Uztarria.com, Azpeitiko ataiye 2008ko abenduek 2,  ASTEARTIE

Hemen zaude: Azpeitiko ataiye »  Aldizkaria »  2007 »  Maiatza »  Iritzia »  Jo

 ALDIZKARIA

 ORRI HAU...

 

Libre

Jo

Jon Larrañaga

Goizeko zortzirak dira eta, ia egunero bezala, umore txarreko jarri naiz Urrestillatik Landetara irteteko dagoen gurutzebidean. Bordatxo aldameneko irteeraz ari naiz.

Beste toki askotan ere bai baina Urrestilla aldera hartzen duen ia inork ez dio intermitenteari ematen. Irteteko prest gauden asko horrela ateratzen gara gero gurutzebidetik, estresak jota! Eguneko lehen proba izaten da hori eta ondoren Azpeititik Arroarako bide luze-luze-luzea hartzen dut... Beti tokatzen da kamioiren bat edo bi edo... Arazotxo horiei aurre hartzeko etxetik hamar minutu lehenago ateratzea erabaki dut; bestela, beti berandu iristen naiz lanera. Bada, ordea, beti presaka dabilen eta horrelakorik egiten ez duen jende azkarrik, errepidea berea dela uste duena eta edonon edonor aurreratzen joaten dena. Kasualitatea, ia beti BMW, Audi edo kotxe onak dituztenak izaten dira.

SALTINBAKIA. Danona parean tokatu zitzaidan horrelako bat orain dela gutxi. Aurretik kamioia eta Euskotren autobusa, ondoren ni 60 kilometro orduko abiaduran, eta nire atzetik beste hamaika auto. Ilararen bukaeran, ordea, saltinbakia zirudien auto bat somatu nuen denak aurreratu nahian.

Ez zen ezer larririk gertatu baina nire atzeko autoak eta biok ia-ia bide ertza jo genuen. Bi noranzko bidea bat-batean hirukoa bihurtu zen, gure atzetik zetorren saltinbakiak ez zuelako nire atzeko eta neure autoaren tartean sartzeko denborarik izan. Segundo batean saltinbakiaren eta nire begiradek bat egin zuten.

Barrenean nuen mala letxe guztia atera nuen une horretan.
—"Kabroia! Geldi hadi eta ikusiko duk! Jo eta seko utziko haut!". Bizitzan ikusi duzuen tiporik gogorrena bihurtu nintzen orduan. Hori bai, saltinbakia gelditu ere egin gabe Zumaian izango zen ordurako eta horregatik ari nintzen horrela. Parean gelditu balitz ziur ez niokeeela ezer esango eta are gutxiago egingo.

Horrelakoa naiz; niri indarra ahotik joaten zait. Ohartu naiz, ordea, denak ez direla nire antzekoak. Larunbat gauetan nahi baino gehiago ikusten dut alkoholaren eraginez zakar eta bortitz jartzen den jendea. Mozkor txarra dute, eta euren hobbya jendearekin sartzea eta borrokan amaitzea izaten da. Zoritxarrez, denok ezagutzen ditugu.

EZKUTUKO ERASOTZAILEAK. Badira, ordea, ezkutuan eta ‘maite’ dituztenak joka ibiltzea gustatzen zaienik. Hauek zoritxarrez ez dira hain agerikoak eta ezagunak.

Jotzea gustuko izateaz gain, era honetako tipoek badute beste zerbait amankomunean: gurekiko jarrera.

Kalean istiluak ikusten ditugunean, zenbat aldiz begiratzen dugu beste aldera? Zenbat aldiz goaz tragoa utzita beste taberna batera? Zenbat aldiz pentsatzen dugu: "Gu bakean uzten gaituzten bitartean...".

Taberna batean mozkor bortitz bat zurekin sartu eta bakarrik sentitzen bazara inork ez dizulako lagundu, ez dut imajinatu ere egin nahi etxeko lau pareta artean jotzen dutena nola sentituko den.

Legea zorroztu egin behar da, hezkuntza ere beharrezkoa da horrelako gauzak ez gertatzeko baina, batez ere, oso garrantzitsua iruditzen zait gure jarrera aldatzea.

Jarrera aldatzeak bestea nola dagoen ohartzea eskatzen du, entzutea eta, batik bat, denbora eskaintzea. Baina estresatuta eta gure gibelari begira bizi garen garai honetan nor dago bere denbora emateko prest?

GURE JARRERA. Euskaraz, jo hitza erabilita beste hainbat hitz atera ditzakegu: adarra jo, jolastu, jo eta ke, jo eta su, edo larrua jo, besteak beste. Denak ere umoretsuak edo baikorrak dira... Nik jo hitza horiekin erabili nahi dut, baina batzuetan zaila da. Badakit politikoki zuzena ez dela baina... Norbait tipotzar hauetakoren bat jotzen ikusiko banu, ez dakit zer egingo nukeen: ez ikusiarena egin, neuk ere jo, laguntzarik eman gabe begira gelditu... Baina orduan gu geu ere ez al ginateke eurak bezalakoak bihurtuko? Zer zaila den batzuetan bizitza...

uztarria.com: Uztarria Komunikazio Taldea
Perez Arregi 1 behea 20730 Azpeitia
Harremanetarako: formularioa, e-posta: uztarria[a bildua]uztarria.com telefonoa: 943150358
Babesleak: Azpeitiko Udala, Gipuzkoako Foru Aldundia eta Eusko Jaurlaritza (Kultura)
Sareko Argia 2005 - Estatistikak

Uztarriak ez du bere gain hartzen webgunean adierazitako esanen eta iritzien erantzukizunik
Parte hartzeko arauak