Uztarria.com, Azpeitiko ataiye 2008ko abuztuek 30,  ZAPATUE

Hemen zaude: Azpeitiko ataiye »  Aldizkaria »  2007 »  Martxoa »  3,2,1... grabatzen!

 ALDIZKARIA

 ORRI HAU...

 

3,2,1... grabatzen!

Maider Zendoia

Natatxa Films taldeko kideek zortzi urte daramatzate zinemagintzan. Martxoan 'Cronos' film laburra errodatzen hasiko dira, Arkatxonen

 
 
 
 
Argazkian Tiobibo taldearen bideokliparen grabazioa  
 
 

Zinema atsegin duen Azpeitiko lagun talde batek ikus-entzule soil izateari utzi eta zazpigarren artearen tripekin esperimentatzea erabaki zuen 1999an. Natatxa Films izena jarri zioten taldeari. "1999ko udazkenean hasi zen dena. Tabernan geundela, egunkarian irakurri genuen aldizkari batek antolatutako lehiaketa zegoela minutu eta erdiko luzera zuen film laburra egiteko", dio Netzer Bereziartuak. Recordman egin zuten.

Hala hasi ziren Leire Urbieta, Jon Berdejo eta Netzer Bereziartua komiki batetik ateratako txisteari forma ematen. Film laburrak bere buruaz beste egiten duen gaztearen istorioa kontatzen du. Gaur egun lau taldekide baditu ere (Netzer Bereziartua, Jon Berdejo, Karlos Ibarbia eta Itziar Arratibel), bederatzi taldekide izatera iritsi ziren orain lau urte. 1999tik dihardu taldeak zinemagintzan, eta dagoeneko hiru film labur, bi iragarki eta bideoklip bat filmatu dituzte. Laugarren filma grabatzekotan dira orain, martxoan —Cronos—, eta antolaketa kontuetan dabiltza.

Aurreneko filman eskuartean genuen materiala "eskasa" zen, "eta, gainera, egin beharreko efektu bereziak-eta zeharo esperimentalak ziren", dio Netzer Bereziartuak. "Horrela, tiroa botata hiltzen zen protagonista irudikatzeko [zuri beltzean da filma], txipiroi tinta sartu genion kamiseta barruan jarritako tutu batean, baina itxuraz gaizki zintzilikatu genion eta txipiroi tinta guztia kamisetan zabaldu zitzaion".

PROTAGONISTA GAIXOTU. Bigarren film laburra 2000 eta 2001. urteen artean errodatu zuten: Bazkaria poxpolotan. Protagonista grabazioa baino astebete lehenago gaixotu egin zen eta, ondorioz, Antxieta Antzerki Taldera jo zuten protagonista bila. Horrela ezagutu zuten Karlos Ibarbia. "Nirekin aktore lanetan aritzeko jarri ziren harremanetan baina, azken batean, teknikoki ere asko saltseatu izan dut proiektuetan", dio Ibarbiak.

Bazkaria poxpolotan Azpeitiko Parrokian filmatu zuten, baina beharrezko baimenak lortzeko, Donostiako Gotzaindegira jo behar izan zuten. "Aitortu beharra dago Kepa Susperregi erretorea oso ondo portatu zela gurekin, berak erabiltzen zituen arropak eta guzti utzi zizkigulako", dio Berdejok.

Emazte batek bere gizona hil eta flash back bidez gogoratzen du ezkondu zen egunean "heriotzak banandu arte" esan ziola apaizak; horixe da bigarren film laburraren sinopsia. "Albistegietan betitik entzun izan dugu gizonezko batek emakumezko bat hil duela eta guk errealitate horri buelta ematea erabaki genuen", esan du Netzer Bereziartuak. "Gure maila ekonomikoki eta teknikoki oso mugatua da, baina lortutako emaitza nahiko txukuna izan zen", erantsi dio Ibarbiak. Ildo horretan, gogoratzen dute jendea seko harrituta geratu zela filma 30 eurorekin egina zegoela esan zutenean Zestoan izandako emanaldi batean.

ERREFERENTZIA. Hirugarren filma erreferentzia puntu bilakatu da Natatxa Films taldearen ibilbidean. Izan ere, Bailara-k 16 minutuko iraupena du eta filmeko musika, gidoia, muntaia, jantziak, efektuak eta grabazioa taldekideek beraiek eginak dira. Hirugarren filmari eman diote zabalkunderik handiena; Beizamako festetan estreinatu zuten eta, ondoren, Azpeitian Soreasu aretoan eta Eibarko film laburren lehiaketan aurkeztu zuten. Berdejoren iritziz, "garai hartan taldeak klimaxa bizi zuen, orduan parrandak eta guzti egiten genituelako pelikulari buruz hitz egiten".

Hirugarren film laburraren ostean, EHNAren aldeko taldearentzako bi iragarki grabatu zituzten. "Kanpoko eskaera baten arabera grabatzea esperientzia berria izan zen taldearentzat", dio Ibarbiak. "Muntaia egin ondoren, irudiak kolpeka geratzen ziren eta, hori ez nabarmentzeko, Berdejok kolpe horien erritmoa irudikatzen zuen musika jarri zion iragarkiari", dio Netzer Bereziartuak. Ibarbiak uste du gabeziak imajinazioa lantzera behartu dituztela.

Bi iragarkiak grabatu eta gero, CD multimedia egin zuten Tiobibo Azpeitiko musika taldearentzat. Aurpegia eta Piztiak abestien bideoklipak, kantuen letrak eta grabazioko argazkiak biltzen zituen CDak. Berdejoren ustez, "elementu berri bat sartu genuen, iluminazioa, eta hori kontrolatzea asko kostatu zitzaigun. Are gehiago, ez dakit guztiz kontrolatzera iritsi ginen".

Martxoan Cronos izeneko film laburra errodatzen hasiko dira. Proiektu hori gauzatzeko eguraldi ona behar dute, eta hortxe dabiltza taldekideak, Meteosateko iragarpenei begira. Izan ere, filma desertu batean dago kokatuta eta, horregatik, Arkatxoneko (Frantzia) Pila dunara joango dira. Berdejok dauka kokalekua aukeratu izanaren zergatia: "Gure asmoa Marokora joatea zen baina kalkulagailuak ezezkoa eman zigun...". Imanol Uriberen partaidetza izango dute. Aurrera begira, ez dute film luzeak egiteko aukerarik ikusten. DVDa zeluloidera pasatzea minutuko 450 euro kostatzen da, eta hori 30 euroko filmak egiten dituen taldearentzat gehiegi da.

FITXA TEKNIKOA
Sorrera
- 1999 urtea
Filmografia
- Recordman (1999-2000)
- Bazkaria poxpolotan (2000-2001)
- Bailara (2002-2003)
- EHNAren aldeko lehen iragarkia (2002)
- EHNAren aldeko bigarren iragarkia (2004)
- Tiobiborentzako CD multimedia (2004)
- Cronos filmatzen hasiko dira martxoan
Taldeko kideak
- Netzer Bereziartua
- Jon Berdejo
- Karlos Ibarbia Itziar Arratibel

uztarria.com: Uztarria Komunikazio Taldea
Perez Arregi 1 behea 20730 Azpeitia
Harremanetarako: formularioa, e-posta: uztarria[a bildua]uztarria.com telefonoa: 943150358
Babesleak: Azpeitiko Udala, Gipuzkoako Foru Aldundia eta Eusko Jaurlaritza (Kultura)
Sareko Argia 2005 - Estatistikak

Uztarriak ez du bere gain hartzen webgunean adierazitako esanen eta iritzien erantzukizunik
Parte hartzeko arauak