Uztarria.com, Azpeitiko ataiye 2008ko urriyek 13,  ASTELEHENA

Hemen zaude: Azpeitiko ataiye »  Aldizkaria »  2007 »  Maiatza »  Iritzia »  Eskatzen hasita

 ALDIZKARIA

 ORRI HAU...

 

Enbido

Eskatzen hasita

Koldo Aldadur

Badakit, hasi etxebizitzaren arazotik, bariantera, kanpotik etorritakoen egoeratik baserritarren aferetara, edo hizkuntzaren eguneroko galeratik gazteei propio dagozkien arazoetara, gai garrantzitsuagoak zientokada bat baditugula herrian baina, honetan sarturik nagoenez, maiatzean santaeskera nator. Udal berriari, dagokion neurrian, Azpeitia herri kirolen herria izan dadin bultzatzeko eskatu nahi diot. Merezitako fama txarra du herri kirolak; zikina eta ezkutukoa izan delako apustuen eta marken itzalean, eta naturari egin ohi zaion kalteari begira jarri gabe egin direlako egin direnak. Baina tira, aprobetxa daitekeen zerbaiten jabe ere izan daiteke oraindik.

URRATSAK. Sustraietatik abiatu eta ea, enborrean barna, adarretatik adasketara eta handik lore muturretara iristen garen. Hauek, ustez, eman beharreko urratsak:
—Herri kirolak eskoletan. Lehenaz gain, eskoletan eta ikastolan herri kirol mailan egiten dena bultzatu beharko litzateke. Horretarako egokiak diren kirolak bereizi eta landu. Lokotx-biltzea, sokatira, trontza, zaku-lasterketa, txingak, ingudea, orga-jokoa eta beste kirol batzuk egokiak izan daitezke, egoki hartuz gero, jolasaren goxotasuna dastatzeko.
—Herriko nahiz bailarako txapelketak. Jolasean jarraituz, norberaren trebezia erakusteko aukera. Sariak parte-hartzaile guztientzat, eta umore ona nagusi. Gurasoak zenbat eta urrutiago, hobe.
—Herri kirolen eskolak. Ume ziren haiek koskortzen direnerako. Herri santu honetan dugun herri kirolari ohi piloarekin seguru bakarren bat izango dela prest berak plazaz plaza ikasitakoa gazteei erakusteko.
—Herri kirolen etxea. Herri kirola protagonista den tokia. Jendea biltzeko, materiala gordetzeko, lehiak, erakusketak, ikastaroak, topaguneak eta abar antolatzeko, eta, besterik gabe, mahai bueltan eseri eta bakoitzaren balentriak kontatzeko. Teknikari bat entrenamenduak zuzentzeko eta kirolariak egiten laguntzeko: psikomotrizitatea, janaria, pulsometroa, hematokritoak, pisuak...
—Mediku zerbitzua. Lesioak nondik datozen ikusteko eta, gertatuz gero, irtenbideak topatzeko. Galtzen eta irabazten erakutsiko duen espezia-lista.
—Ikerketa zentroa. Materialak aztertzeko, esate baterako. Pagoari arnas pixka bat eman diezaiokegun aztertuko duena. Erabat inguratuta gauzkan pinua aizkorarako baliogarria den aztertuko duena. Umeek eta gazteek min har ez dezaten materiala egokituko duena. Animaliei egiten zaizkien basakeriak gertutik ikertuko dituena, salatuko duena salatu behar bada, eta eztendun akuilua edo zentraminak beldurraren museora bidaliko dituena.

MUSEOA. Herri kirolen museoa sortu.
—Gure kirolez gain, gure historia txikia ezagutzeko. Izan garenak erakuts diezagun zer izan nahi dugun. Azpeitiarrak herri kirolen uretan zenbat murgildu diren, garen, zareten jakiteko, eta, ito gabe, geroan igeri egiteko. Sega herdoildua, itsasoari lapurtutako harri labaina, arraildutako aizkora, hortz txikidun trontza arina, hamaika esku txikitutako soka, uztarri itogarria... Lehengo okerrak gogoratuko dizkigun gunea errepika ez dezagun.
—Lehendabiziko urratsak emateko, federazioaren, Xiba eta antzeko erakundeen laguntza artertzea komenigarritzat jo beharra dago, bide honen egunerokoa inork baino hobeto ezagutzen dutelako.
—Eta eskatzen hasita, Frontoi Txikia behar den bezala itxi dezatela, behingoz. Arratsaldean frontoira eta hurrengo goizean anbulategira ez da-eta planik hoberena.

ETORKIZUNA. Azkeneko lau urteetan zer egin den eta zer ez aztertzea komenigarria da azpeitiarrontzat. Hurrengo hurbilak du, ordea, garrantzia. Aitzakiak baztertuta, lanari ekiteko garaia da.

uztarria.com: Uztarria Komunikazio Taldea
Perez Arregi 1 behea 20730 Azpeitia
Harremanetarako: formularioa, e-posta: uztarria[a bildua]uztarria.com telefonoa: 943150358
Babesleak: Azpeitiko Udala, Gipuzkoako Foru Aldundia eta Eusko Jaurlaritza (Kultura)
Sareko Argia 2005 - Estatistikak

Uztarriak ez du bere gain hartzen webgunean adierazitako esanen eta iritzien erantzukizunik
Parte hartzeko arauak