Uztarria.com, Azpeitiko ataiye 2008ko abuztuek 30,  ZAPATUE

Hemen zaude: Azpeitiko ataiye »  Aldizkaria »  2007 »  Maiatza »  Galdera asko hauteskundeetan

 ALDIZKARIA

 ORRI HAU...

 

Galdera asko hauteskundeetan

Enekoitz Esnaola

Maiatzaren 27an izango dira udal hauteskundeak. Azpeitian ere ezingo dute denek aurkeztu: AASri ez diote utziko hemen. Gauza asko daude airean

Honela hasi zuen Uztarria herri aldizkariak 2003ko maiatzean udal hauteskundeei buruzko artikulu sorta: "Demokrazia batean herritarrak aldian behin du bere agintariak aukeratzeko aukera eta eskubidea. Hego Euskal Herrian ez da halakorik gertatuko aurten, maiatzaren 25ean, milaka lagunek ezingo dituztelako legez —Espainiako Auzitegi Gorenaren arabera— ezkertiar plataforma abertzaleak hautatu, ez udaletan, ez foru aldundietan edo Nafarroako Legebiltzarrean. Azpeitiko Udalean, esatera baterako".

Azpeitian Habea balio gabe utzi zuten, Batasuna legez kanpoko alderdiarekin lotura zuelakoan. Hala ere, parte hartu zuen hauteskundeetan, eta bi mila boto zenbatu zituen. Dena den, legez ez du zinegotzirik izan.

Orain, maiatzaren 27rako, Azpeitiko Abertzale Sozialistak (AAS) utziko dute balio gabe —Fiskaltzak eta Estatuaren abokatuak hala eskatuta, Auzitegi Gorena asteburuan zen erabakia hartzekoa—. Abertzale Sozialista elkarte denen kontra jo dute eta EAE-ANVren 122 zerrenden aurka. Demokrazia?

EAE-ANV alderdira botoak? Munduan sektore gutxi egongo dira ezker abertzaleak adina hautes marka izan dituena: HB, EH, AuB, Habea (eta beste plataformak), HZ, EHAK... Gorabeherak gorabehera, ezker abertzalearen botoa oso leiala izan da. Urrutira joan gabe, legez kanporatzeen edo baliogabetzeen aroan, Habeak 2.027 boto lortu zituen Azpeitian 2003ko udal hauteskundeetan eta EHAK-k 2.059 EAEkoetan duela bi urte.

Orain, maiatzaren 27ko udal eta foru hauteskundeetan Azpeitian EAE-ANV aurkeztuko da. Ezker abertzaleko alderdi historikoa inondik inora, 1930an sortu zutelako, baina frankismoaz geroztik 1977an legeztatu zutenetik, behin besterik ez da aurkeztu hauteskundeetan, 1978tik 2001 arte HB koalizioan egon zelako. 1977an bertan aurkeztu zen, Espainiako Kongresukoetan, eta Azpeitian lau boto eskuratu zituen. Bistan da, ordea, hauteskunde hauek oso desberdinak direla harentzat, eta denentzat.

Gehiengo osorik bai? EAJk azkeneko legealdian, Habearen lau hautetsiak ez kontatuz gero, hamar zinegotzi izan ditu. Beraz, gehiengo osoa, horretarako bederatzi behar direlako.

Orain Azpeitian, EAE-ANV hor dagoela, zaila dirudi EAJk gehiengo osoa lortzea. 2003aren aurreko udal hauteskundeei begiratu besterik ez dago: EAJ zatitu zenetik bost udal hauteskunde izan dira, jeltzaleak lautan eurak bakarrik aurkeztu dira, eta lau horietatik hirutan ez dute lortu gehiengo osorik. 1991n baino ez zuten eskuratu, baina orduan EAk —1.770— eta HBk —1.038— bien artean 2.808 boto besterik ez zituzten bildu.

Harrezkero, ezker abertzalea eta EA bien artean kopuru horretatik oso goian ibili dira: 1995ean 3.560 boto bienak batuta, 1999an 4.667, eta 2003an Habeak 2.027 —EA, EAJrekin aurkeztu zen koalizioan—. Ezker abertzaleak berak azkeneko urteetan herrian bi mila botoko oinarria baduela ikusi da. 1999an EHk 2.923 boto eskuratu zituen, HBren —1995eko— udal marka onena baino 1.464 boto gehiago batuz. Habea baliogabetua 2003an, ezker abertzalearentzat koiuntura oso txarra zenean, 2.027ra jaitsi zen, baina HBren marka hura 568 bototan gaindituz. Datu gehiago: HBk 1995ean 1.459 boto lortu zituenean, lau zinegotzi eskuratu zituen, eta Habea 2003an gertu geratu zen bost lortzetik.

