Uztarria.com, Azpeitiko ataiye 2008ko uztailek 24,  OSTEGUNE

Hemen zaude: Azpeitiko ataiye »  Aldizkaria »  2007 »  Martxoa »  Guillermo Aizpuru

 ALDIZKARIA

 ORRI HAU...

 

Guillermo Aizpuru - gudaria Espainiako Gerran

Guillermo Aizpuru: "Estatu Nagusiko transmisio sarjentu izendatu ninduten"

Maider Zendoia

Guillermo Aizpuru *Organeikue* 1917ko urriaren 2an jaio zen Azpeitian. Espainiako Gerra hasi zenean 18 urte zituen eta Lekeitio aldera ihes egin zuen aitonarekin eta aitarekin batera. Boluntario aurkeztu zen Eusko Gudarostean, eta elektronika eta irrati kontuetan espezializatu zen hasieratik. Bere abilezia ikusita, Iurre-ko Estatu Nagusira bidali zuten eta han transmisioetako sarjentu izatera iritsi zen. Laredon (Espainia) atxilotu zuten 1937ko abuztuan eta, ondoren, zortzi urte egin zituen preso. Gaur egun 90 urte ditu eta Irunen (Gipuzkoa) bizi da.

 
Garai latzak
Garai latzak.  Familia sakabanatuta. Gerra hasi bezain laster antzeman Aizpuruk gudaren eragina. Aitona eta aitarekin ihes egin ondoren Lekeitiora jo zuten. Handik aita (Felix Aizpuru) Frantziara joan zen eta aitona (Remigio Aizpuru) Hondarribira. Guillermo preso hartu zuten. Gerraren atzaparrek etxekoak ere ez zituen bakean utzi; Azpeitian geratu ziren ama eta arreba, baina herria utzi eta Donostiara joan behar zian zuten bizitzera.  
Gerra kontuak
Gerra kontuak.  Anai arteko borroka. Gerra garaiko gertaerek ezabatu ezin diren arrastoak uzten dituzte urteetara. Eta ez da gutxiagotarako; Gillermo Aizpuruk pasdizo gogor baten testigantza izan zuen orduan. Tercio San Ignacio-k Peña Lemonan egindako erasoan, Aizpururen bataloi kide zen Compagillo-ren anaik erreketeekin ari ziren borrokan, eta beste biak, berriz, Eusko Gudarostearekin. Potxin - Compagilloren anaia erreketea - trintxeran zaurituta aurkitu zuen Tomas Alegria kapitainak zuzendutako batailoiak. Agustin Eriz -batailoi horretako kidea- gerturatu zitzaionean, Potxin tiroka hasi zitzaion. Orduan, Erizek Potxin tiroz hil eta sakelako diru zorroa kendu zion. Taldera itzultzean, azpeitiar baten diru zorroa erakutsi zuen Erizek, eta Guillermok segidan jakin zuen Compagillo-ren anaiarena zela (barruan zegoen argazki batean azaltzen zen). Gertatutako azaltzean Compagillo-k honakoa esan zien: "Ni han egon izan banintz, neronek hil beharko nuen". 
Mehatxua
Mehatxua.  Frantziara alde egiteko gonbitea. Guerrilleros de Cristo Rey taldeak eskutitz bidez mehatxatu zuten Guillermo Aizpuru. Etxera bidalitako idatzi batean, ondorengoa adierazi zioten: "Desagertarazi beharreko 346 pertsonako zerrendan zaude. 'Kolpe' bat gertatzen bada, zure emaztearekin Frantziara joan zaitez segundu bat ere galdu gabe. Aholku bat da... 'Nobleza Oblia'. Guillermo Aizpuruk orain barre egiten du pasadizo hura gogoratzean, baina argi dauka gerran ondorengo urteetan ez zela erraza izan bizimodu normalari eustea.  
Preso
Preso.  Kontzentrazio esparruak. Aizpuru 1937ko abuztuaren 26an atxilotu zuten. Larodoko (Espainia) kontzentrazio esparrura eraman zuten aurrena, handik Logroñora eta Burgosera (Espainia). Herrira itzuli ondoren, berriro ere hartu zuten preso baina oraingo honetan Batallón Disciplinario de Soldados Trabajadores-era eraman zuten. Gogorra egin zitzaion hango denboraldia, lan gogorrak egiz zituelako. Herrerako (Donostia) Ingeneritza Parkean eta Gazteisko 46. artilleria erregimenduan aritu zen.  
Azpeitiko okupazioa
Azpeitiko okupazioa.  Txostenak. Gillermo Aizpuru Estatu Nagusiko transmisio sarjentu izendatu zuten. Irrati bidez entzundako informazioarekin idazten zituen Aizpuruk etsaiaren inguruko txostenak. Irudian, Gipuzkoako kanpainan erabilitako mapa ikus daiteke. Bistan denez, Bidania aldetik sartu ziren erreketeak Azpeitira.  

