Uztarria.com, Azpeitiko ataiye 2008ko irailek 5,  OSTIRELA

Hemen zaude: Azpeitiko ataiye »  Aldizkaria »  2007 »  Maiatza »  Galdera asko hauteskundeetan »  Iņaki Errazkin: "Ezker eta abertzale botoak bildu nahi ditugu, anbizioz"

 ALDIZKARIA

 ORRI HAU...

 

Iņaki Errazkin EAE-ANVren alkategaia

Iņaki Errazkin: "Ezker eta abertzale botoak bildu nahi ditugu, anbizioz"

Utziko al diote aurkezten EAE-ANVri? Bai? Ez?... Horrela ibili da Iņaki Errazkin, kanpainako lana baldintza horietan egiten.

Azkoitikoa
Azkoitikoa.  "Azkoitiko Udalean garbi ikusi da nahi izanez gero badagoela aukerarik ezker abertzalea bertan izateko, baina alde horretatik Azpeitian ere ez dute ezer egin EAJk eta EAk. Azkoitiko Hego Euskal Herriko erakunde denetan egin izan balitz, Alderdien Legea bera geratuko litzateke baliorik gabe. Ez badugu konpromiso garbirik hartzen, arazo horrek hor segituko dugu. Herrietan dagoenez arazoa, herrietan hartu behar da konpromisoa, gora begira egon gabe" 

Zer dela-eta aurkeztuko da EAE-ANV Azpeitian?

EAE-ANVk hasieratik esan du ez duela beste alderdirik ordezkatzen, bere kabuz aurkeztuko dela. EAE-ANVk bere estatutuak ditu, bere arduradunak, bere antolaketa, eta bere proiektua ere bai. Azpeitian AASri ez diotenez utziko aurkezten, hutsunea sortuko litzateke, eta guk pausoa ematea erabaki dugu, sentsibilitate horretako herritarrek bozkatzeko aukera izan dezaten.

Azpeitian jendeak pentsa al dezake, beraz, hauteskundeetan sektore guztiak daudela?

"EAE-ANV hor dago eta bale", esan dezakete. Badirudi hori pentsatuta, legez kanporatzeak eta baliogabetzeak ez dutela garrantzia hartzen. Gure ustez, hori akats nabarmena da, herri honen zati bati eskubideak ukatzen dizkiotelako etengabe. Denek izan behar dute hauteskundeetan egoteko eskubidea eta bertan egoteko aukera, inolako oztoporik gabe, eta Euskal Herrian ez da hori gertatzen. Azpeitian AASk 1.049 sinadura lortu ditu baina ez diote utziko aurkezten, eta gure elkartasun guztia helarazi nahi diogu. EAE-ANVko 122 zerrenda ere egoera berean daude.

Udal hauteskundeetan eta gero, zer eskaintzeko edo egiteko zaudete?

Edozeinek gure zerrenda ikusten badu, ohartuko da Azpeitiko ezkerreko eta abertzale jendea garela, herriko mugimenduetan ibilitakoak. Hori dela-eta, azpeitiarrei proiektu ezketiar eta abertzalea eskainiko diegu hauteskunde hauetan, eta hori aurrera eramaten saiatuko gara legealdian.

Nola ibili zarete programa egitean?

Gure ideiei eta filosofiari eutsiz, jendearen eta eragileen ekarpenak jaso ditugu. Garbi dugu zer nahi dugun: herri honek alternatiba bat behar du, eskubiak urte asko daramatza Udalean agintzen eta horren ondorioak nahikoa kezkagarriak dira. Saiatuko gara alternatiba izaten, bai udaletxean eta bai kalean. Horretarako, balio gabe utzi dituzten hautagaiekin elkarlanean ariko gara.

Eta nolako programa egin nahi izan duzue?

Garrantzitsua da herri ereduaz hitz egitea, ulertzea nolako eredua nahi dugun, gero arlo bakoitzean filosofia hori segitzeko.

Zein da zuen herri eredu hori?

Azpeitian gaur egun dagoen ereduarekin ez gaude inola ere ados, eskubikoa delako: erabakiguneak Udalean baino ez daude, eta funtzionamendua bertikala eta hierarkikoa da; hirigintza zementuan oinarritzen da, zentzugabeko garapena daramate eta interes ekonomikoak lehenesten dituzte (negozio handiak daude)... Guk, aldiz, funtzionamendu zabalagoa nahi dugu eta herritarren beharrak kontuan hartutako herria egin nahi dugu.

Zehaztuko bazenu...

Funtzionamenduari dagokionez, trantsizioa egin nahi dugu. Hau da, erabakiguneak udal batzordeetan zentralizatuta daude eta hortik kanpo, gehienez ere, aholku batzorde batzuk daude (euskaran, kulturan...), baina aholku batzorde horietan ez dira erabakiak hartzen. Gure ustez, Udala deszentralizatu egin behar da, trantsizioa diseinatuz horretarako. Hala, herriari buruzko erabaki batzuk Udala ez den beste gune batzuetan hartzen joan behar da: gazterian, kulturan, euskaran, kirolan, auzoetan, arloetako aurrekontuei buruz, diru laguntzen inguruan, proiektu zehatzen inguruan... Udal batzordeak irekiak izatea ere planteatzen dugu.

