Uztarria.com, Azpeitiko ataiye 2008ko urriyek 7,  ASTEARTIE

Hemen zaude: Azpeitiko ataiye »  Aldizkaria »  2007 »  Maiatza »  Galdera asko hauteskundeetan »  Manuel Unanue: "Programen arabera, aukera guztiak dira posible"

 ALDIZKARIA

 ORRI HAU...

 

Manuel Unanue EAren alkategaia

Manuel Unanue: "Programen arabera, aukera guztiak dira posible"

Udaletxeko bere bulegoan dago Manuel Unanue, eta horman 2003ko EAJ-EAren programa du zintzilik. Maiz aipatu du.

Lehen aldiz
Lehen aldiz.  Maiatzaren 27an hautatua izaten baldin bada, hirugarren legealdia izango du Manuel Unanuek Azpeitiko Udalean, 1987-1991 eta 2003-2007 bitartean zinegotzi izanda delako. Aurreneko aldia du, ordea, alkategai bezala.  

Oraingoan, EA bakarrik aurkeztuko da, 2003an ez bezala.

Herriaren aurrean azken lau urtean egindako lanarekin aurkeztuko gara, eta beste lan batzuk egiteko asmoekin. Kreditu bat eskatzera goaz herritarrei, baina lau urteko abalarekin; gainera, talde tinko eta sendoarekin. Bakarrik joateak ematen dizu askatasun hori. Hori, hauteskundeen aurretik. Eta gero ere bai, era bateko edo besteko akordioak egiteko. Herri politikagintzan ez gara atzo jaiota-koak.

Azpeitiko azken lau urteak ikusita, logikotzat jo al daiteke EA eta EAJ euren kabuz aurkeztea? Izan ere, biok desadostasun handiak izan dituzue gai garrantzitsuetan: San Martin zahar etxean, arau ordezkatzaileetan...

Egia da gauza garrantzitsuak egin direla EAJren eta EAren artean, baina eman diezaiogun begiratu bat programari eta gauza asko ez dira bete, edo EAJk ez du bete programa.

Esate baterako?

Adibidez, EAJk eta EAk 2003ko programan Gizarte Zerbitzuetan jarri genuen eraikin bat egitea, eta bat esaten duzunean, bat esaten duzu, ez bi. EAJk, ordea, bigarrena egin nahi izan du. Guk bat, San Martin zaharren etxea indartuz. Eta bukatzear dago eraikina. Gaur eta geroko zerbitzu jator baterako oinarri sendo bat jarri dugu han.

Beste adibiderik?

Kirolgunea. EAJ-EAk programan jarri zuen kirolgunea bultzatu egin behar zela, belar artifizialeko zelaia eginez, atletismo pista, tenis eta paddle pistak... baina gero atletismo pista ez baduzu egiten, ba... Guk egin nahi genuen atletismo pista, EAJk ez. EAk Azpeitiko kirol erakunde denen babesa jaso zuen, eta haiek ere badute gure iritziz esatekorik, baina EAJk ez ditu kontuan hartu. Guk hori ezin dugu onartu. Herrigintza beste modu batera egin behar da, herriko taldeek parte hartuz.

Etxebizitzaren gaia ere hor dago. Loiolako etxei buruz ez zarete ados jarri EAJrekin.

Ez, eta koalizioaren programan jarri genuena ez dugu bete. 2003ko programan jartzen du “herri-babespeko 200 etxebizitza eraiki” nahi zirela. Ez dira eraiki. Bai, martxan daude, egingo dira, baina ez dira egin. Gauzak ez dira ondo egin; ezta hurreratu ere, gainera. EAJrena da hor ardura nagusia.

Baina zuek Loiola aldean ere etxeak egin nahi dituzue.

Azpeitian etxebizitzaren arazoa latza da. Eskaera handia dago babesekoena-eta (600 herritar pasak eman du izena Loiolan), eta horri aurre egiteko lehen neurri garrantzitsu bezala hori proposatu dugu, Loiolako bi aldeetan etxeak egitea. Hor etxeak egiteko aukera dago eta lekua ona da —jendea bizitzera ezin duzulako mendira bidali—. Gainera, etxe gehienen kudeaketa Udalak izatea proposatzen dugu, espekulazioa saihesteko. Han berehala etxeak egin daitezke, Udala lur sail baten jabe delako. Alkateak hemen emandako hitza jan egin du. Zergatik? Interes pribatuek herri interesei gain hartu al diete? Eta etxebizitzez ari garenez, esaten dugu alokairuzkoak sartu behar direla, apartamenduak, babesekoak, tutelatuak, libreak...

Herriak Loiola aldera hazi beharko luke, hortaz, zuen ustez.