Nola gogoratzen dituzu Espainiako Gerra atariko egunak?

Gerra hasi zenean, 18 urte nituen eta gerra Azpeitira iritsi baino bi edo hiru egun lehenago joan ginen Lekeitiora aitona, aita eta hirurok. Familiako organegia konfiskatu egin ziguten; incautacion de responsabilidades politicas deitzen zioten horri. Ni boluntario aurkeztu nintzen Eusko Gudarostean eta Larreako Batailoiko kide egin nintzen. Barku batetik ostutako bederatzi emisore zituzten Iurren eta tramankulu haiek martxan ezin jarrita zebiltzan. Ahal nuen moduan saiatu nintzen haiek martxan jartzen eta, denbora gutxian, nire taldekideei irakasten jarri ninduten. Azkenean, Iurreko Estatu Nagusiko transmisio sarjentu izendatu ninduten.

Hortaz, etsaiak egiten zuenaren berri ematea zen zeure eginbeharra, ezta?

Nazionalek zituzten emisore berak genituenez, haiek esandako guztia entzuten genuen. Sarritan izaten genuen egin behar zutenaren berri. Gainera, beraiek ezkutuko koderik gabe hitz egiten zuten edozertaz; guk, aldiz, zenbakietan oinarritutako kodeak erabiltzen genituen komunikatzeko. Gainerakoan, haien eta gure armamentua ez zegoen konparatzerik!

Eusko Gudarosteak ba al zuen zereginik Francoren tropek zituzten baliabideen aurrean?

Nik behin ere ez dut ikusi Euskal Herrian egin zen bezalako gerra bat: Eibartik Bilbora 44 kilometro inguru daude, eta distantzia horretako fronteak egiteko hiru hilabete behar izan zituzten erreketeek. Egunez erreketeek erasotzen zuten, baina gauez kontraerasoak etortzen ziren. Erreketeek zituzten artileria eta abiazioa izugarriak ziren. Beraz, ez zen nolanahikoa izan Bilbo eta Eibar artean egindako lana.

Gerra hasi eta urtebetera atxilotu zintuzten, 1937ko abuztuan.

Atxilotu ondoren, kontzentrazio esparruetara eraman ninduten. Bilbo nazionalen esku zegoen 1937ko ekainaren 19az geroztik eta ni urte bereko abuztuan atxilotu ninduten. 1937ko abuztuaren 26tik 1939ko maiatzaren 29ra arte egon nintzen preso kontzentrazio esparruetan. Han lizentziatu egin ninduten eta Azpeitira itzuli nintzen, baina herrian denbora gutxi neramala, berriz ere deitu egin ninduten Batallon Disciplinario de Soldados Trabajadores-era joateko. Hura askoz ere okerragoa izan zen, bertan nengoela errepideak eta horrelako lanak egin behar izan bainituen. Guztira, zortzi urte igaro nituen preso.

Zer moduz kontzentrazio esparruetan?

Haietan batera egondako azpeitiarrak baditut gogoan: Antonio Konfites, Justo Larrañaga eta beste hainbat. Kontzentrazio esparruetan ez genuen lanik egin eta, egia esan behar bada, nahiko tratu ona eman zigutela deritzot.

Handik Azpeitira itzultzean, nola hartu zintuzten herritarrek?

Kontzentrazio esparruak bertan behera geratu zirenean, etxera itzuli ginen. Egun batean udaletxera joan nintzen eta han ostikadaka hartu ninduten; Guardia Zibilaren kuartelera joateko agindu zidaten. Gerra ondorena gogorra izan zen. Nik ez nuen zorigaitzik pasatu baina mila gauza gertatzen ziren egunero.

