|
|
|
Etxetik kanpoko ere langilea
Enekoitz Esnaola
Concepción Caballerok 33 urte egin ditu udaletxean garbitzaile, 44 etxetik kanpoko lanetan, eta orain hartu du erretiroa
|
|
|
|
|
|
|
|
Concepción Caballero lankideekin, laneko azken egunean, udaletxean.
|
|
Orain dela 44 urte Azpeitian ez ziren emakume asko ariko lanean euren etxetik kanpo. Ez zegoen gaurko kulturarik. Concepcion Caballero lanean zen. Emakumeen artean, Caballero salbuespenetakoa
orduan. Orain hartu du erretiroa. 44 urte egin ditu lanean; horri gehitu etxekoa.
Badajoztik (Espainia) etorri zen mutil-lagunarekin eta dirua behar zuten. “Valle de la Serenakoak gara biok eta 1963an Azpeitira etorri ginen, neuk 20 urte nituela. Ordurako ahizpa hemen neukan eta haren etxera etorri nintzen. Orain neure senarra denak
orduan izeba bat zeukan Azpeitian eta hura, izebaren etxera.
Urtebetera ezkondu ginen
—Valle de la Serenara joan ginen horretaraxe—, Azpeitian etxean sartu ginen eta, jakina, dirua behar nuen”, dio Caballerok. “Hemen lana bazegoen, baina jendeak lan mota batzuk ez zituen egin nahi: udaltzain...”.
Azkeneko 33 urtean udaletxean jardun du, garbitzaile. “Aurretik pare bat urtean Silvestre Otamendi zenaren etxean jardun nuen lan berean, hura alkatea zela, eta hark esan zidan bazegoela garbitzaileen beharrik udaletxean. Halaxe sartu nintzen”.
1974a zen. “Ez dago konparatu ere egiterik orduan udaletxean zegoen antolakuntza eta gaurkoa. Garai hartan solairu bakarrean zegoen dena; orain, berriz... Orduan zenbat ginen ba lanean? Gutxi. Orain... Garbitze lanetan, esaterako, lau ginen, eta orain, neuk utzi arte, hamar”. Izan ere, asko ugaritu zaie lana: lehen udaletxea eta eskolaren bat garbitzen zuten eta gaur, udaletxea ez ezik, beste 25 bat eraikin: eskolak, Izarraitz frontoia —lehen ez zen Udalarena—, kiroldegia eta halakoak, Urrestillako lokal batzuk tarteko.
SOLDATA: 4.000 PEZETA. Concepcion Caballeroren udaletxeko hileko lehen soldata: lau mila pezeta hilean. Egunean lau ordu lan eginez hasi zen.
Hamar bat urtean jardun zuen egun erdiz lanean udaletxean. Harrezkero, egun osoz, azkenean garbitzaileen arduradun bukatzeraino. “Beti giro ona izan dut han. Familia bat bezalakoa izan gara. Nire senarren eta hiru seme-alaben ondoren, udaletxekoa izan da nire familia”. Kontratu finkoa zeukan baina ez zuen funtzionari
izateko sinatu, lehenago hartu nahi zuelako erretiroa. Hartu du.
Asko dira 33 urte. “Baina ez pentsa aparteko gauzarik gertatu zaidanik udaletxean. Nik neurea egiten nuen eta kito. Politikarien gelara sartzen nintzenean, euren artean laneko aipamenak-eta egiten aritzen zirenean, egia esan, ez nuen entzuten zer esaten zuten. Profesionala izan naiz. Jakin-mina denok izaten dugu, ea zer dioten, zer jakiten dudan, baina ni lanean ari nintzela neure munduan egoten nintzen. Eta politikari denak-eta berdin tratatu izan ditut”.
Mahai gaineko paperei ere ez zien erreparatzen. “Pentsa, lehen ez zegoen ordenagailurik eta
halakorik, eta papera izaten zen... Artxiborik ere ez zegoen hasiera haietan. Dena den, nik dakidala, ez nuen deskuiduan dokumenturik zakarrontzira bota; inor ez
zitzaidan kexatu, behintzat”.
Udaletxean egindako 33 urteetan, 18 urtean Jose Mari Bastida alkate izan zen. “Goizeko zazpi eta erdietan hasten nintzen lanean eta, lehendabizi, Alkatetzako gela garbitzen nuen. Izan ere,
politikarien gelen artean bertan mugitzen da jende gehien, normala den bezala, bilera gehien hor izaten direlako. Beraz, logikoa da tratua izatea horrenbeste urtean alkate izan denarekin. Ondo moldatu nintzen”.
Behin fabore ederra egin zion Bastidari. “Uste dut bera alkate jarri eta segituan gertatu zela [1985eko urtarrilaren 10ean izendatu zuten, Imanol Eliasen partez]. Udaletxe barruko giltzak bazituen hark baina artean atariko giltza ez, eta behin barruan geratu zen, bakarrik, irten ezinda. Lanean geratuko zen barruan, eta baten batek udaletxea itxi, inor ez zegoelakoan. Arratsaldea zen
eta udaletxera sartu nintzen garbitze lanetara, han zegoen Bastida eskailera batzuetan eserita. Nonbait, telefonoz deitzeko aukerarik ere ez zuen izan, eta orduan artean mugikorrik ez zegoenez...”.
Concepcion Caballerok ez zuen giltza faltarik izan, ez, lanean. Ehun giltza izatera heldu zen: Udalaren eraikin denetakoak,
udaletxeko geletakoak... Giltza bakoitzari seinalea jartzen zion, zehatz-mehatz jarri gabe bakoitza nongoa zen, jendeak ez jakiteko, galduz gero. “Nahiago nuen txanponen kartera galtzea, giltzak baino”. Hain ondo ezagutzen zituen giltzak, “neurriagatik, formagatik...” ezagutzen zituela. “Elektrikaria etortzen zela halako giltza eske? ‘Hartu hau’, segituan. Iturgina etortzen zela? ‘Hartu hau’. Betharrametakoa behar zutela? ‘Hartu hau’”. Kopiarik ez zeukan batere. Ez zuen galdu, ordea, giltza bakar bat ere. Udaletxe kanpoko eraikinetakoak giltzapean gordetzen zituen udaletxean bertan. “Besteak etxera ekartzen
nituen. Hura zen pisua!”.
|