Orain bai. Baina gero, bigarren garapen fase garrantzitsu bezala, Frantziskanak eta Gallardo enpresa aldera. Oraintxe dela egun batzuk jakin denez, Udalak Frantziskanen lurrak eskuratu ditu. 18.000 metro kuadro izango ditugu han etxeak-eta egiteko hemendik zortzi-hamar urtetik aurrera, Udalak berak kudeatuko ditu lurrak. Zortzi bat urtera Gallardoko fundizioa Baiolegi aldera pasatzen denean, askoz leku gehiago izango dugu.

Zer egiteko?

Aukera handiak emango dizkigu espazio horrek denak. Besteak beste, esparru berdea egiteko, ekipamenduak, San Martin zaharren etxea bete eta gero alde hartara hazteko —gure ustez, zerbitzu integrala emanez: eguneko zentroak, edadetuentzat asteburuko gelak eta abar—...

Aipatu beste bi arlo.

Kultura eta aste bukaeratako txikizioa-eta.

Kulturan zer?

Hor, bi atal: batetik, azpiegiturak eta, bestetik, euskara eta kultur eragileen arteko akordioa. Azpiegituratan, hor dugu Soreasu, hurrengo legealdi erdirako-edo bukatu beharrekoa, eta San Agustinpe ere bai —ea nolakoa egiten den azkenean—. Eragileen arteko akordioari ere garrantzia ematen diogu. Izan ere, kultura eta euskara ez dira inoren patrimonio, baizik eta denona, eta Azpeitian arlootan desadostasunak egon dira urteotan. Guk gutxieneko akordio orokorra lortu nahi dugu denekin.

Zer da aste bukaeratakoa?

Orduan herrian egoten diren txikizio, zikinkeri eta iskanbilak, handiak izaten dira. Horra begira zerbait egin nahi dugu gazteekin, ikastetxeekin... Errespetuzko eta bizikidetzako kontzientzia sortu nahi dugu, gune zabala eratuz, aktibitate batzuk sortuz eta, besteak beste, drogen kontra buru-belarri sartuz, Azpeitian droga asko sartuta dagoelako (pastillak...). Gaurko egoera hau zuzendu beharra dago.

Inork lortuko al du gehiengo osorik Azpeitian?

Ez. EAJ, aurrena geratzen bada, ez da arrimatu ere egingo gehiengo osora. Legealdi honetako esperientzia ikusita, oso txarra litzateke EAJk gehiengo osoa izatea. Orain izan du, eta gu, udal gobernuan egon arren, ez gaitu kontuan hartu.

Pronostikorik?

Ez, baina oso borroka gogorra joango da.

Zeinen artean?

Lehen posturako ez da alde handirik egongo. EAJ, EAE-ANV eta EAren artean egongo da.

Eta gero zer?

Elkarrekin lan egin beharko dela eta, beraz, akordioak lortu beharko direla. Zenbaitek, bere harrokeria alde batera utziz eta bestearen beharra duela ikusiz, planteamenduak zentzuzkoagoak eta argiagoak egin beharko ditu. "Nik agintzen dut eta nik esandakoa egingo da" pentsatzen duenik bada.

Zer jokabide har dezake EAJk zuk aipatzen duzun kasu horretan?

Ez dakit, baina oraingo alkateak jokabidea aldatu beharko duela zalantzarik ez dut. Guk denen programak aztertu eta horren arabera jokatuko dugu, lau urterako gutxienekoak adostuz batekin edo bestearekin. Gure lehen helburua Alkatetza lortzea da. Bai, zaila da. Baina gure bigarren helburua udal gobernuan sartzea da, eta ikusi egin beharko besteek zer proposatuko diguten, guk haiei zer... Elkarri ezingo diogu ezinezkoa eskatu, eta adostu behar hori Azpeitiarentzat aberasgarria izango da. 2003tik honakoa ez da halakoa izan, EAJ gehiengo osoarekin nahierara aritu delako.

Beraz, ez al duzu baztertzen hurrengo legealdian EAE-ANVrekin bat egitea?

Inola ere ez. Aukera denak dira posible: EAE-ANVk EAJrekin bat egitea, guk EAJrekin, guk EAE-ANVrekin.

uztarria.com: Uztarria Komunikazio Taldea
Perez Arregi 1 behea 20730 Azpeitia
Harremanetarako: formularioa, e-posta: uztarria[a bildua]uztarria.com telefonoa: 943150358
Babesleak: Azpeitiko Udala, Gipuzkoako Foru Aldundia eta Eusko Jaurlaritza (Kultura)
Sareko Argia 2005 - Estatistikak

Uztarriak ez du bere gain hartzen webgunean adierazitako esanen eta iritzien erantzukizunik
Parte hartzeko arauak