*Eta gero berriz ere preso Trabajadores-etara?*

Bai. Donostiara Herrerako Ingeniaritza Parkera bidali ninduten gotorleku bat eraikitzera 1938an. Geroago, errepideak ere eraiki genituen. Batallon Disciplinario de Trabajadores-etan egotea oso gogorra zen, lan gogorrak egitea tokatzen zitzaigulako. Handik Gasteizko 46. artilleria erregimentura bidali ninduten. Preso nengoela irabazi nuen nire lehen soldata. Irratiak konpontzen oso trebea nintzen eta, ondorioz, beti ematen zidaten konpondu beharreko zerbait.

Gerra ondoren, nola egin zenion aurre bizimodu berriari?

Batallon Disciplinario de Trabajadores-etik atera nintzenean, Donostira joan nintzen bizitzera. Ama eta arrebak han zeuden, eta nik organegia saltzea erabakinuen. Donostiatik Hondarribira mugitu eta han hotela zabaldu genuen. Baina ez ziren urte errazak izan. Aitzakia bat edo beste ahotan hartuta hotela hiru aldiz itxi ziguten. Gainera, Meliton Manzanas ospetsuak bi aldiz atxilotu ninduen nire historiala zela-eta. Hondarribitik Donibane Lohitzunera joan nintzen organoak konpontzera 1949 aldera, handik Parisera 15 egunerako eta, azkenik, Alemaniara.

Badira bueltak...

Alemaniatik Erromara joan nintzen, Iglesia Española de Montserrateko organoa konpontzera. Han nengoela Arteaga kubatar kardinala etorri zitzaidan, Kubara joan nahi al nuen galdezka. Handik egun gutxira, aldiz, Spellman amerikar kardinalak proposatu zidan Ameriketako Estatu Batuetara joateko. Nik erantzun nien agiriak aurrena prestatzen zituen herrialdera joango nintzela eta horrelaxe erabaki nuen Kubara joatea. Bertan pasatu nituen zazpi urte (1950-1957).

Herrira bueltatzeko gogorik ez al zenuen?

Habanatik Euskal Herrira etorri eta ezkontzea pentsatu nuen. Hori egin baino egun batzuk lehenago, Jose Antonio Agirre lehendakariarekin egin nuen topo Habanan. Agirre lehendakaria nigana etorri zen eta berekin argazkia atera nahi nuen galdetu zidan. Nik esan nion ilusio handia egiten zidala, eta halaxe atera genuen argazkia. Ni traje zuri batekin eta hura urdin kolorekoarekin; benetan dotore atera ginen biok. Argazki hura hedabideetan argitaratu zuten gero eta Madrilera Barajasera iritsi nintzenean polizia zain neukan.

Horregatik?

Agirrerekin ateratako argazkia erakutsi zidaten eta ziegara sartu ninduten. Han barruan biluztu egin ninduten eta poliziak honokoa esan zidan: "Aizpuru, denbora gutxian izango haiz gurean, arma boteretsuegia baituk ziegan jarraitzeko". Ni zur eta lur geratu nintzen eta armarik ez nuela adierazi nion. “Lurrera begira ezak!”, hark. Orduantxe konturatu nintzen biluztean beti soinean eramaten nuen arrosarioa erori zitzaidala lurrera. Hurrengo egunerako kalean nintzen.

Geroztik Irunen bizi zara. Zer pentsatzen duzu Euskal Herriak bizi duen egoeraz?

Fidel Castrok Kubako iraultzan esana gogoan dut: "Armak zertarako, herria edukita? Demokraziari, demokrazia handiagoarekin aurre egin behar zaio". Baina oraindik uniformea ez du kendu Castrok... Indarkerian oinarrituta ezin da demokrazia eskatu. Denok elkarrekin bizitzen ikasi behar dugu, eta zure etsairik handiena lagun bilakatzen jakin behar duzu. Horixe da bizimodu honen gakoa.

uztarria.com: Uztarria Komunikazio Taldea
Perez Arregi 1 behea 20730 Azpeitia
Harremanetarako: formularioa, e-posta: uztarria[a bildua]uztarria.com telefonoa: 943150358
Babesleak: Azpeitiko Udala, Gipuzkoako Foru Aldundia eta Eusko Jaurlaritza (Kultura)
Sareko Argia 2005 - Estatistikak

Uztarriak ez du bere gain hartzen webgunean adierazitako esanen eta iritzien erantzukizunik
Parte hartzeko arauak