Uztarria.com, Azpeitiko ataiye 2008ko irailek 6,  ZAPATUE

Hemen zaude: Azpeitiko ataiye »  Aldizkaria »  2007 »  Maiatza »  Galdera asko hauteskundeetan »  Julian Eizmendi: "Erronkak ditugu eta udal gobernu indartsua nahi dut"

 ALDIZKARIA

 ORRI HAU...

 

Julian Eizmendi: "Erronkak ditugu eta udal gobernu indartsua nahi dut"

Bada papera Julian Eizmendiren udal bulegoan! Alkate izan da azken lau urteetan, eta proiektuekin segitu egin nahi du.

Berriro?
Berriro?.  Julian Eizmendi izan da azkeneko lau urteetan Azpeitiko alkate, Jose Mari Bastida EAJko alderdikideari lekukoa hartuta -18 urtean izan zen Bastida alkate-. Eizmendi beste lau urtez izango al da herriko Alkatetzan? 

Pertsonalki zer moduz azken lau urteotan alkate bezala?

Azkar pasatu dira. Kargua gogorra da, dedikazio handia eskatzen duelako eta buruhauste handiak sortzen dituelako. Politikan, gainera, gehienetan egoerak tentsionatuak izaten dira, eta errespetuan oinarrituta egoera horiek baretzen saiatu naiz. Desgastea, batik bat, familiari begirakoa da. Nik seme-alabak 7, 11 eta 14 urtekoak ditut, haiei nahi baino dedikazio txikiagoa eskaini izan diet, eta haien garaian lau urteko sasoia garrantzitsua eta eragin handikoa da. Emazteak eraman du, batik bat, etxeko zama hori.

Eta politikoki lau urteotako balantzea?

Gu sartu ginenean, gure taldea berria zen ia dena, erronka handiak genituen, arau osagarriak erabakitzea tokatzen zitzaigun herriaren garapena definitzeko hurrengo zortzi urteei begira... Lau urte hauek positiboak izan direla esango nuke, programa hein handi batean bete dugulako.

Zein izan dira arlo nagusiak?**

Arau osagarriak onartzea, esate baterako. Etxebizitzena ere bai, aurreikusten diren etxeetan teknikoek esandakoaren erdian ibili garelako: 1.250 planifikatu ditugu. Eta hor, hiru kontu garrantzitsu: etxe horien erdiak baino gehiago babestuak izango dira, eremuen berkalifikaziorik gabe eta etorkizuna hipotekatzeke.

Zer da etorkizuna ez hipotekatzea?

Herriak Frantziskanetan terrenoak lortu ditu, pauso sendoa ematen ari gara Gallardo Corrugadosen lekualdatzea egiteko, eta hemendik sei-zortzi urtera Udalean daudenek erabakiko dute herriak nora hazi behar duen: Esklabak-Loiola aldera edo Frantziskanak aldera.

**Etxebizitza babestuak aipatu dituzu, baina 2003an EAJ-EA koalizioak programan "herri-babespeko 200 etxebizitza eraiki (babes ofizialekoak —VPO—, salneurri tasatukoak eta etxebizitza sozialak)" zioen, eta ez dira egin...**

Etxebizitza politikan pauso handiak eman ditugu epe motz eta ertainera begira: etxe zaharrak erosi ditugu berriztatzeko, hitzarmen urbanistikoak sinatu ditugu, lan handia egin dugu lur urbanoak lortzen (22.000 metro kuadro lortu ditugu legealdi honetan), eta alokairuan ere bai. Etxebeltz-Izarran babes ofizialeko 208 martxan daude, tasatuak ere ere bai (Enparan, kuartela, Nuarbe), Agirreneko babes ofizialeko 18 etxebizitza alokairuzko martxan ditugu, eta San Miguelen 46 babestu izango dira eta Iturri-Txikin 28.

Orain zer gauza zehatz agintzen du EAJk etxebizitza arloan? Kopururik jarriko al du programan?

Aurreko dena esanda, urtebeteren buruan 330 etxe babestu zozkatuko ditugula kalkulatzen dut. Bai, egia da 2003an EAJ-EAk esan genuela 200eko kopurua, eta askok esan zidaten argi ibiltzeko kopurua jartzearekin, hori bete egin behar delako. Nik udaletxe honetan pasatu ditudan ordu gehienak etxebizitzaren arazoari erantzuten pasatu ditut.

Arau osagarriez eta etxebizitza arloaz gain, beste zerbait nabarmentzeko?