EAk, berriz, orain arte 1.700 botoko oinarria duela ikusi da: udal hauteskundeetan 1999-an lortu zituen boto gutxien —1.744—, lau zinegotzi eskuratuz. 1995ean, 1.770 botorekin, bost zinegotzi.

Beraz, EAJk gehiengo osoa lortzeko, 3.000 bototik oso gora ibili beharko luke, eta EAE-ANVk —ezker abertzalearen hautes erreferentziak kontuan hartuta— eta EAk oso apal.

Gehiengo osorik ez balego? Azpeitiko Udalean beti EAJk agindu izan du 1979tik. Bera izan da beti hauteskundeak irabazi dituena, eta beti lortu izan du Alkatetza: gehiengo osoz, gehiengo sinplez, EArekin udal gobernuko akordioa eginda edo EArekin koalizioan aurkeztuta. Maiatzaren 27an EAJk gehiengo osorik gabe hauteskundeak irabazten baditu, zer gertatuko da agintean? EArekin egingo al du berriro udal gobernu hitzarmena? Azkeneko legealdia ikusita, oraingoz behintzat, gauzak ez daude erraz bientzat. Koalizioan aurkeztu eta gobernuan elkarrekin egon diren arren, EAk ezezkoa eman berri die arau ordezkatzaileei, San Martin zahar etxean jokabide desberdinak izan dituzte EAJk eta biek, kirolgunean ere bai, Loiola etorbide aldeko etxeez ere bai, EAJren jarrerak jendaurrean kritikatu izan ditu EAk... EA sortu zenetik, EAJ eta biak elkarrekin gobernuan egon izan dira, baina ez beti. Orain ikusi egin behar zer egingo lukeen EAk. Hiru aukera leudeke: 1. EAJ gehiengo sinplean utzi, eta hartara gai bakoitza negoziatu harekin edo beste alderdiren batekin. 2. Eusko Jaurlaritzan hirukoa egoteak (EAJ-EA-EB) eragin handia duela-eta, atzera legealdiko hitzarmena egin jeltzaleekin. 3. EAE-ANVra jo, EAk bera ere "ezker abertzalekoa" dela esaten duela-eta.

Hor, gehiengo sinplearen kasuan, ikustekoa izango da EAE-ANVk nolako abildadea erakusten duen. Baita, zinegotzi bat lortuz gero, Aralar-EBk zer jokabide hartuko lukeen ere, edo PSE-EEk eta PPk.

Galdera asko.

Talde txikirik?

EAJ, EAE-ANV eta EAz gain izango al da beste ordezkaririk udaletxean? 1991tik 2003ra arte ez zen egon. Aralar-EBk, PSE-EEk edota PPk zinegotzi bat eskuratuz gero —zaila dirudi haietako bik erdiestea zinegotzi bana—, lortzen duen indar politiko hori erabakigarria izan daiteke udal gobernuaren osaketan, betiere EAJk gehiengo osorik ez izan eta ez balu EArekin lotuko akordioa.

Aralar duela lau urte ez zen aurkeztu Azpeitian. Orain bai, EB-Berdeekin. Beste boz batzuetako botoak kontuan hartuta, zenbakiek irteten diete zinegotzi bat lortzeko, baina Udalekoak beti dira desberdinak. EBk herrikoetan 113 botoko batez bestea lortu izan du eta Aralarrek Azpeitian 2003an Gipuzkoako Foru Aldundikoetan 298 lortu zituen; herrian, zinegotzi bat lortzeko, 360-420 boto behar izaten dira.

PSE-EEk eta PPk 2003an Habea baliogabe joa zelako lortu zuten bana. Bestela, 1983-1987tik Espainiako alderdien ordezkariek ez dute aulkirik izan udaletxean.

uztarria.com: Uztarria Komunikazio Taldea
Perez Arregi 1 behea 20730 Azpeitia
Harremanetarako: formularioa, e-posta: uztarria[a bildua]uztarria.com telefonoa: 943150358
Babesleak: Azpeitiko Udala, Gipuzkoako Foru Aldundia eta Eusko Jaurlaritza (Kultura)
Sareko Argia 2005 - Estatistikak

Uztarriak ez du bere gain hartzen webgunean adierazitako esanen eta iritzien erantzukizunik
Parte hartzeko arauak