|
|
|
Elkartasuna harrian
Ane Aranburu
Presoei elkartasuna adierazteko, lehen aldiz eskalada txapelketa antolatu dute Gaztetxean
|
|
Gorka Karapeto eskalatzeko herrian duten egoitzan.
|
|
Azpeitiko Topaguneak hitzordu berria jarri du maiatzaren 11 eta 12-rako: Euskal presoak euskal harrietara lelopean eskalada txapelketa eta diapositiba emanaldia antolatu dituzte Gaztetxean. Maiatzaren 11n (21:30ean) diapositiba emanaldia eskainiko dute Gaztetxean. Hurrengo egunean txapelketa izango da, eta eskalatzaile amateur zein elitekoak lehiatuko dira. Txapelketa ondoren, Dirua, Cohen eta Instep taldeen kontzertuak izango dira 22:30ean, Gaztetxean.
Era horretako txapelketa bat egingo duten lehen aldia dela dio Gorka Karapeto antolatzaileetako batek. Azpeitiko Topagunearekin elkarlanean, hamar bat lagun aritu dira antolatzen.
Karapetok adierazi duenez, hiru mailatan banatuta egongo da txapelketa. "Alde batetik, inoiz eskalatu ez duen edo noizbait proba egin duen jendea bilduko du aurreneko mailak. Jendeak kirol hau probatzeko aukera polita dela uste dugu", dio. Bigarren mailan, herriko eskalatzaileak lehiatuko dira. "Herritarren artean osatutako lehia izango da bigarrena eta, gehiago edo gutxiago, eskalatzen aritzen direnek parte hartuko dute". Goizean egingo dituzten bi maila horietako sailkatuek arratsalde partean jokatuko dituzte finalak. Horien ondoren lehiatuko dira elite mailako eskalatzaileak, hirugarren saioan. Karapetok azaldu duenez, "hamar bat eskalatzaile izango dira, inguruko herrietatik gonbidatutakoak eta, zuzenean, final moduko bat jokatuko dute".
BLOKEAK. Eskaladan, egindako pausoak bloketan neurtzen dira eta, hala, hasiberriek 4 eta 5 mailako blokeak egingo dituzten bezala, eskalatzen ibilitako azpeitiarrek 6 eta 7 graduko blokeak egingo dituzte. Hortik gorako graduak dira elite mailakoek egiten dituztenak.
Txapelketaren bitartez, eskalatzeko erraztasunak jarri nahi dizkiote jendeari. Hori batetik, eta, bestetik, Azpeitiko Topagunearen aldarria lau haizetara zabaltzea da euren helburua. "Parte hartzaileek Euskal Presoak Euskal Harrietara leloa idatzita izango duten elastikoak eramango dituzte soinean".
Elkartasun Eguna, hilaren 26an
Amnistiaren Aldeko Mugimenduak aurten ere antolatu du Elkartasun Eguna; maiatzaren 26rako izango da (Udalaren baimenaren faltan). Zazpigarren edizioa izango da eta ekitaldi sorta zabala antolatu dute: krosa (11:00), herri kirolak (12:30), bazkaria (14:00), sokamuturra (17:00), manifestazio isila (19:00) eta, Habeas Corpus eta Oliba Gorriak taldeen kontzertuak (22:00). Xabier Aranburu Azpeitiko Topaguneko kidearen ustez, "eguneko ekitaldi esanguratsuena manifestazio isila izango da". Haren iritziz, "presoen eskubide zibil eta politikoek urratuta jarraitzen dute, eta konponbidearen bidean beharrezkoa da arazo larri horri irtenbidea ematea". Aranburuk herritarrei gogorarazi nahi die balkoietan zintzilikatzeko maindireak berriro daudela salgai tabernetan.
|