Uztarria.com, Azpeitiko ataiye 2008ko uztailek 7,  ASTELEHENA

Hemen zaude: Azpeitiko ataiye »  Aldizkaria »  2007 »  Apirila »  Etorri eta euskaldun bihurtu

 ALDIZKARIA

 ORRI HAU...

 

Etorri eta euskaldun bihurtu

Maider Zendoia

Jatorri desberdineko sei gazteak interes berak lotzen ditu: euskal hiztun gisa bizi nahi dute Azpeitian.

Ezkerretik eskuinera, Ana Carolina Pereira, Karina Chuquimarca, Sandra Teston, Latifa Azaoum, Maria Ameur eta Paula Gomez, Azpeitian, Enparango zubian.  
6 neskak Azpeitiko Zapo Txokon 

Jatorrizko herrialdea atzean utzi, eta bizi eta lan egiteko Azpeitia aukeratu duten pertsonak badira gurean ere. Euskal Herriko txoko honetara iritsi eta egunerokotasunari kultura, ohitura eta hizkuntza desberdinarekin eutsi behar izan dioten pertsona horiek pixkanaka ari dira gizarteratzen herrian.

Azpeitian bizi diren sei etorkin gazterekin izan da Uztarria. Eurekin hitz egin du euskarari buruz, herriaz, kulturaz eta etorkizunaz, besteak beste. Urte gutxiren bueltan euskal hiztun bilakatu edota bilakatzear dauden sei gazteren testigantza da honakoa.

LATIFA AZAOUM Tanger (Maroko)

"Dendetara joaten naizenean euskaraz eskatzen dut"

Latifa Azaoum 15 urte zituela etorri zen Azpeitira bizitzera; 2004ko urrian, hain zuzen. "Hona etorri aurretik ez nekien euskara existitzen zenik ere. Nire aitak —herrian lehenagotik zegoen— gazteleraz hitz egiten zuen. Beraz, Azpeitira iritsi eta lehen egunetan beste hizkuntza bat ere hitz egiten dela ohartu nintzen: euskara". Azpeitian igarotako lehen egunak ez ziren errazak izan harentzat. "Lehen egunetan oso hizkuntza zaila iruditu zitzaidan euskara eta ikasteko gogo handirik ez nuen. Baina gero, pixkanaka ikasi egin dut", dio. Euskara ikasteko prozesua uste zuena baino errazagoa izan dela aitortzen du.

Latifa Azaoumek hizkuntzak ikasteko abilezia berezia du. Dagoeneko sei hizkuntza hitz egiten ditu: arabiera, bereberea, frantsesa, ingelesa, euskara eta gaztelera. Esaten duenez, jatorrizko hizkuntzaren (arabiera) eta euskararen artean dagoen desberdintasun handiena, arabiera eskuinetik ezkerrera irakurtzen dela eta euskara, berriz, alderantziz. Ahoskeran ere desberdintasun handiak dituztela uste du.

Eguneroko bizitzan euskara erabiltzen saiatzen da. "Herriko dendetara joaten naizenean, nik euskaraz eskatzen dut eta dendariek gazteleraz erantzuten didate. Pentsatzen dute nik gazteleraz soilik dakidala, baina gero nik euskaraz jarraitzen dut eta, azkenean, euskaraz erantzuten didate dendariek-eta".

KARINA CHUQUIMARCA Pallatanga (Ekuador)

"Hasieran zaila egin zitzaidan, baina orain ez"

Karina Chuquimarca 2003an etorri zen Azpeitira. Dagoeneko lau urte daramatza herrian eta oso gustura bizi dela aitortzen du. "Azpeitira iritsi aurretik banekien hemen euskaraz hitz egiten dela, amak esan zidalako telefonoz. Gainera, hona etorri aurretik zenbait hitz erakutsi zizkigun euskaraz; kaixo, adibidez". Karinak dioenez, bazekien Azpeitira iritsi aurretik hemen euskaraz hitz egin beharko zuela.

"Hasieran, herrira etortzean, euskara oso arraroa egin zitzaidan, oso hizkuntza desberdina iruditzen zitzaidan". Gero, pixkanaka hasi zen euskara ikasten eskolako laguntzari esker. "Hasieran zaila egin zitzaidan euskara ikastea, baina gaur egun ondo moldatzen naiz. Euskara ikastea beste hizkuntza bat ikastea bezala da niretzat", dio.

