|
|
|
Teknologia versus
Maider Zendoia
Ainhoa Salegi azpeitiarrak Elekan egiten du lan, teknologia berriak eta euskara uztartzen dituen enpresan
|
|
Ainhoa Salegi Uztarriaren egoitzan
|
|
Teknologia berriek gaurko gizarteko alor guztietan duten garrantzia begi-bistakoa da. Beraz, errealitate horri atzea ematerik ez dago. Azken urteotan alor horretan izandako iraultzak errutina ugari aldatu du; eta, gainera, baliabide askoko aukera sorta zabaldu dio erabiltzaileari. Euskararen kasuan, tren hori ez galtzea erabaki dute zenbait eragilek. Uztarriak ingeniaritza linguistikoan diharduen
enpresa batean lan egiten duen azpeitiarrarekin solas egin du: Ainhoa Selgirekin.
Elekan egiten du lan hark; hau da, EHUko Informatika fakultateko IXA ikerketa taldearen eta Elhuyar Fundazioaren lankidetzatik sortutako enpresan. "Elhuyarrek enpresa alorreko jakinduria eskaintzea erabaki zuen eta IXAk, berriz, jakinduria teknologikoa eranstea", dio Ainhoa Salegik enpresaren sorreraz.
Eleka 2002an sortu zen, ingeniaritza linguistikoan aritzeko helburuarekin. Baina zer da ingeniaritza linguistikoa? Salegik adierazitakoaren arabera, "pertsonaren eta makinaren arteko komunikazioa errazten duen sistema da; hizkuntzalaritza eta informatika uztartzen dituena, alegia".
Euren jardueraren definizioa proiektu konkretuetan zehazteko unean, ondorengoak aipatzen ditu Salegik: zuzentzaileak, bilatzaileak, itzulpen memoriak, web mining-ak, corpusen etiketatzea, formatu digitaleko hiztegiak, itzulpen automatikoa eta hizketa-teknologia.
TEKNOLOGIETAN SARTUTA. Salegik argi dauka euskarak beste hizkuntzak hainbateko garrantzia izan nahi badu, teknologietan ere ezin duela atzera geratu. "Ingelesez gauza ugari dago merkatuan, baina euskaraz ez dago teknologia hori garatuta; euskara teknologia berrietara eramaten ez badugu, beste hizkuntzen atzean geratuko gara".
Ondorioz, euskarak badauka etorkizuna teknologia berrietan. "Gauza asko dago egiteko eta egiten diren gauzak oso beharrezkoak eta erabilgarriak dira. Beste hizkuntzen atzetik ibili beharrean, haien pare garatu behar dugu", dio Salegik.
Ildo horretan, azkeneko urteotan gertatutako iraultzak teknologia egunerokotasunera ekarri duela pentsatzen du. Hala ere, oraindik behar hori sumatzen ez duten alorrak badaudela dio. Haren ustez, "enpresa industrialetarako sarbidea oso zaila da, nahiz eta itzultzaile automatikoekin itxaropena izan. Enpresek gero eta gehiago irteten dute kanpora eta, ondorioz, pixkanaka-pixkanaka ari dira jabetzen behar bat badagoela". Kalitateko ziurtagiriekin ere gauza bera gertatu zela uste du; "hasieran jendeari agiri pilaketa iruditzen zitzaion, baina orain enpresa askorentzat beharrezkoa da kalitateko prozesuak ezartzea".
Etorkizunari begira, itzulpengintza automatikoa asko garatuko dela uste du Ainhoa Salegik. Izan ere, orain urte batzuk inork gutxik zekien zer ziren zuzentzaileak, bilatzaileak edota hiztegi
digitalak. Gaur egun, aldiz, ia inork ez du testu bat bukatutzat ematen arestian aipatutako hiru laguntzaileen babesik gabe.
Itzulpengintza automatikoari esker, testuak automatikoki beste hizkuntzetara itzuli ahal izango dira. Hala ere, Elekako kideak aipatutakoaren arabera, "oraingoz, euskara itzultzeko kalitatea ez da guztiz ona, %72ko parekotasuna baitu. Hizkuntza latinoek errazagoa daukate, estruktura aldetik hurbiltasun handiagoa duten hizkuntzak direlako".
KONPROMISOA. Lau lagunek sortu zuten Eleka 2002an baina, hainbat aldaketen ondoren, gaur egun zazpi pertsonek dihardute lanean. Ainhoa Salegik administrazio eta finantza arloan egiten du lan, "baina euskararekiko konpromiso irmoarekin".
Elekako azpeitiar kideak unibertsitateko ikasketak erdaraz egin zituen eta, enpresa horretan lanean hasi zenean, kontabilitate eta administrazio lanak euskaraz egiten hasi zen. "Hasiera batean, gauza guztietan bezala, kostatu egin zitzaidan, baina gero aise jarri nintzen".
Haren ustez, "euskararekin konpromisoa izanez gero, denera jartzen zara".
Lagungarriak
ZUZENTZAILEAK
Xuxen.
- www.euskara.euskadi.net
Xuxen web.
- www.xuxen.com
ITZULPEN AUTOMATIKOA
Opentrad
- www.opentrad.org
|