|
|
|
Libre
Beste familia
Olatz Prat
Duela hilabete batzuetatik Arantzazura joaten naiz egunero lanera. Ez dakit beste lekuetan gertatzen den, hau baita nire lehen lana, baina hemen geure familiatxoa eratzen goaz. Lan taldekoez gain, noski, badira Arantzazun nire beste familia eratzen duten pertsonak. Gauzak aldatu dira hara iritsi nintzenetik, batzuk etorri eta besteak joan, baina familia hori beti handitzen doa; Arantzazura joaten dena, nolabait, bertan gelditzen baita
betiko.
Oņati bukaeran txokolate usaina egon ohi da, leihoa jaitsi eta arnasa hartzea gustatzen zait. Eskuinera jiratu orduko Juani eta Patrizia ikusi ditut. Sarritan egoten dira han. Goiko Gandiaga Topagunea eta Gogartetxea garbitu eta atontzen dituzte, beste lanen artean. Juani Puerto Ricokoa da. Duela pare bat urte etorri zen, bere bi haurrak amonarekin utzita. Malkoei eutsi ezinik kontatu zidan bere historia. Euskara ikasten dihardu, ez du meritu makala, sarritan pazientzia falta zaiola aitortzen badu ere, bertako jendeari zerbait ulertu ahal izateko bada ere ikasi nahi du. Dena den, ez daki ondo non aterrizatu duen, Oņatiko euskara baino zailagorik ez baita asko egongo. Gehien harritzen nauena, ordea, bere irribarre goxoa da. Beti umore onez, bere begietan nekea eta etsipena ikusten den arren. Patrizia brasildarra da. Beltzarana, ile luzea eta kiribildua. Hona ezkonduta dago eta, nolabait, bizitza Juanik baino leunagoa dauka. Abestea izugarri gustatzen zaio. Autoan goazela irratiko doinuekin jolasean dabil. Honi ere gustatzen zaio flamenkoa. Nik berari aurreskua erakutsi behar diot eta berak niri samba dantzatzen.
POSTARI LANETAN. Bidean Angel Mari Milikua gurutzatu dugu. Milikua, Arantzazuko tabernetako bat da. Angel Marik auzoko postari lanak egiten ditu goizetan, arratsaldetan tabernaz arduratzen da, eta denbora librean bustinezko eskulturak egitea gustatzen zaio. Eguraldi ona egiten duen eguerdietan mahaia eta aulkiak ateratzen dizkigu atarira, kafea eguzkipean har dezagun.
Sindikakoak ere bisitatzen ditugu. Lanez gainezka dabiltza orain, ostatua itxi zutenetik jende guztia hara joaten baita bazkaltzera. Ostatuan Margarita eta Nacha egon ziren lanean, baina itxitakoan lanik gabe gelditu ziren. Margarita ere Puerto Ricokoa da eta Nacha txiletarra. Margaritak inguruetan jarraitzen du lanean, taberna ezberdinetan. Nacha, ordea, Bartzelonara joan zen a buscarse la vida, berak esaten zuen moduan. Triste joan zen, baina orain egun batzuk mezu bat idatzi zigun, oso ondo zegoela esanez; pisu txiki bat omen dute, gizona lanean omen dago eta bera, oraindik lan bila badabil ere, gustura omen dago.
ARANTZAZUKO FRAILEAK. Fraileekin sarri egoten gara. Bisitan etortzen dira, noiz edo noiz gonbidatu ere egin gaituzte eurekin bazkaltzera. Dezente daude. Ofertoriora sartu eta harritu ninduen 30-35 bat fraile ikusteak. Guk betiko zortzirekin dugu harremana eta hango asko ezagutu ere ez nituen egiten.
Adina ez da haietako askorentzat gora eta behera eta hemendik hara ibiltzeko aitzakia. Beti laguntzeko prest daude. Zerbait muntatu behar bada, tarima bat egin behar bada, kortinak kolokatu, estufa bat inguratu... Beti dute irribarrea aurpegian. Bulegoan sartu eta zer moduz Azpeiti?.
Mojak ere baziren. Baziren diot, martxoaren hasieran joan egin zirelako Arantzazutik. 60 urte inguruan egon ondoren, beste lurralde batzuetatik erreklamatu dituzte, leku horietan behar handiagoa dago-eta. Rosario eta Manoli Bartzelonara, Bernardita Kataluniako beste herri batera eta Teresa Marokora.
Gogartetxeaz arduratzen ziren orain arte. Noizbait han gelditu naiz lotan, hotel bat bezalakoa da, baina bost izarreko edozein hotel baino goxoagoa. Zer janari goxoa, ze epeltasun, ze txukuntasun... Faltan botako ditugu dudarik gabe gure emakumetxoak.
SINESMENA. Ez naiz kristaua, ez sinesduna. Baina leku honek jartzen nau batzuetan dilema horretan. Ez dakit, sentimendu onak kanpora ateratzera behartzen zaituen leku bat da hau eta baita bertako jendea ere. Egunero etorri eta bertan aurkitzen dudanak, konpentsatu ez ezik, gainditu egiten du ordubeteko bidaia.
|