Uztarria.com, Azpeitiko ataiye 2008ko irailek 5,  OSTIRELA

Hemen zaude: Azpeitiko ataiye »  Aldizkaria »  2007 »  Maiatza »  Han eta hemen praktikak

 ALDIZKARIA

 ORRI HAU...

 

Han eta hemen praktikak

Miren Garate

Lanbide Heziketako ikasketak bukatzeko beharrezkoa da praktikak egitea. Atzerritar batzuk hemen dira, hemengo batzuk atzerrian

Finlandiarrak eta azpeitiarra
Finlandiarrak eta azpeitiarra.  Paulus Viljami eta Jari Kristian finladiarrak -goiko argazkian, ezkerretik bigarrena eta hirugarrena- egurreko modulua ari dira ikasten eta praktikak egiten izan dira Azpeitiko Azkue enpresan. Euskarazko eta gaztelerazko ideia handirik ez eta ingelesez modaltu dira taldekideekin. Jon Agirre azpeitiarra- behean, Lituanian-, berriz, mekanika ikasketak ari da egiten eta Lituaniako Kaunas hiriko lantegi batera joan da praktikak egitera. Lituaniako eta Azpeitiko lan egiteko moduak antzerakoak direla dio. Ekainean itzuliko da berriro herrira.  
 

Gero eta gehiago dira ikasketa bukaerako praktikak atzerrian egitea erabakitzen duten ikasleak. Atzerriko hizkuntza bat ikastea, bestelako lan ereduak ikustea edota bolada txiki batean herritik aparte egotea, asko izan daitezke horretarako arrazoiak. Era berean, alderantzizko kasua ere ematen da. Hau da, atzerriko ikasleek ere aukeratu izan dute Azpeitia praktikak egiteko. Esaterako, orain gutxi, bi ikasle finlandiar izan dituzte Azpeitian Azkue enpresan.

Atzerrira joateko aukera egin duenetako bat da Jon Agirre azpeitiarra. Mekanika ikasketak egin ondoren, egun Kaunasko (Lituania) enpresa batean ari da praktiketan, beka bati esker. Curriculuma hobetu nahiak baino "esperientzia berria" bizitzeko gogoak bultzatu du Agirre atzerrira. "Beti esaten dute enpresek kanpoko egonaldiak kontuan hartzen dituztela, baina nik ez dut uste hainbesteko garrantzia ematen diotenik". Martxoaren 10ean joan zen eta ekainean itzuliko da. "Oraingoz, oso gustura nago, nahiz eta Azpeitiko gauzekin oroitzen naizen".

Itsaso Mendiolak, berriz, atzerriko ikasleek hona etortzeko aukera izan dezaten egiten du lan. Elgoibarko Institutuan dihardu Alazne Bidezabal azpeitiarrarekin batera, eta kanpoko ikasleen egonaldia antolatzea da euren zeregina. "Kanpoko ikasleekin harremanetan jarri eta hemen praktikak egiteko interesik duten galdetzen diegu", dio Mendiolak. "Baietz erantzunez gero, ikasi dutena lantzen duen enpresa eta bizilekua aurkitzen saiatzen gara". Horrelaxe etorri ziren Paulus Viljami eta Jari Kristian 18 urteko finlandiarrak Azpeitira. Otsailaren 19an etorri eta martxoaren 30ean itzuli ziren euren herrietara, Azkue enpresan praktikak egin ondoren.

Praktiketan aritu arren, gainerako langileek bezala lan egiten dute ikasleek; bai behintzat, Lituanian. Ordutegiari dagokionez ere, egunero zortzi ordu eta erdi bete behar izaten dituzte; tartean ordu erdi izaten dute bazkaltzeko. "Praktiketan ari garenok ordutegi berezia dugu, 7:30ean sartzen gara eta 16:00etan atera; bazkaldu ere lantokian bertan egiten dugu", dio Agirrek. "Gainerako langileek, ordea, hiru txandako laneguna izan ohi dute. Hortaz, ez dago desberdintasun handirik Lituaniako eta Azpeitiko lan egiteko moduaren artean".

Mendiolak adierazi duenez, Azpeitiko enpresa batekin izan duten aurreneko esperientzia da oraingoa. "Ikasle egoitza Eibarren dagoenez, errazagoa da kanpoko ikasleek han bertan egitea lan". Viljami eta Kristian ikasle finlandiarren kasua, ordea, berezia izan da. "Egurreko modulua egiten ari diren ikasleak etortzen diren lehen aldia izan da guretzat". Hori izan da praktikak Azpeitian egitearen arrazoia. "Azpeitiko edo Azkoitiko enpresa bat aurkitzea zela egokiena pentsatu genuen, hemen ospe ona dutelako egurreko enpresek", esan du Mendiolak.

