Uztarria.com, Azpeitiko ataiye 2008ko urriyek 7,  ASTEARTIE

Hemen zaude: Azpeitiko ataiye »  Aldizkaria »  2007 »  Maiatza »  Galdera asko hauteskundeetan »  Juan Karlos Arellano: "Azpeitian ezkerreko jendea ere badela erakutsi nahi dut"

 ALDIZKARIA

 ORRI HAU...

 

Juan Karlos Arellano Aralar-EB/Berdeen alkategaia

Juan Karlos Arellano: "Azpeitian ezkerreko jendea ere badela erakutsi nahi dut"

Juan Karlos Arellano prestatu da aurrena Uztarriarekin elkarrizketa egiteko. Hitz egiteko, behintzat, gogoa dauka.

Eta inplikatu
Eta inplikatu.  Lagunekin euren kezkez hitz egiten hasi, segitu, sakondu... eta politikan inplikatzera iritsi da Juan Karlos Arellano, alkategaia delako. Aurretik politikan ibili gabea izan arren, behin hor sartuta, zerrendaburu izan nahi zuen.  

Nolatan sartu zara politikan?

Neuk ere ez nuen uste inondik inora politikan bukatuko nuenik. Neure inguruak horixe galdetzen dit, ea nolatan sartu naizen. Miren Garmendia Aralarrekoa neure laguna da, eta haren kezka ugari entzun izan dut. Asko hitz egin dugu eta asko hausnarrarazi dit.

Politikan sartu, eta zerrendaburu.

Hauteskundeetan zerbait izatekotan, zerrendaburu izango nintzela garbi nuen, sartzekotan buru-belarri sartu nahi nuelako, betiere zerbait egiteko udale-txean.

Eta nolako lana egin nahiko zenuke?

EAJkoei esatea eta erakustea: "Aizue, hemen zuetatik aparte, ezkerreko jende bat badago", eta ahal dudana egingo dut halako politika egiteko, haien jokabidea behar bezalakoa izan dadin bermatzeko, beharrik handiena dutenen alde egiteko...

EB-Berdeek ez dute behin ere lortu zinegotzirik Azpeitian. Aralar ez da inoiz aurkeztu udal hauteskundeetan herrian. Zinegotzia lortzeko asmorik?

Bai. Guk uste lortuko dugula zinegotzi bat, ateratzen zaizkigu zenbakiak. Gainera, zerrendaburu izango naizela esan genuenetik, jende askok esaten dit bozkatuko gaituela; harritu egin naiz zenbatek esan digun ikustean.

Helburu handiagorik?

Ez, betiko bototik ez delako aldaketa handirik izaten. Zinegotzi bat ateratzea da gure helburu erreala.

Ezagutzen herrian EBkorik?

Ezta aztarrenik ere zein diren. Esan digute Azpeitian EBren pare bat afiliatu badirela baina ez dutela zerrendatan azaldu nahi.

Beraz, Azpeitiko programa Aralarrek baino ez zuen egingo...

Bai. Dena dela, erreferentzi batzuk jaso ditugu. Ez zitzaidan ondo iruditzen Aralarrek soilik egitea. Donostiako koalizio programa aztertu dugu —oso-oso ondo egina dago— eta hartu ditugu gauza batzuk. Aralarreko zerrenda osatzeko nola ibili zarete Azpeitian? Jende gehiagok eman digu babesa, baina ez dute nahi zerrendan azaltzerik: familiako arazoak direla...

Orain arte non mugitu zara politikoki?

Hil zen lagun batek esaten zuen bera independentea zela baina beti ezkerrekoa. Zentzu batean, hala definitzen naiz. Ni kanpoan bizi izan nintzen bi urtean eta, nire ustez, inguru honetatik kanpora irtetean abertzaletasuna desagertu egiten zaizu nolabait, eta horrek ere markatu izan nau; orduan, ezkerreko joera horrek gaina hartzen du. Bestetik, sekula ez dut sinistu alderdi politikoetan; izan ere, alderdiak betiere xurgatzen zaituen zera horrekin...

EB ez da abertzalea, Aralar bai...

Bai, eta hori da koalizio honen kontraesanetako bat. Baina gainditu egin beharko dugu.

EAE-ANV hauteskundeetan izango da. Azpeitian oraingoan inork lortuko al du gehiengo osorik?

Ez.

Kasu horretan, eta zuek zinegotzi bat lortuz gero, zer asmo?

Gerta liteke: bloke batek (EAJk) zortzi zinegotzi lortzea eta beste bloke batek (EAE-ANVk eta EAk) beste zortzi. Bi blokeen artean, hamasei. Eta guk lortzea hamazazpigarrena. Beraz, Udala baldintzatzeko aukera izugarria genuke.

