Uztarria.com, Azpeitiko ataiye 2008ko abenduek 2,  ASTEARTIE

Hemen zaude: Azpeitiko ataiye »  Aldizkaria »  2007 »  Maiatza »  Iritzia »  Politika(ka)/Udaberriko ekaitzak

 ALDIZKARIA

 ORRI HAU...

 

Postontzia

Politika(ka)/Udaberriko ekaitzak

Kepa Urbieta eta Igor Aranbarri

Politika(ka)

Igor, Maitea! Ez dituk garai ederrak. Aurten maiatza petrala zatorrek. Badakik, hauteskundeak dituk eta politikoak boterea lortzeko betiko kalapita usteletan hasiko dituk. Ez gaitiztek bakean utziko. Telebistak, irratiak, egunkariak, Internet, kaleak, postontziak... dena beteko zigutek gezurrez.

Eta aspertuta nagok. Oso aspertuta politikoekin. Batekoekin, bestekoekin, eta erdikoekin ere bai. Ni bakarrik banintz sikiera, baina ingurukoak ere horrelaxe ikusten ditiat. Dena dela, sinesten hasita nagok bide horretatik etorriko zaigula behin betiko egonkortasuna. Gaitzerdi!

Azalduko diat: gauza batzuk ez ditiat ulertzen. Euskal Herriko gatazkaz ari nauk. Gu jaio bitarte Euskal Herriak aldaketa asko izan ditik eta asko sufritu dik. Gu jaioz geroztik ere besterik ez diagu ezagutu.

Bat-batean, "bake prozesua" etorri zaiguk. Bat-batean joan. Jada ez zagok prozesurik. Alegia, betiko egoeran jarraituko diagu. Ondorioa: politikoek ez ditek gaurkoz bakearen alde lanik egingo. Eurek esaten zigutek noiz den bakearen aldeko prozesua eta noiz ez, egun arrazoirik ez balego bezala. Bitartean, segitu sufritzen. Itxura batean, ahaztu egiten zaiek euren lana dela herri baten egonkortasuna lortzea.

Horregatik, ez naik harritzen jendea aspertuta egoteak. Gizartea zaurituta, zatituta eta eskarmentatuta zagok. Politikoen ziriei tankera hartzen hasiak gaituk. Iruditzen zaidak iritsiko dela eguna gizartearen zati handi batek politikoei kasu egiteari utziko diona. Oraindik, gehienok gure parrokiak esaten duenari men egiten zioagu, errazegi. Baina, aldatuko duk. Eta aldatzen denean hartuko dik gizarteak dagokion boterea; hau da, hitza. Eta orduan, eta orduan bakarrik saiatuko gaituk benetan hain desiratua omen dugun bakea lortzen.

Lehenbailehen gertatzen bada, askoz hobe.

Kepa Urbieta

Udaberriko ekaitzak

Gogor idatzi didak oraingoan. Ekaitz bolada baten esperoan hagoela zirudik. Lasai, moteil! Paper zaparrada bat baino ez duk eta, gainera, badakik noiz bukatuko den guztia.

Baina euriak dena bustitzen dik, eta gure aberriko politikak ez dik aterperik. Busti nahi ez dutenek ere hankak putzu batean edo bestean sartuko ditiztek, hemen ez zagok balio duen aterkirik; busti beharra zagok, beraz.

Parrokiak aipatzen dituk, ederki aukeratu duk hitza. Izan ere, urteak zaramaatzagu, igandeetako mezak bezalatsu, sermoi berak errepikatzen, apaizak aldatzen dituk baina doktrinek, esan eta berresan, berdinean jarraitzen ditek.

Horrek garbi uzten dik arazo politikoa konpondu ez dela. Zerbait egin beharra zagok. Baina gatazka badela esateko moduak aldatu beharko ditiztek denek, akaso... Hitz sorta mardula komodin bihurtu duk jada: demokrazia, biktimak, gaitzetsi, askatasuna, bakea, biolentzia, borroka, errespetua...; gehiegi entzundako kantu bihurtu dituk. Esanahiari erreparatu ez eta abesleei so egiten zieagu jada, aurrez zer esango duten asmatu ere bai ziurrenik. Erritu denak alde batera uzteko garaia delakoan nagok.

Baina ez duk erraza, min asko zagok alde guztietan, eta minak ez dik pentsatzen uzten; minak begiak itxiarazten ditik, eta horrela ezin ba ezer ikusi.

Maiatzean ez dituk hauteskundeak soilik; udaberria gogoz sentitzen hasiko gaituk, loreek irtengo ditek, eguna bapo luzatuko duk, odola bero, gau giro ederrak izango ditiagu, terrazetan zerbeza... Eta norberak berea defenditzen jarraituko dik.

Presaka nauk, utzi egingo haut, udaletxera noak sinatzera, ez zakiat zerbaiterako balioko duen, agian dagoeneko jakingo duk erantzuna... P.D.: "Nire aberria nire zapatak dira!". Hala esan zian gizon jakintsu batek, baina hura ez zuan Euskal Herrian jaio.

Igor Aranbarri

uztarria.com: Uztarria Komunikazio Taldea
Perez Arregi 1 behea 20730 Azpeitia
Harremanetarako: formularioa, e-posta: uztarria[a bildua]uztarria.com telefonoa: 943150358
Babesleak: Azpeitiko Udala, Gipuzkoako Foru Aldundia eta Eusko Jaurlaritza (Kultura)
Sareko Argia 2005 - Estatistikak

Uztarriak ez du bere gain hartzen webgunean adierazitako esanen eta iritzien erantzukizunik
Parte hartzeko arauak