HIRIA. Kaunas, Lituaniako bigarren hiririk handiena da, 400.000 biztanlerekin. Agirrek ez zuen arrazoi berezi batengatik aukeratu herrialde hori, zozketak hala nahi izan zuelako baizik. “Hasiera batean, Portugal tokatu zitzaidan, baina behin ateratzen hasita nahiago nuen urrutixeago zegoen herrialde batera joatea. Aldaketa eskatu nuen eta, azkenik, Kaunas egoitu zitzaidan”.

Ondo moldatu da hara Agirre. "Hiri handia da, lur asko ditu, baina erdigunea herri txiki bateko modukoa da eta, azkenean, aurpegi guztiak egiten dira ezagunak". Hango jendearekin ere ez du aipatzeko moduko arazorik eduki. "Denetik dago, denean bezala. Baina, orokorrean, lituaniarrak jatorrak dira, leku publikoetan eta horrelakoetan ondo portatzen dira gurekin". Hala, askotan hurbiltzen zaizkie hango biztanleak jakin-minez. "Jende ugarik ezagutzen du Euskal Herria, lituaniarrak nahiko independentistak dira eta euskaldunak garela esandakoan berehala esaten digute Euskal Herria ez dela Espainia". Bera bezala praktiketara joandako hainbat euskal herritar ezagutzeko aukera izan du Kaunasen. "Nirekin ikasitako inor ez da etorri, baina bai hegazkinean eta bai hona iritsitakoan jende asko ezagutu dut". Pisu batean dago Agirre beste hiru lagunekin batera, eta, lanetik aparte, denbora ahal den gehien aprobetxatzen saiatzen dira. "Alde batetik bestera ibiltzen gara denbora osoan: ahal den leku gehien ezagutu, parrandara atera... Horko bizimoduaren antzekoa daramagu hemen ere".

UDARAN BUELTAN. Finlandiarrak ez ziren pisu batean egon, Azkoitiako Kukuherri aterpetxean baizik. "Oso gustura egon dira. Azkoitian bizi zirenez, hango lagunak egin zituzten, eta oso ondo hartu zituztela esan digute", adierazi du Mendiolak. "Biek komentatu digute gauzak ondo badoaz udaran itzuliko direla oporrak hemen pasatzera".

Agirre, oraingoz behintzat, praktikek irauten duten hiru hilabeteetan egongo da Kaunasen.

Elgoibarko Institutuan, berriz, hasiak dira beste ikasle batzuen egonaldiak prestatzen. Hala ere, Mendiolak ez dauka ziur Azpeitira beste ikasleren bat etorriko den. "Egurreko modulua ikasten ari den norbait ez badugu, zaila izango da Azpeitira ekartzea ikasleak, erosoagoa baita Eibar inguruan antolatzea egonaldia".

HIZKUNTZA

Praktiketara joan diren ikasleek lituanierazko eskolak hartu behar izan dituzte. Hala ere, egunerokotasunean ingelesez komunikatzen dira. Horrek, ordea, ez dio arazo handirik eragin Agirreri. "Hona etorri aurretik ez nuen ingeleseko maila oso alturik, baina dagoeneko nabaritzen dut hobekuntza".

Finlandiarren kasua bestelakoa izan da. "Euskara eta gaztelania ez ezagutzea eurentzat muga izan da lanerako orduan", aipatu du Mendiolak. Dena den, ingelesa pixka bat menderatzen zuen jendea ipini zieten inguruan eta eroso egon zirela adierazi zuten biek egonaldia amaitzean; euskarazko hitz batzuk ikasi dituzte.

uztarria.com: Uztarria Komunikazio Taldea
Perez Arregi 1 behea 20730 Azpeitia
Harremanetarako: formularioa, e-posta: uztarria[a bildua]uztarria.com telefonoa: 943150358
Babesleak: Azpeitiko Udala, Gipuzkoako Foru Aldundia eta Eusko Jaurlaritza (Kultura)
Sareko Argia 2005 - Estatistikak

Uztarriak ez du bere gain hartzen webgunean adierazitako esanen eta iritzien erantzukizunik
Parte hartzeko arauak