Zuk aipatutako kasu hori emango balitz, zer?

EAJ gugana etorriko litzateke, baina gure babesa lortzeko gauza asko exijituko genituzke. Zer egin? Garbi dagoena da bloke horietako bat eskubialdekoa litzatekeela (EAJrena) eta bestea ezkerraldekoa (EAE-ANV, EA), eta ni neu seguruago sentituko nintzateke ezkerraldeko jendearekin, naturalagoa litzateke.

Zer esan nahi duzu horrekin?

Prest geundekeela kasu horretan EAJ oposiziora bidaltzeko. Gainera, komeni zaigu hala izatea. Izan ere, 1979tik dago Azpeitian agintzen eta ohitura asko daude hartuta, jokabide motak... Esaten da: "Hau horrela da eta horrela egin behar da", eta puntu, ez dago besterik. Jarrerak zabaldu egin behar dira. Azpeitiko udaletxean diru asko mugitzen da eta diru hori beste era batera erabil daitekeela uste dut.

Hirigintza da diru gehien mugitzen den sailetakoa. Zer iruditzen zaizu Udalaren hirigintza politika?

Partxeoa dela. Ez dago plan estrategikorik. Jendea fijatzen bada, udal honek momentuko beharren arabera baino ez du jokatzen. Zulo bat dagoela hor? Estali. Eskailerak egin behar direla? Egin. Espaloia igo behar dela han; gero espaloi horretan beste zerbait egin behar dela. Hau asfaltatu behar dela. Festak datozela eta bukatu egin behar dela halako... Hori egiten da, baina plangintza orokorrik gabe.

Zuen programan etxebizitza arloari garrantzia handia eman diozue.

Azkeneko 20 urtean Azpeitia biztanle aldetik ia ez da hazi; 200en bat biztanle baino ez. Eta herria zenbat zabaldu da? Asko. Orain Loiola aldean egin nahi dituzte etxeak. Ez zaigu bide egokia iruditzen. Bai, babeseko etxeak egingo dituzte han baina, azken batean, gero eliteko etxez josteko da, interesak daudelako. Azpeitiak ez du halakorik behar. Loiola aldea ingurune berdea da eta hala zaindu behar dugu, gerora ere ondo etorriko zaigulako.

Zeure hautagaitzaren aurkezpenean, etxebizitza hutsak azpimarratu zenituen.

Mila inguru daudelako herrian. Gure proposamena, Azpeitian lau urtean etxe pribaturik ez egitea da. Etxe gehiago behar badira, babesekoak. Eta, batik bat, gure proposamena da etxe hutsei erabilpena ematea, alokairura-eta aterata. Etxejabe horiei lagundu egin behar diegu, berrikuntzarako-eta diru laguntzak emanda, eta ez badute nahi alokairura ateratzea euren etxe huts hori, ez dut esaten erakunde publikoek espropiatu egin behar diotenik, baina bai zigorrak jarri, alokagai jartzeko derrigortzeko azken batean.

Kultur arloaz zer diozu? Zeu kultur talde batean ibili izan zara urteetan, orain gutxi arte: Zine Kluben.

EAJk ez du irizpiderik hor ere. Nola gaude taldeak Azpeitian lokal aldetik? Oso gaizki, eta 2007. urtean gaude. Lehen Basazabalen kultur etxea egiteko asmoa zuen Udalak, gero ezetz esan zuen, eta orain hotela egin nahi du. Zer irizipide du? Hor ere partxeoaren politika egin dutela iruditzen zait. Orain Soreasu egitera doaz, San Agustinpe ere egokitu nahi dute, pentsa zenbat urte pasatu diren hori dena egiteko, baina gero pasatuko da galdezka hasiko direla gune horiek nola kudeatu behar diren, zer plangintza behar den... Hori dena orain planifikatu behar da, lasai, denen artean, baina udal honek ez du halakorik egiten. Herriko kultur patrimonioa gorde egin behar da. Eta hor, euskararekin ez jokatu. Esate baterako, ziurtagiri aldetik bikoizketak sortu gabe.

uztarria.com: Uztarria Komunikazio Taldea
Perez Arregi 1 behea 20730 Azpeitia
Harremanetarako: formularioa, e-posta: uztarria[a bildua]uztarria.com telefonoa: 943150358
Babesleak: Azpeitiko Udala, Gipuzkoako Foru Aldundia eta Eusko Jaurlaritza (Kultura)
Sareko Argia 2005 - Estatistikak

Uztarriak ez du bere gain hartzen webgunean adierazitako esanen eta iritzien erantzukizunik
Parte hartzeko arauak