|
|
|
Enbido
Bilera irekia
Koldo Aldadur
Xoxotetik behera natorrela, Nahargun parean, geldialditxoa egin eta Azpeitiari begira jarri naiz. Martxialeneko
lurrunean ezkutatutako kea eta koliseoa —zezen-plaza, barkatu— nabari dira.
Nekeak eraginda-edo, pentsamendu goxoan barneratu naiz eta Plaza Nagusiko kioskoa azaldu zait. Herritar ugari da bertan, gehientsuenak. Kartel handi batek bildu ditu, itxuraz: "Gaurko gaia: etxebizitza; erabakiak hartzeko bilera irekia". Kiosko gainean emakume bat dago bildutakoei herriak duen etxebizitzaren arazoari buruzko azalpenak ematen. Talde baten izenean hitz egiten omen die. Lehendabizi datuak eman ditu; besteak beste, zenbat etxe dauden hutsik herrian, gazteak eta emakumeak direla arazo gehien dutenak, laguntza kontuak, portzentaiak... Gero, irtenbidea topatzeko ustez zer egin beharko litzatekeen azaldu du eta beste herritar bati eman dio txanda.
Bigarren horrek ere antzeko bidea burutu du: aurkezpena, analisia eta irtenbideak. Oraingoa Atano III.a praka zuriekin ikusitakoa da. Etxean igogailurik ez dutela-eta, bere ustez babes ofizialeko zozketan sartzeko eskubidea dutela dio. Hurrenak dio istripu madarikatu hark mugitzeko ahalmena mugatu ziola baina ez bizitzeko gogoa eta, lehenaz gain, laster egingo diren etxebizitzek euren egoerara moldatuak beharko luketela...
GIZARTE EREDUA. Gorbatadunak eraikin zaharren egoerari buruz hitz egin du, berritzearen kostuaz eta finantzabideaz. Gazte itxurako nerabeak ere iritzia eman du: agian, lokalak moldatu beharko direla, aberaskumeguneak sortzen ari garela; agian, ez dela etxebizitza kontu soila, gizarte eredu kontua baizik... Azken-hurrenak alokairu sozialari buruzko txosten bat irakurri du, zeinean sistema horren abantailak eta hutsuneak agerian gelditu diren. Azkena, egin berri denaz eta egin nahi denaz mintzatu da. Entzun beharreko guztiak entzun eta gero, galderen txanda iristean, itaun zuzenak talde bakoitzari eta erantzun zehatzak. Eztabaida aberasgarria eta, ostean, bozketa. Pertsona bat boto bat eta bertaratu direnek erabakitakoa... aurrera. Gaia jarraitzeko batzordekideak aukeratzea, epeak zehaztea, aurrekontuak era errazean azaltzea eta kutxako diruarekin hori dena martxan jartzea erabaki dutela iruditu zait. Mikel Laboaren musika bakarrik falta da pentsatu dut harribidean behera abiatu naizenean —inor ez inoren menpekorikan, norbere buruan gabe—.
AUZOKO BILERA. Presaka jaitsi naiz, neure auzoko bilerara iritsi nahi dudalako Enparan dorretxera. 150 lagun daude deituta bilerara eta bertaratuak bi dozenara ez gara iristen ordua jota duenean. Ez da Naharguneko ametsa. Gai errealak dira: estolderiaren egoera negargarria, garbiketa nola eraman, festak, diru kontuak eta abar. Tranpaldoaren gainean daudenek esandako guztia onartu da presaka-presaka. Galderarik ez. Etxera bizkor itzultzeko gogo galanta. Goenkale kate batean eta futbola bestean. Errrealitatea.
Hurrengo hilean hauteskundeak izango ditugu herrian eta zure botoa eragingarria izango da erabakitzeko hurrengo lau urteetan nolako Azpeitia izango dugun.
Zure baimenaz, hainbat galderatxo:
1. Gustura al zaude zure ordezkariak aukeraturik, erabakitzeko ahalmen guztia haien esku utzita?
2. Zuzenean dagokizun erabakietan iritzirik
eskatzen al dizute? Emango al zenuke?
3. Zuren iritzian, agintean daudenek gustura hartuko al lituzkete herritarren parte-hartzea eta ekarpenak udaletxeko bileretan?
4. Oraingo hau al da herri bat kudeatzeko modu bakarra?
Lasai eta gustura bizi bazara horrela, eman botoa gogoko duzun horri eta segitu patxada ederrean. Beste zerbait gogokoago bazenu, hasi mugitzen edo, bestela, Xoxotera igo ametsetan egitera; baina, mesedez, ez engainatu zeure burua. Ametsak errealitate non bihurtu badago.
|