Uztarria.com, Azpeitiko ataiye 2008ko abenduek 2,  ASTEARTIE

Hemen zaude: Azpeitiko ataiye »  Aldizkaria »  2007 »  Maiatza »  Iritzia »  Nola banatu oilaskoa

 ALDIZKARIA

 ORRI HAU...

 

Hau

Nola banatu oilaskoa

Miren Larrea

Iritzi artikulu bat idazteko momentuan, dirudiena baino zailagoa gerta daiteke norbere iritzietatik bat aukeratu eta azaltzea. Zentzuzkoena ezagutzen denari buruz idaztea izango denez, has nadin gure ekonomiari lotutako hausnarketa batekin.

Ekonomia nola doan jakiteko adierazlerik zuzenena buruko barne produktu gordina omen da; hau da, azpeitiar bakoitzeko zenbat aberastasun sortzen duten udalerrian lanean dihardutenek. Gure herrian, biztanle bakoitzeko 28.013 euroko balioa sortzen omen dugu urtean, Euskal Autonomia Erkidegoko batez besteko 19.316 euroak baino nabarmen gehiago. Beraz, ondo gabiltza aberastasuna sortze kontuetan. Baina zenbat iristen da herritarron poltsikoetara? 11.243 euro. Ez dago gaizki, baina EAEko batez besteko 10.800etatik gertuago oraingoan.

Lagun batek oilasko bat jaten badu eta besteak ezer ere ez, estatistikoki bakoitzari oilasko erdia dagokio. Gure kasuan, 11.243 euro horiek nola banatzen diren ulertzeko lan merkatuari begiratu behar zaio. Azpeitian, lan egiteko adinean gaudenotatik %49 lanean ari omen gara. Ondo berriz ere, EAEko batez bestekoa %43 delako. Baina emakumezko eta gizonezkoen artean bereizten badugu, argi geratzen da oilaskoa nork jan duen. Izan ere, gizonezkoentzat datua %65ekoa da eta emakumezkoentzat %34koa (31 puntuko aldea). Ez gabiltza ondo banaketa kontu honetan, batez ere EAEn batez besteko alde hori 23 puntukoa dela ikusirik.

Horixe da nire lehen hausnarketa, Azpeitian ekonomia oraingoz ondo doakigula, baina batzuei hobeto besteei baino. ‘Oraingoz’, esan dut... baina hori hemendik bi hilabeterako utzi beharko dugu.

uztarria.com: Uztarria Komunikazio Taldea
Perez Arregi 1 behea 20730 Azpeitia
Harremanetarako: formularioa, e-posta: uztarria[a bildua]uztarria.com telefonoa: 943150358
Babesleak: Azpeitiko Udala, Gipuzkoako Foru Aldundia eta Eusko Jaurlaritza (Kultura)
Sareko Argia 2005 - Estatistikak

Uztarriak ez du bere gain hartzen webgunean adierazitako esanen eta iritzien erantzukizunik
Parte hartzeko arauak