Kanpoko begirada
Azpeitian euskara poz-iturri
Txema Auzmendi
Azpeitia eta azpeitiarrok nola ikusten gaituen idazteko eskatu dio Uztarriak Txema Auzmendi kazetariari. Hemen haren ikuspuntua.
Mexikotik iritsi nintzen 1985. urtean Loiolako santutegira, eta Iraurgi ikastetxean eskolak ematen jardun nuen hiru urtez. Mexikon eta Guatemalan igarotako ia hamar hilabeteetan bertako indioek nolako bazterketa jasaten zuten ikusi eta sufritu behar izan nuen, Euskal Herriko euskaldunenarekin alderatuz. Nahi izateke, noski. Tristura nagusi!
Euskaraz egiten 1973. urtean askatu nintzen Alkizan, hango haurrekin haur bihurturik. Gogorra izan zen eta, aldi berean, oso pozgarria, hantxe sentitu bainintzen estreinakoz euskaldun. Orduz geroztik, euskara beti izan zait buruhauste-iturri baino poz eta gozamen-iturri, bereziki Azpeitiko egonaldian.
Aurreko urteetan senide, adiskide, lagun eta bestelako pertsona euskaldunekin euskaraz normal egiteak sendotu egin zituen nire euskal izaera eta nortasuna, baina, aldi berean, zenbait tokitako erdal giroak izugarri sufrituarazi ninduen. Azpeitira itzuliz, Urola haraneko euskal giro biziak eguneroko gorabehera guztiak euskaraz bizitzeko abagune paregabea eskaini zidan, nik ordura arte beste inon aurkitu ez nuena... Hori guztiagatik, inoiz ezingo dizuet azpeitiarroi eta azkoitiarrei nire esker ona behar bezala agertu: adiskide eta lagun onak egiteaz gainera, euskaldun gisa bizitzeko aukera ezinhobea eskaini baitzenidaten, eta ondoren euskaldun eta euskal hiritar izateaz oso harro sentitu izan naiz beti, eta harrotasun hori euskaltzale gisa biziz ‘kutsatu’ nahi izan diet –oraindik ere horretan saiatzen naiz— nire ingurukoei. Eskerrik asko, bada, bihotz-bihotzez!
|