. Gertatzen ari, ordea, hemen ere gero eta gehiago lehenesten dela hizkuntza, euskara, eta mediku onak hemendik joaten ari zaizkigu.

uztarria.com: Uztarria Komunikazio Taldea
Perez Arregi 1 behea 20730 Azpeitia
Harremanetarako: formularioa, e-posta: uztarria[a bildua]uztarria.com telefonoa: 943150358
Babesleak: Azpeitiko Udala, Gipuzkoako Foru Aldundia eta Eusko Jaurlaritza (Kultura)
Sareko Argia 2005 - Estatistikak

Uztarriak ez du bere gain hartzen webgunean adierazitako esanen eta iritzien erantzukizunik
Parte hartzeko arauak