Uztarria.com, Azpeitiko ataiye 2008ko urriyek 12,  JAIYE

Hemen zaude: Azpeitiko ataiye »  Aldizkaria »  2007 »  Apirila »  Herriko gorabeherei begira

 ALDIZKARIA

 ORRI HAU...

 

Ehun urteko batzokia

Ane Aranburu

Azpeitiko Batzokiak ehun urte beteko ditu aurten. Erakusketa eta liburu bidez gogoratuko dute mendeurrena

Azpeitiko Batzokia 1907ko abenduaren 1ean zabaldu zuten. Beraz, aurten 100 urte beteko dira. Azkoitiko Batzokia ere urte berean ireki zuten, martxoaren 31n. Ondorioz, bi herrietako EAJko kideek ekitaldi sorta bateratua antolatu dute apirilerako. Ospakizun hori dela-eta, Azkoitiko eta Azpeitiko EAJk erakusketa antolatu dute bi herriotan. Martxoaren 31n inauguratuko dute Azkoitiko Torre Zuri erakustokian, eta bertan izango da ikusgai apirilaren 15era arte. Apirilaren 20tik maiatzaren 6ra arte, berriz, Azpeitiko udaletxe azpiko aretoan izango da. Batzokiak 100 urtean izandako ibilbideari errepaso egin nahi dio Azkoitia-Azpeitia, abertzaletasunaren 100 urte izenburupean antolatutako erakusketak. "Erakusketan denetik pixka bat egongo da", dio Eneko Sanz erakusketaren antolatzaileetakoak. Garaiko argazkiak, ikurrin zaharrak, hainbat erakunderen argazkiak... Ikus-entzunezko bat ere lortu dutela azaldu du Sanzek. Orain arte lortutako agirien artean, Espainiako Gerran tropa faxistak Azkoitira sartu zireneko argazkia azpimarratu du Sanzek, 1936ko irailaren 20an ateratakoa. Irudi gehiago lortu nahian, herritarrek dituzten agiriak aurkezteko dei egin du.

Liburua Erakusketaz gain, batzokien mendeurrena gogorarazteko beste egitasmo bat ere jarri dute martxan: abertzaletasunaren eta batzokiaren historia laburbiltzen duen liburua kaleratu nahi dute abendurako. Eneko Sanz historialaria da liburua egiteko ardura hartu duen pertsona. "Abertzaletasuna nola sortu zen eta izan duen bilakaera azaltzea da liburu aren bitartez irakurleari eskaini nahi dioguna", dio. "Abertzaletasunaren sorreran karlisten eta liberalen arteko borroka izan zen. Bi bando horien artean abertzaletasuna nola joan zen sortzen azaldu nahi dugu". Garrantzia, batzokiaren sorrera garaiari eman nahi diola aitortu du Sanzek. Hori izango da liburuaren aurreneko zatia. Bigarrengo zatia, gerra garaiari dagokiona izango da. Eta, hirugarrena, berriz, "zapalkuntza garaia edo diktadura bezala ezagutzen duguna". Liburua hiru zati horiekin osatuko du historialariak. "Egungo demokraziara iritsita, abertzaletasunak bide desberdinak hartu ditu eta nahiago izan dut batuta egon gineneko garaiak gogoratzea".

uztarria.com: Uztarria Komunikazio Taldea
Perez Arregi 1 behea 20730 Azpeitia
Harremanetarako: formularioa, e-posta: uztarria[a bildua]uztarria.com telefonoa: 943150358
Babesleak: Azpeitiko Udala, Gipuzkoako Foru Aldundia eta Eusko Jaurlaritza (Kultura)
Sareko Argia 2005 - Estatistikak

Uztarriak ez du bere gain hartzen webgunean adierazitako esanen eta iritzien erantzukizunik
Parte hartzeko arauak