EDURNE ZUBIA - Azpeitiko Udaleko Gizarte Ekintzako arduradun teknikoa
Edurne Zubia: "Hemen ere biktimek normaltzat daukate tratu txarrak izatea"
Enekoitz Esnaola
Azpeitiko udaletxean gizarte lanean dabiltzanek asko bizi dute tratu txarren drama, gertutik. Langileotako bat da Edurne Zubia, Gizarte Ekintzako arduradun teknikoa. 23 urte daramatza udaletxean. Udala duela 15 bat urte hasi zen arlo hau bereziki lantzen. Gizarte langileak lau dira. Haiez gain, bi
administrari daude, bi hezitzaile eta hiru psikologo kontratupean.
|
|
Edurne Zubia Azpeitiko udaletxeko Gizarte Ekintzako arduradun teknikoa.
|
|
|
|
23 urte daramatza Zubiak udaletxean lanean eta tratu txarren drama gertutik bizi du.
|
|
Iaz tratu txarren 23 kasu berri jaso zenituzten herrian. Tratu txarren zenbatekoa da?
Ezta ideiarik ere, baina badakigu askoz gehiago daudela. Aurreko urteetakoak ere hor daude, eta jarraipena egiten diegu. Berrien bila ere bagoaz, erraza ez den arren. Adibide bat: 2005ean seguru nekien beste bi kasu bazeudela, neuk deitu nien biktimei, baina ukatu egiten zidaten, esaten zuten ez zutela tratu txarrik jaso. Horrelako kasuak gero ez ditugu zenbatzen, jakina.
23 kasu berri jasotzea asko al da?
Izan daiteke, bai. Beste herri batean gutxiago jasotzen badituzte, horrek derrigor ez du esan nahi han tratu txar gutxiago daudenik eta hemen gehiago. Azpeitian programa asko ditugu arlo honi buruzkoak eta horregatik jasotzen ditugu kasuak.
Jendeari kostatu egiten al zaio zuengana joatea?
Bai. Igual udaletxean gaudelako eta hona etortzea ez zaielako erosoa? Baliteke. Horregatik, Aitonena I gainean hirugarren solairuan beste zerbitzu bat jarri dugu, gazteekin-eta lan egiteko. Psikologoak ere hantxe daude, beste bulego batean. Bestela, biktimengana gu geu joaten gara.
Nola egoten dira haiek gauzak kontatzeko garaian?
Oso urduri eta beldurrez, euren familiakoa ez den bati kontatzen ari direlako kasua. Lehenengo elkarrizketan ez diezu dena ateratzen. Parte sartzera animatzen
ditugu eta lagundu egiten diegu: epaitegira joateko, medikuarengana joateko, bereizten direnean bitartekari lanak egiten ditugu bikotekidearekin, psikologoengana ere bideratzen ditugu...
Azpeitian zer profilekoak dira erasotzaileak?
Batetik, ezagunak daude, betidanik herrian bizi izan direnak, hona bizitzera etorri izan direnak ere badauden arren. Bestetik, egoera ekonomikoa batzuetan faktore garrantzitsua izaten da tratu txarren kasuetan, baina Azpeitian biktimen artean ez daude maila baxuko pertsonak soilik, erdi mailakoak ere badaudelako; oraindik lortu ez duguna da maila altukoak etortzea, baina horiei ere aukera ematen diegu. Erasoak baldin
badaude, denen berri izan behar dugu.
Azpeitiko iazko datuetan ikus daitekeenez, tratu txarren
kasuetan bitan erasotzaileak semeak izan ziren.
Eta oso-oso erasokorrak, gainera, biak. Ama hiltzeko arriskua egon izan da. Ama batek ez zuen sartu parte, ez zuen ezer egin. Seme horietako batek beste herri batean ere sortu izan ditu liskarrak eta urruntze zigorra du han.
Adineko jendea ere badago.
Aurreko urte batean 80 eta 76 bat urteko azpeitiar senar-emazteak banandu egin ziren.
Gizonezkoak izan direnean biktima, zer tratu txar jaso izan dituzte?
Psikologikoak, ez fisikoak. Xantaia emozional handia egin izan diete. Gizonezko batzuk oso ahulak dira izaera aldetik eta emakumeek dominatu egiten dituzte.
Eta emakumeak direnean biktima?
Tratu txarra psikologikoa denean, gizonezkoak hari "ez duzu ezer balio!", "zu nire kontura bizi zara!", "ez zara ezer ni gabe!"
eta halakoak esaten dizkio.
Tratu txar fisikoak nolakoak izan ohi dira?
