Manoli Uranga: "Ez nuke egingo lau urteko akordioa, libreago izateko"
Etxea, baserria, udaletxea. Manoli Urangaren lekurik ohikoenak. Uztarria udaletxean hartu du.
|
|
Ohikoa.
PSE-EEren ohiko zerrendaburua izaten bihurtzen ari da Manoli Uranga Azpietiko hauteskundeetan, berriro izango delako alkategai. Berak bezala pentsatzen dutenei botoa ematea ahalbidetu nahi diela dio azpeitiar euskaldunak.
|
|
Laur urte eta gero, berriz ere aurkeztu zara.
Neure ideiak defenditzeko egin beharreko gauza da. Orain dela lau urte bezalako animoa edo handiagoa dut. Hori ez da aldatu. Orain zortzi urte aurkeztu nintzenean bezalaxe. Ideiak ideia dira, eta bakoitzak berea defenditzeko eskubidea dugu.
Lau urteko esperientzia zinegotzi bezala nola laburtzen duzu?
Berez, politiko mina duenarentzat, izan daitekeen posturik politena da udaletxekoa, zinegotzi postua. Oso positiboa da zinegotzi gisa herriaren ordezkari izatea.
Nolako lana izan da udaletxekoa? Barrutik ezagutuko zenuen lau urte hauetan.
Bai. Pentsa, PSE-EEtik neu naiz zinegotzi bakarra eta udal batzorde denetarako gonbidapena duzu. Alderdi bezala, batzorde denetara joatea dagokizu; bestela, ez zara enteratzen gaiaz. Normalean arratsaldean izaten direnez, bilera gehienetara joan naiz. Ordu pila da.
Eta gai denez ulertzerik ba al dago?
Zer nahi duzun eta zer ez aukeratu behar. Hirigintzako denetara joan naiz. Hutsegin ditudan gehienak Kirola eta Festak batzordeak izan dira.
Zer dela-eta Hirigintzakoetara interes handiagoarekin?
Hortxe izaten da mugimendu gehien, herriari gehien eragiten dion batzordea da. Basoak, mendia... hor badaude gai batzuk.
PSE-EEk EAJrekin arau ordezkatzaileetan bat egin du.
Oso gai garrantzitsua delako. Bat egin dugu gauza askotan. Hemen, gainera, kuriositatea ematen da: EAJ eta EA udal gobernuan egon dira baina, aldi berean, elkarri oposizioa egiten ere bai gauza garrantzitsu batzuetan. EAJk eta EAk aurrenetik hasita izan zuten beraien puskaketa, Esklabetako eremuan erresidentzia egitearen kontuarekin. Han atzera zeinek egin zuen nik oso garbi dut. Eta nik garbi esan nuen bi erresidentzia ez nituela nahi, beste askok esan zuten bezala.
Zuek lau urte hauetan zeren alde egin duzue, batik bat? Zer atera nahi zenuten?
Babes ofizialeko etxeak. Hori oso garbi nuen.
EAJ-EAk 2003ko programan zioen "herri-babespeko 200 etxebizitza eraiki" behar zirela. Ez dute bete.
Proiektuak aurrera eramatea eta adostasunak lortzea kostatu egiten da.
Babes ofizialeko etxeak non egin?
Etxebeltz-Izarra urbanizagarri jarri zenean, proiektua Sanjuandegiri lotuta ikusten nuen nik beti.
Hogei bat urtean Azpeitiko biztanleria gutxi hazi da, eta herria bera zenbat hazi den hedadura aldetik...
Onartu beharra dugu Azpeititik gazte asko joan dela Azkoitira: prezio hobeak zeudelako, erakin gehiago zeudelako...
Eta Azpeitian mila etxebizitza hutsik daudela esaten da.
Baina zer baldintzatan? Eta jabeak alokatu nahi ez badu, zer egiten da? Eusko Jaurlaritzaren alokairu programa ere hor dago, baina Azpeitian jende gutxik segitu du hori.
Alokairuaren gaian neurri gehiago hartu behar, akaso?
Agirrenean egingo da esperientzia; ikusiko dugu zenbat jendek nahi duen. Denek, azken batean, etxea jabetzan nahi dute.
Pertsonalki, zer moduz?