Zehaztepenekin segituz, beste alderdi denek bezala, EAE-ANVk ere etxebizitzari garrantzia ematen al dio? Zuek ere Loiola alderako proiektua bultzatzen al duzue?

EAJk eta EAk, biek egiten dute Loiola aldeko proiektuaren alde, era batera edo bestera. Guretzat, planteamendu okerra da hori. Batetik, bai, Loiolako izen-ematea egindakoan babes ofizialeko etxeetarako 400-600 eskaera izan dira, baina Udalak oraindik ez daki benetan azpeitiarren artean etxebizitza eskaera nolakoa den kopuru edo etxebizitza mota aldetik, azterketa hori egin gabe duelako. Hala ere, Loiola bezalako eremu berdea etxez jostera doaz. Eta, bestetik, bitxia da: urteetan ez dituzte Azpeitian babestuko etxeak egin eta orain, berriz, udaletxean agintean dauden alderdiak kopuru gerra batean bezala daude: batek esaten du Loiola aldean horrenbeste etxe babestu egingo dituela eta besteak hainbeste. Eta orain arte zer? Beraiek egon dira udal gobernuan! Dena dela, udal honek gero ez du konplexurik bere lurretan 200.000 euro pasako prezioa duten etxebizitzak egiteko; kuartel zaharrean, adibidez. Ez dugu nahi halako eredurik.

Loiolako irtenbidea "okerra" dela diozu. Baina nola eman irtenbidea, zuen ustez, etxebizitzaren beharrari?

Ez Loiola aldean etxeak eginda, baizik eta hurrengo urteotan herriaren kaskoan edo inguruetan etxeak zaharberrituta edo berriak eginda. Aukera badago, lekua badago. Arau ordezkatzaileetan hurrengo urteetan leku horietan 600 etxebizitza egitea planteatzen da. Horretaz gain, etxe hutsak ere badaude herrian: mila. Etxe horien jabeekin lan bat egin beharko litzateke, etxe asko modu onean alokairu jartzeko, benetako politika eginez.

Frantziskanetako eta Gallardoko lekua ere aipatzen da...

Eta, gure ustez, datozen urte hauetan etxebitzak, lehen esan bezala, kaskoan edo inguruetan egin eta gero, herriak Frantziskanak aldera hazi beharko luke, ez Loiolara. Baina zer nahi dute EAJk eta EAk etxeak Loiola aldean eginda? ‘Azpeitia-Azkoitia hiria’ deitutakoa bultzatzea. Begira saihesbidea: Landetatik Txerloira doa, eta haiek hor barruan-inguruan dena urbanizatu egin nahi dute, negozio potoloei bide ematen segitzeko.

Programako beste puntu garrantzitsu bat?

Asko ditugu. Adibidez, lur industrialetan, nekaritzako lurrrak ez alferrikaldu eta daudenak erabiltzea; Goena, esaterako. Kirolan, berriz, herriko taldeentzat zentro bat eraiki nahi dugu, Garmendipe futbol zelaiaren harmaila nagusiaren atzeko terrenoan. Hau da, Gaztetxea badago, Zapo Txoko ere bai, Aitonenak ere bai, gero kulturgunea egin nahi da... eta kirolarentzat, aldiz, ez dago bilgunerik. Kirol taldeak elkarrekin egoteak onurak sortuko lituzke.

Hauteskundeetan zer lortzea espero du EAE-ANVk?

Anbiziorik handienarekin aurkeztuko gara. Ezkerreko eta abertzale jendearen botoak EAE-ANVren inguruan biltzeko beharra dago.

Inork gehiengo osorik?

Ez.

Eta orduan zer?

Geure proiektua aurrera ateratzeko, udal gobernuan egoteko asmoa dugu.

Zeinekin, ordea?

Adostasunerako, hiru puntu jartzen dizkiegu beste alderdiei mahai gainean: prozesu politikoaren alde pausoak emateko borondatea izatea, parte-hartzearen aldeko udal funtzionamendua, eta gizarte beharrak lehenetsiko dituen herri eredua.

uztarria.com: Uztarria Komunikazio Taldea
Perez Arregi 1 behea 20730 Azpeitia
Harremanetarako: formularioa, e-posta: uztarria[a bildua]uztarria.com telefonoa: 943150358
Babesleak: Azpeitiko Udala, Gipuzkoako Foru Aldundia eta Eusko Jaurlaritza (Kultura)
Sareko Argia 2005 - Estatistikak

Uztarriak ez du bere gain hartzen webgunean adierazitako esanen eta iritzien erantzukizunik
Parte hartzeko arauak