Beste lau. 1. Soreasu biziberritzeko pausoak eman ditugu, kulturgunearekin-eta. 2. Parte zaharra biziberritzen ari gara. Beste lau urte pasatu izan balira hor dirurik sartu gabe, ghetto bihurtuko litzateke. 3. Poligono industrialak eraiki behar ditugu, garrantzitsua delako. 4. Bidegorrien sarearen plana onartu dugu eta hasi gara lanekin. Kutsadurako politikarako garrantzitsua izango da.

Lur industrialez, 2003an ere antzekoa zenioten, eta ez daude prest.

Baina legealdi honetan Larrin kalifikatzea lortu da eta plan partziala onartuta utzi nahi dugu. Datozen hilabeteetan hasiko dira lanean makinak. Han ere lurrak pribatuak eta kudeaketa publikokoak izango dira.

Zure ustez, azken lau urte hauetan oinarriak jarri al dituzue herriaren garapenerako?

Oinarriak jarri bakarrik ez, martxan ere jarri ditugulako proiektuak: Etxebeltz-Izarra martxan dago, Agirre martxan dago, San Miguel ere bai (hitzarmena sinatua dugu, eta garatzen hasita), Soreasu, parte zaharra, bidegorria...

Zer asmo ditu EAJk hauteskundeetarako?

Taxuzko taldea aurkeztea, herritarren ahal den konfiantza handiena lortzeko. Erronka handien aurrean gaude, etxebizitza politikarekin aurrera segitu nahi dugu, poligono industrialak garatu nahi ditugu eta Corrugadosen aldaketari behin betiko bultzada eman nahi diogu. Lau urte hauek erabakigarriak izango dira horretarako.

Baina emaitzei begira, zer helburu edo asmo?

Orain dela lau urte konfiantza handia lortu genuen, eta orain berriro lortzea da asmoa.

Duela lau urte EArekin aurkeztu zineten. Orain aparte zoazte biok. Bakarrik aurkeztea ona al da zuentzat?

EAJ EArekin koalizioan joatearen aldekoa izan da. Eta planteamendu orokorrez ari naiz. Hau da, jendeak bakea eta normalizazio politikoa eskatzen ditu, aterabideak integrala izan beharko du ezinbestean, giza eskubide denen errespetuan eta herri honen erabaki eskubidean oinarrituta, eta aterabide horren berme EAJk eta EAk islatzen duten esparrua da. Horregatik, eta zentralitatea indartzeko, lankidetzan beharko lukete bi alderdiek.

Azpeitira etorrita, ordea, EAk eta EAJk desadostasun garrantzitsuak izan dituzte azkeneko legealdian.

Hori begien bistakoa da. Aldeak egon dira, herri ereduan alde handiak ditugu EAJk eta EAk. Lehen aipatutako erronkei aurre egiteko, gure alderdiak ahal den indartsuen atera behar du. Irabazteko asmoa bai? Eta irabaziz gero, gehiengo osorik? Ez zait gustatzen pronostikoak egitea. Ondoren udal gobernua osatzeko ardura badugu, saiatuko gara adostasunak aurkitzen. Garbi dudana da garrantzitsua dela udal gobernua indartsua izatea.

Zeinekin nahi duzue akordioa egitea?

Programan bat jartzen garenarekin. Denekin saiatuko gara. Eta goi-estrategiari ere begiratu behar zaio, Eusko Jaurlaritzan EAJ, EA eta EB bat eginda daudelako.

AAS balio gabe utzi dute...

Alderdien Legearen kontra egon gara eta gaude. Esparru horretako jendeak legalki erakundeetan islatuta egon behar du. Politikoki ez dudana onartzen da egoera horren errudun EAJ edo besteak jotzea. Erantzule nagusia ETA da, eta ETAri hori esan egin behar diogu, denok. Kolpe handia izan zen ETAren Madrilgo atentatua, baita ondoren ateratako komunikatuan eta emandako elkarrizketan esandakoa ere.

Eta horrekin zer ikusteko du hauteskundeetan egon nahi duen ezker abertzaleak?

Esan dut ezker abertzaleak islatzen duen esparru sozialak erakundeetan legalki egon behar duela. Hori garbi daukagu. ETA aipatu dut lehen, egoeraren erantzule nagusia bera delako.

uztarria.com: Uztarria Komunikazio Taldea
Perez Arregi 1 behea 20730 Azpeitia
Harremanetarako: formularioa, e-posta: uztarria[a bildua]uztarria.com telefonoa: 943150358
Babesleak: Azpeitiko Udala, Gipuzkoako Foru Aldundia eta Eusko Jaurlaritza (Kultura)
Sareko Argia 2005 - Estatistikak

Uztarriak ez du bere gain hartzen webgunean adierazitako esanen eta iritzien erantzukizunik
Parte hartzeko arauak