|
|
|
Eta beste
Pentsioak
Maria Jesus Aranburu
Azken egun hauetan jakin dugu Eusko Jaurlaritzak hartu duen erabaki baten berri: pentsioak, oso eskasak diren pentsioak, alargunenak edo zenbait elbarriturenak, soldata minimoarekin parekatuko
dituztela. Ondo, oso ondo egina!
Demagun, gure gizartea familia batekin konparatzen dugula. Hau da, batek asko duela eta beste batek gutxi. Imajinatu diru nahikoa daukanak bere tartekoari laguntzeko diru kopuru bat uzten duela nonbaiten eta denbora pasatu ahala tarteko horrek diru hori jasotzeko arazoak dituela. Azkenean, familiartekoaren egoera penagarria ikusita, beste diru kopuru bat ipintzea erabakitzen du, zuzenean berari emanez dirua. Ez al du bi aldiz ipintzen? Nire iritziz, horrelako zerbait gertatzen zaigu orain. Lanean gauden gutako bakoitzak, soldataren araberako portzentaia ematen diogu gizarte segurantzari, gero honek bana dezan, baina banaketarako ezarritako sistemaren ondorioz, batzuek oso gutxi jasotzen dute eta, ondorioz, larrialdi egoera nabarmenean bizi dira.
Gure Autonomia Estatutuak dituen ahalbideak asko dira, baina Madrilgo Gobernuak —berdin da PP edo PSOE izan— ez digu legez dagokiguna ematen; zergatik ote? Hemen PSOEk aldarrikatzen duena zergatik ez du onartzen Madrilen eta aurreratutako dirua hemen banatu nahi duen moduan banatzen? Egin behar denean, egin, egin behar da, baina ez dezagun ahaztu eskumena duenak egingo balu, diru hori beste behar batzuetarako erabiliko litzatekeela: zaharrentzako egoitza gehiago egiteko, hezkuntza hobetzeko, garraio publikoa gehitzeko, osasun zerbitzuak azkartzeko...; guk ditugun egin beharrekoak egiteko!
Ez da asko, baina onura hori jaso behar duenari ondo etorriko zaio; gure dirua ondo banatuta eta beharra duenaren esku geratzen da.
|