Eta beste
Adi gaixotasun mentalari!
Adi gaixotasun mentalari!
Apirileko hirugarren asteburuan antolatu berri du Elizbarrutiko Caritasek urtean zehar gure elizetan zabaltzen duen lehen kanpaina. Gogoeta gai bat ere eskaini ohi digu bakoitzean. Oraingoan, gaixotasun mentala jasaten duten pertsonen egoera hartu du gogoan.
Caritasen zentroetan gaixotasun mentalak eragindako pertsonen kopurua asko handitu da. Drogak eta alkohola hartzearen ondorioz kalte larriak jasaten ari da pertsona asko.
Gizartean baztertzea eta marjinazioa eragiten duten pobrezia mota ezberdinak daude. Pobrezia mota horien eraginez ere gaixo mentalen kopurua handitzen ari da. Gure artean agertzen diren hauek dira, dudarik gabe, egoera dramatikoenean bizi direnak.
Gaixotasun mentalek, gero eta gehiago, marjinaziora daramatza pertsona asko; eta marjinazioak berak ere gaixotasun mentala eragiten du. Familiarik gabe, baliabide ekonomikorik gabe, jarraipen medikorik gabe, gaixo mentalak gure kaleetan harat eta honat dabiltza...
Pertsona horien denen sufrimendua areagotu egiten da bakardadean. Askorentzat oharkabean pasatzen dira. Gure gizartean pobreenak eta azkenak identifikatu behar bagenitu gaur, seguruenik ere pertsona horiekin egingo genuke topo.
Oraindik oroimenean ditugu orain hilabete gutxi Donostian izandako gertaera mingarri eta onartezinak: neguko hotzaren eta larrialdi zerbitzuen arreta ezaren ondorioz hil zen laguna, alde batetik, eta Martuteneko espetxeko bakardadean hil zen Saharako etorkina, bestetik.
Egia da gertaera mingarri horiek ez direla egunerokoak, baina asko dira pertsonen babesik gabe, haien eskubideekiko arretarik gabe, behar bezalako laguntzarik jasotzen ez dutenak.
|