Denak larriak, eraso denak direlako larriak. Baina hau esan beharra dago: guretzat eraso horiek larriagoak izaten dira, biktimarentzat baino. Hauek hainbeste urte daramatzate kolpeak-eta jasotzen, azkenean normaltzat hartzen dituztela bikotekideak lepoa estutzea, besoan ubelduak eragitea eta abar. Are gehiago: beraiek sentitzen dira errudun, gauzak kontatu dituztelako.
Ez dirudi lan erraza zuenak.
Ez da. Baina, behintzat, jaso dezatela gure laguntza. Gero ikusiko dute salatu-ez salatu. Gainera, biktimek geure aldetik badute sekretu profesionalaren bermea: behin ere ez dugu haien daturik ematen (izena, helbidea...).
Eta zein da emaitza?
Zer gertatzen da sarri? Ikusten badute zuk lagundu nahi duzula, ihes egiten dute. Gainera, gauza asko isilpean gordetzen dituzte. Beraz, nola lagundu horiei? Azpeitian gertatu izan zaigu bikotea bereiztea baina gero geuk jakitea elkarrekin segitzen dutela. Oraingo kasu bat: zigortu batek urruntze agindua du, ezin du bikotekide ohiarengana hurbildu baina guk badakigu batera daudela...
Halakoetan, zein da arrazoia?
Umeak daudela tartean. Beste arrazoi bat: emakumea beldur da bakarrik bizitzeko, agian oraindik emakumea bakarrik bizitzen ikusteak ez duelako irudi onik.
Beste tratu txar motarik?
Sexu abusuak Azpeitian zenbat dauden jakingo balu jendeak... Familiakoek beraiek eragindako sexu abusuez ari naiz, batik bat: anaiak, aitak... eragindakoez. Asko dago halakoa, asko, eta kasu berri-berriak.
Bizilagunek salatzen al dituzte gertaerak?
Bai, kolpeak eta orroak entzuten dituztelako, baina beldurra ematen die salatzea. "Ez esan nik salatu dudanik, eh", esaten digute.
Azpeitian heriotzarik gertatu izan denik ba al dakizu?
Nik 23 urte daramatzat hemen lanean eta ez. Aurretik ez dakit. Inor hil daitekeela? Bai. Neuk oso kasu larri bat ezagutu izan dut, iaz gertatutakoa.
Zuek kalean topatuko zarete erasotzaileekin...
Bai, baina kasu batek geuri pertsonalki eragiten badigu —erasotzailea ezaguna duzulako, edo auzokoa, edo kasuarekin berarekin ezin duzulako gehiago...—, beste langile bati pasatzen diogu. Oraintxe dela aste batzuk, berriz, gizonezko bat geure bulegora sartu nahian ibili zen, oso bortitz, geu erasotu nahian.
Zer moduzko jarrera dute Azpeitiko epaitegian?
Prozesua berez 48 ordukoa da: parte sartu epaitegian (edo
Ertzaintzan; honek pasatzen du gero salaketa epaitegira) eta
ustezko erasotzaileak jakinarazpena jasotzen du. Batzuetan
prozesuak luze jotzen du, ordea.
Herriko adibide bat?
Gogoan dut bat. Batetik, emakumeari asko kostatu zitzaion pausoa ematea eta salaketa aurkeztea, urtebete egon zen parte sartu-ez sartu, azkenean sartu zuen, iazko uztailean, baina urrira arte zain izan zuten! Are gehiago: pixka bat lehenago, irail bukaeran, epaitegitik deitu zioten, salaketa berriro jartzeko esanez...
Biktimak parte sartzen du eta zer gertatzen da?
Ustezko erasotzaileari salaketaz ezer jakinarazi aurretik, epaitegitik lehenago biktimari berari deitzen diote, jakinaren gainean egon dadin, eta orduan honek une horretan etxetik irteten du, bikotekidearen momentuko erreakzioa saihesteko, artean elkarrekin bizi direlako.
Bereizten direnean, zein geratzen da etxearekin?
Normalean, umearekin gelditzen dena. Emakumea, gehienetan. Eta nik ulertzen dut orduan diru aldetik gizonezkoak arazoak
pasatzen dituela, kasu hauetan gehienak ekonomikoki erdi eta behe mailakoak direlako: emakumeari diru bat pasatu behar dio, etxeko maileguak ere berak ordaindu behar ditu —mailegurik baldin badute—, berak nonbait bizi behar du, jan...
Biktimak medikuarengana doazenean, nora joaten dira?
Hona, Azpeitiko anbulatoriora.
Zeuok ere izango duzue harremanik medikuekin, ezta?
Oso estua. Biktima bat haiengana joan aurretik, geuk deitzen diogu medikuari. Abokatuekin ere harreman handia dugu.
|