Uztarria.com, Azpeitiko ataiye 2008ko abuztuek 29,  OSTIRELA

Hemen zaude: Azpeitiko ataiye »  Aldizkaria »  2007 »  Apirila »  Iritzia »  Larri antzean/Adreiluak kentzen

 ALDIZKARIA

 ORRI HAU...

 

Postontzia

Larri antzean/Adreiluak kentzen

Kepa Urbieta eta Igor Aranbarri

POSITIBISMOAREN KALKULUAK.

Aupa, gizon! Zer berri? Aurreko eskutitzean helduak ginela genioan, baina ohartu berri nauk ume moko inuzente bat baino ez naizela. Hire moduan gurasoen hotelean bizi nauk, bost izarretik gorako pentsio konpletoan. Gustura nagok nire erreinu partikularrean, baina gertaera berri batek kontzientziaren leiho bat ireki zidak bat-batean. Ustezko heldutasun hau lortu nuenetik lehen aldiz babes ofizialeko etxeak jarri ditiztek Azpeitian zozketagai, 21 kiloren bueltan Loiolako zelai berdeei agur esan eta etxeak eraikiko ditiztek azpeitiarron mesedetan. Baina nork nahi dik belar berderik bizitzako gastu garrantzitsuena erdi prezioan usten badute? Ongi, bada yogako nire irakasleak esaten duen bezala, baikor pentsatzen baduk gauzek nahi bezala irteten omen ditek. Beraz, nik, positibo asko, izena eman eta ari nauk nire indar guztiekin tokatuko zaidan etxea gogotsu proiektatzen.

Horretan nabilela, programa informatiko bat etorri zaidak esku artera. Oso sistema erraza dik: zenbat diru behar duan jarri, interesa zehaztu eta zorraren urte kopurua erabakita hileko kuota ateratzen dik, di-da batean!

Eta horrela, positibismoari helduz, tokatuko zaidan etxea nola ordainduko dudan kalkulatu diat: 150.000 euro (25 kilo, muebleak barne), batez besteko interesa sartu eta 25 urtetan ordainduko diat, txolo bat duk-eta... Kuota=833,75 euro! Beno... eta... 40 urtera=674,34 euro! Eta... 50 urtera=629,08 euro!!!

Agian, heldua den orok bazekik hau horrela dela, baina ni orain enteratu nauk. Irudikatzen diat, kiroldegian, tokatzen zaidanean emango dudan pozez betetako saltoa, baina baita ondoren nire sabelak sakelera begira jasango duen korapilo beldurtia ere. Kaixo nire etxe babestua! Agur nire bizi soziala! Eta tokatzen ez bada? Etxe bat okupatzeko zer paper bete beharko genituzke? Kontua beltza, Kepa...

Igor Aranbarri

ITOTZEKO MODUKO SISTEMA.

Igor, maitea! Behin baten galdetu zidatean ea etxeko horman zer graffiti egingo nukeen. Nire borondate onenarekin "eskerrik asko" erantzun niean, baina uste diat gurasoei etxean graffiti bat egiteak ez ziela graziarik egingo. Ezta eskerrak emateko bada ere. Arrazoi guztia daukak. Gurasoenean bizi garen bitartean hotel batean bizi gaituk. Eskerrak ipurdia garbitzen umetan erakutsi ziguten, bestela hori ere...

Heldu izatea arazo handi bat duk, hain zuzen ere arazo txiki guztiak konpontzeko ardura dakarrelako. Erabakiak hartu behar etengabe, alde on eta txar guztiekin. Horregatik, Igor, ez haiz ume moko bat. Geure burua itotzeko balio duen sistema batean bizi gaituk. Eta okerrena duk sistema hori gu geuk sortu dugula. Gu baino izaki inutilagorik!

Ez diat nahi hartu duan erabakiaz damutzerik, baina kalkulu horietan gauzatxo bat ahaztu zaik. Hileroko 629,08 euroei etxeko beste gastu batzuk gaineratu behar dizkiok: adibidez, hilabeteko janaria, argindarra... Jo dezagun hori 250 euro besterik ez direla. Guztira, 879.08 euro. Eta hik bezala lanera joateko kotxea behar duen bati gehitu beste plus bat. Eta aipatu gabe utzi ditugun gastuak... Mileuristak jai diagu. Abentura horretan sartu nahi baduk, irtenbide bakarra daukak: bi aldiz ezkondu; lehendabizi gastuak erdibana egiteko prest dagoen norbaitekin eta gero bankuarekin. Hobeto pentsatu eta atzera egiten baduk, berriz, aukera gehiago dituk: etxea duen norbaitekin ezkondu, gurasoekin bizitzen jarraitu, edota, bestela, gurasoekin serio-serio hitz egin: "Eskerrik asko urte hauetako pazientziarengatik eta egin duzuen guztiarengatik, baina nire bizitza egiten hasteko garaia heldu zait. Agur, eta ondo bizi Mixikordiyen!", eta heu geratu etxearekin. Zenbat gazteri pasatu ote zaiok hori burutik, dagoeneko norbaitek ez baldin badu egin. Zorte on zozketan, baina ona zer izango den hik erabaki.

Kepa Urbieta

uztarria.com: Uztarria Komunikazio Taldea
Perez Arregi 1 behea 20730 Azpeitia
Harremanetarako: formularioa, e-posta: uztarria[a bildua]uztarria.com telefonoa: 943150358
Babesleak: Azpeitiko Udala, Gipuzkoako Foru Aldundia eta Eusko Jaurlaritza (Kultura)
Sareko Argia 2005 - Estatistikak

Uztarriak ez du bere gain hartzen webgunean adierazitako esanen eta iritzien erantzukizunik
Parte hartzeko arauak