Uztarria.com, Azpeitiko ataiye 2008ko urriyek 16,  OSTEGUNE

Hemen zaude: Azpeitiko ataiye »  Aldizkaria »  2007 »  Apirila »  Kaletik baserrira

 ALDIZKARIA

 ORRI HAU...

 

Kaletik baserrira

Maider Zendoia

Kaletarrak izan arren, baserrian bizi edo lan egitea aukeratu dute Iņaki Alkortak eta Arantxa Larreak

Iņaki Alkortak ukuiluan lan asko egiten du, suiza eta pirenaika behiak ditu eta haiei jaten eman eta garbitzen orduak pasatzen ditu 
Arantxa senarrari laguntzen saiatzen da. Ukuiluan lan gehiegi egiten ez badu ere, aska garbitzea bere kontua dela dio. 

Maiz esan izan da gero eta jende gutxiagok erabakitzen duela baserrian bizitzea. Baina azken urteotan bizimodu horren aldeko apustua egin duen jendea bada Azpeitian; hau da, nekazal eremu batean bizi edota lan egitea erabaki duten herritarrak badira.

Iņaki Alkorta da haietako bat. Ganadu kontrolatzailea da eta txikitatik izan du baserri munduarekiko zaletasuna. Urraki bidean, Garagartza Gain familiako baserrian makina bat ordu igarotakoa da, eta gaur egun ere egunean bi aldiz igotzen da baserrira. "Txikitatik gustatu izan zaizkit animalien eta baserriaren inguruko kontuak. Gainera, atsegin dut denbora librea bertan igarotzea", dio Alkortak. Horregatik, batxilergoa bukatu ondoren, Zizurkilen Fraisoro Nekazal Eskolan ikastea erabaki zuen. "Familiakoek esaten zidaten baserriko bizimodua gogorra dela eta ea argi nuen zer ikasi nahi nuen eskola hartan", esaten du. "Azkenean, asmatu egin nuela pentsatzen dut".

Arantxa Larrearena da beste kasu bat. Jaiotzez Paulo VI.a auzokoa bada ere, gaur egun Ibarbi-goena baserrian bizi da, Errezilen. Baserri mundua ez zitzaion arrotza Larreari, aita Barrenola baserrikoa baitu. "Txikitatik ezagutzen dut baserri mundua; umea nintzenean jolastera joaten nintzen, eta orain lan egin eta bizitzeko aukeratu dut baserria". Dagoeneko 11 urte daramatza Errezilen bizitzen eta gaur egun herrira itzultzea kostatu egingo litzaiokeela aitortzen du.

Iņaki Alkortak zaletasuna ogibide bilakatu du; ganadu kontrolatzaile gisa inguruetako baserrietako behiei esne kontrola egin eta txahalei belarritakoak jartzea da haren eguneroko eginkizuna. Gehien mugitzen den gunea Amezketa, Orendain, Tolosa, Albiztur, Bidania, Getaria, Zumaia eta Zestoa herriek osatutakoa da. Alkortaren iritziz, "gaur egun inguruko nekazal eremurik indartsuena Tolosaldekoa da. Getaria aldean-eta txakolindegi ugari zabaldu dute eta, ondorioz, baserritarrek ganadua izateari utzi eta mahastiak jarri dituzte".

EGINKIZUN TXIKIAK.

Arantxa Larrearen sendiak esne behiak eta arkumeak saltzen ditu. Etxeko lanez gain, eginkizun txikiak ere izaten ditu baserrian: intxaurrak eta sagarrak bildu garaia denean, menditik sutarako egurra ekarri, animaliak inguruko belardietara eraman... "Ahal den neurrian laguntzen saiatzen naiz. Ukuiluan ez naiz asko ibiltzen, baina behien aska garbitu eta haiei lastoa ematen saiatzen naiz", dio. Etxeko kontsumorako oiloak eta baratza ere badituzte Ibarbi-goena baserrian.

Alkortak baserrian behiak dauzka. Garai batean zituen gehienak suiza arrazakoak baziren ere, erosi dituen azkeneko behiak pirenaika arrazakoak dira. Azkena, martxoaren 10ean erosi zuen Tolosako ferian: Luixa. Kontu jakina da baserriko lana ez dela sekula bukatzen eta Garagartza Gain baserrian ere denetik egiten dute. "Etxerako baratza lantzen dugu, eta oilasko eta oiloak ere izaten ditugu", dio Alkortak. "Lehen, oilasko asko izaten nituen, astean 60 bat saltzen nituen Donostiara, baina bukaerarako ez nintzen denera iristen, lan gehiegi zelako". Bestalde, urtean behin txerria hil eta txorizoak egiten dituzte.

Alkortarentzat baserria zaletasuna da eta, hala den neurrian, "poz eta pena txikiak" eman izan dizkiola onartzen du. Ildo horretan, erosi berri duen txahalak eragindako poza aipatzen du. Dena den, bestelakoak ere izaten direla esaten du; jaio eta segituan hildako txahalak, hanka igeltsatu beharrekoak eta abar.

Arantxa Larrea pozik bizi da Errezilen. Herri txikia bada ere, zerbitzu aldetik ez du kexarik. "Seme-alabek Errezilen bertan ikasiko dute hamabi urtera arte, eta auzokoak txandaka ibiltzen gara haiek eskolara eraman eta ekartzeko. Oso ondo moldatzen gara".

Baserriko bizimoduari lotutako kontuak ere ikasi ditu Larreak. "Izarraitzen euria ari badu, badakigu denbora gutxian gurean izango dela, Tolosan ari badu, berriz, arraroagoa da alde honetara etortzea".

ETORKIZUNA.

Baserri munduaren etorkizunari begira, Larreak uste du gaur egun ez dela "batere erraza" baserritik bizitzea. "Erakundeek asko estutzen gaituzte eta exijentzia handiak daude. Lagundu beharrean, baserritarrak itotzen ari direla pentsatzen dut", iritzi dio. Alkorta ere pentsamolde berekoa da. Haren ustez, "baserritik bizitzeko gauza orijinalak egin edota kantitate handiko produkzioa egitea beharrezkoa da".

Kaletik baserrira bizitzera joan izanaz ez dela damutzen dio Larreak. "Baserrian lan asko egin behar den arren, lasaiago sentitzen naiz hemen, lan hauetan. Gainera, egia esan, zerbait gertatuta ere, bertatik bertara nago Azpeititik".

Alkortak, berriz, eguna baserriz baserri igarotzen badu ere, oraindik kalean bizi da. "Nire ametsa nekazal inguruan bizitzea izango litzateke, baina oso zaila ikusten dut. Garagartza Gain familiako baserria da, eta neronek baserri bat eraikitzea gehiegizko gastua izango litzateke".

uztarria.com: Uztarria Komunikazio Taldea
Perez Arregi 1 behea 20730 Azpeitia
Harremanetarako: formularioa, e-posta: uztarria[a bildua]uztarria.com telefonoa: 943150358
Babesleak: Azpeitiko Udala, Gipuzkoako Foru Aldundia eta Eusko Jaurlaritza (Kultura)
Sareko Argia 2005 - Estatistikak

Uztarriak ez du bere gain hartzen webgunean adierazitako esanen eta iritzien erantzukizunik
Parte hartzeko arauak