Haren anai-arrebek ere badakite euskaraz hitz egiten, baina euren artean erdaraz hitz egiten dute. Dena den, eskolan eta lagunartean euskaraz aritzen dela dio.

PAULA GOMEZ Mendoza (Argentina)

"Kalean ez da hitz egiten eskolan irakasita bezala"

Paula Gomez orain hiru urte etorri zen Azpeitira bizitzera. 11 urte zituen ezagutzen ez zuen hizkuntza hitz egiten den herri batera iritsi zenean. "Lehen aldiz entzun nuenean jendea euskaraz hitz egiten, hemen oso azkar hitz egiten dutela ohartu nintzen. Guk Argentinan lasaiago egiten dugu".

Klasean hasi zen euskarazko lehen hitzak ikasten. "Irakasleak ikasgaia euskaraz azaltzen zuen, baina gero guregana etorri eta gazteleraz laburbiltzen zigun esandakoa". Hala ere, uste du urteen poderioz erraz moldatu dela euskaraz hitz egitera. "Lehen urtean euskaraz eta gazteleraz azaltzen zidaten ikasgaia, bigarren urtean dena euskaraz ematen zidaten eta pixka bat kostatu egin zitzaidan, baina hirugarrengorako moldatu egin nintzen".

Kalean egiten den euskara eta ikastetxean ikasten ari dena desberdinak direla iritzi dio. "Batzuetan, guk ikasi dugun bezala ez dituzte ahoskatzen hitzak kalean. Eskolan euskara batua ikasten dugu, baina gero, kaleko hizkerarekin harremanetan gaudenez, zenbait hitz geratu egiten zaizkizu". Bera argentinarra izanda, herrian dituen lagunei che eta pibe bezalako hitzak irakatsi dizkie.

Gaur egun, euskararen eta gazteleraren erabilerari dagokionez, gauza bitxi bat gertatzen zaiola aipatu du: "Euskarako klaseetan gazteleraz hitz egiten dut eta gaztelerazkoetan, berriz, euskaraz. Azkenean, nahastu egiten naiz...".

Oro har, euskaraz hitz egiten du gelakideekin, baina batzuetan kostatu egiten zaiola-eta, gazteleraz mintzatzen dela dio.

SANDRA TESTON Torrejoncillo (Espainia)

"Oraindik ez dut asko hitz egiten euskaraz"

Sandra Teston orain dela bi urte etorri zen Azpeitira bizitzera, 10 urte zituela. Familiartekoak bizi zituen herrian eta ez zitzaion askorik kostatu bertara egokitzea. Hemen euskaraz hitz egiten dela bazekien etorri aurretik. "Hona etorri nintzenean hitz solteak nekizkien euskaraz, udaran Azpeitian izaten nintzelako".

Euskaraz s letra nola ahoskatzen den entzuteak harrituta utzi zuen. "Euskara ikastea kostatu egin zait. Pixka bat zaila egiten zitzaidan hizkuntza menderatu gabe klaseak jarraitzea", dio. "Ahoskera harrapatzea ere kostatu egin zitzaidan; x, ts, tx eta tz letrak, batik bat".

Gaur egun, lehengusuarekin eta kuadrilako jendearekin hitz egiten du euskaraz. "Oraindik ez dut asko hitz egiten eta lagunek esaten didate hasteko euskaraz mintzatzen. Klaseko jendearekin ere batzuetan euskaraz aritzen naiz".

Euskaraz hitz egiteko orduan, euskara batua eta Azpeitiko hizkera nahastu egiten dituela esaten du. "Nire lagunek azpeitiarrez hitz egiten dute eta, ondorioz, haiek esandako hitz batzuk geratu egiten zaizkit". Dena den, hori gazteleraz ere gertatzen zaiola aipatu du.

Azpeitian gustura bizi da eta aurrera begira, lagunek esaten dioten bezala, euskaraz gero eta gehiago hitz egitea gustatuko litzaioke.