Orain lau urte bezala. Itxaropen berak...
Eta orain bost urte, zinegotzi izan aurrekoarekin alderatuz?
Orain sei urte izan nuen nik lehenengo saioa, etxeari su emanda. Zinegotzi eta ezer izen gabe. Eta zinegotzi izan aurretik ditut nik bizkartzainak.
Zenbat baldintzatzen du horrek bizimodua?
Nik garai hartan Azpeititik irten edo ez planteatu nuenean, ama bizirik nuen. Amak guztion beharra zeukan eta egunero joan nahi nuen baserrira. Joaten nintzen eta ahal nituen ordu guztiak harekin pasatu nituen. Minik handiena, amarekin pasierara ezin irten izatea izan da. Oso bizimodu gogorra da.
Eta segitzeko erabakia hartu duzu.
Aukera bakarra dut, ordea: horrela edo alde egin. Eta joan, ez naiz joango. Ez dago eskubiderik, ez era batera pentsatu ez beste era batera pentsatu, pertsona bat horrela bizitzeko. Hemen segitu nahi dut, hemengoa naiz. Nire sen guztiak hemen daude. Euskalduna naiz, besteen hainbeste naizen edo gehiago naizen ez dauka inor neurtzerik. Maite dut lur hau. Eta denok ezberdin pentsatzeko eskubidea daukagu, denok, elkar errespetatuz.
AASri ezingo diote botoa eman herritarrek...
Indarkeria gaitzetsi behar du ezker abertzaleak.
Alderdien Legeak ez dio hori.
Badakite zer egin behar duten aurkezteko. Ez dut besterik esango. Politika, soilik politika egiteko erabili behar da. Indarkeriak ez du balio. Ez du merezi eztabaida batean sartzea.
Zer helburu ditu PSE-EEk hauteskunde hauetarako?
Nik ez dut ezusterik hartuko. Jendearen erabakia da.
Zuek orain lau urte 356 boto lortu zenituzten Azpeitian.
Igo egingo gara.
Beraz, eta oraingoan EAE-ANV hor dagoela, zinegotzi bat ateratzeko bai?
Ez diot hainbesteko zerarik ematen horri.
EB-Aralar, PP eta PSE-EE hor ibiliko al zarete zinegotzi bat lortzeko?
Oso zaila da jakitea. PPren botoa ere oso leiala da.
Zertan oinarritzen zara botoetan gora egingo duzuela esan duzunean? Egindako lanean?
Ez da asmo anbiziotsua, eh. Lau urte hauetan lana egin dut, eta jendea oso sentsibilizatuta dago.
Azpeitian inork lortuko al du gehiago osoa?
Baietz uste dut. EAJk. EA eta biak aurrekoan koalizioan joan ziren eta ez dakigu EAren boto erreala zein den Azpeitian. Nik hor nire zerak baditut. Jendeari entzunda, uste dut EAJk gehiengo osoa lortzeko aukera duela. Jakina, nahiago dut ez balu aterako.
Gehiengo osorik ezean, alderdien artean akordioak egin
beharko dira.
Udal gobernua osatzeko, legealdiko akordioa egin baino nahiago dut gauza puntualak adostea eta besteetan ezezkoa esateko libre izatea.
Beraz, PSE-EE ez legoke prest legealdiko akordioa egiteko.
Ez, ni ez. Bestela, horrek lotu egiten zaitu nahi ez duzun gauza baten alde bozkatzera.
Babes ofizialak aipatu dituzu lehen. Hari ez ezik, zer ematen diozu garrantzia?
Garbitasuna, esaterako. Herri bat ez da garbiena asko garbitzen delako, gutxien zikintzen delako baizik. Arazo bat, ibaiaren garbitasuna da. Aratz-errekatik hasita Zumaiaraino ibai ertza plastikoz beteta dago zuhaitz adarretan. Neurri batzuk hartu behar ditugu, baita boluntario bezala joan eta garbitu egin behar badugu ere. Saneatuta dugu ibaia, baina
ingurua...
Besterik?
Auzoak. Garraio, telefonia eta Internet... Auzoetarako zerbitzuak lotzen hasi behar dugu. Etxe berriak egiten ari dira, baina zaharrak erortzen; Nuarben, adibidez.
|