ANA PEREIRA Lisboa (Portugal)

"Euskaraz, gazteleraz eta portugesez hitz egiten dut"

Ana Carolina Pereira de la Silva aurtengo ikasturtean etorri da Azpeitira bizitzera. Denbora gutxi darama herrian eta oraindik ez da erraz moldatzen euskaraz. Hala ere, erraz egin ditu lagunak eta ez zaio jolaserako lagunik falta inguruan.

"Hemen bizitzen aurten geratu garen arren, lehenagotik bertan egondakoa naiz". Ondorioz, bazekien euskaraz mintzatzen direla azpeitiarrak.

Euskara hizkuntza zaila iruditzen zaio hari, baina dagoeneko hasi da esaldi motzak bada ere euskaraz esaten. Hala, egun on, arratsalde on, kaixo, aio eta zer moduz? sarri esaten ditu. "Euskaraz ari naiz ikasten, baina gazteleraz hobeto moldatzen naiz. Izan ere, gaztelerazko hitz batzuek portugesarekiko antzekotasun handia dute".

Hasiera batean, ingurukoekin ulertzea kostatu egiten zitzaion eta, ondorioz, aitortzen du ez zuela gehiegi hitz egiten. "Orain, ordea, lagunekin euskaraz, gazteleraz eta portugesez hitz egiten dut". Adiskideekin euskarazko hitz asko ikasi ditu eta, horren ordainetan, lagunei ere portugesezko zenbait hitz irakatsi dizkie.

Pereirak marrazki eta ipuin bidez ikasi zuen euskaraz hitz egiten. "Euskal izenak ikastea asko kostatu zitzaidan; ahoskatzeko zailenak diren izenak Aintzel, Iher eta Iart dira; zeharo izen ezberdinak dira".

MARIA AMEUR JANAD Guersif (Maroko)

"Euskaraz ikastea oso garrantzitsua da niretzat"

Maria Ameur Janad marokoarra da eta orain dela urte eta erdi etorri zen Azpeitira. Hona iritsi aurretik ez zuen euskararen berririk. "Marokon, oro har, jendeak ez daki euskara izeneko hizkuntza hitz egiten denik hemen".

Euskaraz entzundako lehen hitza aio izan zela gogoan du, eta gaur egun lehendabizi entzundako hitz harekin agurtzen duela dio.

Maria Ameur eskolan hasi zen euskara ikasten, anaiarekin batera. "Gero, lagunekin hasi nintzen euskaraz hitz egiten eta haiekin dudan harremanari esker, azpeitiarrez hitz asko ikasi ditut". Klaseak jarraitzeko ez du oztopo handirik izan, zerbait ulertzen ez zuenean irakasleek emandako azalpenekin argitzen zituelako zalantzak.

Janadek euskararekiko konpromiso irmoa du. "Argi dagoena da, pertsona batek hizkuntza bat ikasi nahi badu, hizkuntza hori hitz egiten bukatuko duela". Ildo horretan, bizitzeko aukeratu duen herrian euskara jakitea "beharrezkoa" dela uste du. "Euskara ikastea oso garrantzitsua da niretzat une honetan; beste hizkuntzen aurrean, euskarak lehentasuna du niretzat".

Euskara ikasteko orduan, inguruan tokatu zaion jendeari esker asko ikasi duela aitortzen du. "Jende jatorra daukat inguruan eta, zerbait gaizki esaten dudanean, esan egiten didate eta horrela ikasi egiten dut".

Etorkizunari begira, Euskal Herrian bizitzea gustatuko litzaioke. Izan ere, Maria Ameur Janadek uste du urtebetean aurrerapauso handia egin duela eta, ondorioz, itxaropentsu begiratzen dio datorrenari.

uztarria.com: Uztarria Komunikazio Taldea
Perez Arregi 1 behea 20730 Azpeitia
Harremanetarako: formularioa, e-posta: uztarria[a bildua]uztarria.com telefonoa: 943150358
Babesleak: Azpeitiko Udala, Gipuzkoako Foru Aldundia eta Eusko Jaurlaritza (Kultura)
Sareko Argia 2005 - Estatistikak

Uztarriak ez du bere gain hartzen webgunean adierazitako esanen eta iritzien erantzukizunik
Parte hartzeko arauak